Atzerritarren Banaketa Espainian: Eragin Demografiko, Ekonomiko eta Sozialak

Geografia7,65 KB

Espainiako Lurraldeetara Etorritako Atzerritarren Mapa

Atzerriko Immigranteen Lurralde Banaketa

Espainian, atzerritarren banaketa modu desorekatuan egiten da. Jomuga nagusiak hiriguneak eta zerbitzugune handiak diren autonomia erkidegoetako probintziak dira (Katalunia, Madril, Andaluziako kostaldea, Valentziako Erkidegoa, Murtzia, Balearrak eta Kanariak), atzerritarrek lurralde horietan lana errazago aurkitzen baitute.

Ehuneko Handiak eta Ertainak Dituzten Probintziak (% 10etik Gora)

Madril eta Kataluniako erkidegoak dira atzerritarren ehuneko handienak dituztenak, bertan kokatzen baitira lanpostu gehien sortzen duten Espainiako bi metropoli handienak:

  • Bartzelona eta Madril finantza eta negozio gune garrantzitsuak direnez, lan eskari handia dute, batez ere zerbitzuen sektorean; horregatik, bertan bizi dira Europar Batasuneko hiritar atzerritar gehienak.
  • Iberoamerikarrak eta afrikarrak oso ugariak dira bi erkidegotan, atzerritar guztien bi herenak biltzen dituzte eta; Kataluniaren kasuan, afrikarrak iberoamerikarren bikoitza dira. Bai amerikarrek, bai afrikarrek ere, hirugarren sektorean bilatzen dute lana; hala ere, afrikar kopuru handiak aritzen dira nekazaritzan eta eraikuntzan.
  • Europako ekialdeko immigranteak eta Asiakoak gutxi dira beste atzerritar taldeekin konparatuz. Madrilen kokatzen dira europarrak, hauen lanbide nagusia eraikuntza delarik, eta Katalunian, asiarrak, etxeko zerbitzu lanetan arituz batez ere.

Probintziaka, Katalunian, Girona da atzerritarren portzentaia handiena agertzen duena; herena marokoarrak dira, ondoren, EBko hiritarrak eta, horien atzetik, iberoamerikarrak daude. Lleidak ere atzerritarren zifra handiak aurkezten ditu, non gehienak nekazaritza jarduerekin lotuta dauden.

Levantearen eta Andaluziako Kosta Mediterraneoan

Castelló, Alacant, Murtzia, Almeria eta Malagako probintziak dira ehuneko handienak dituztenak:

  • Klimaren gozotasunak erakartzen dituen EBko atzerritarrak oso ugariak dira esparru honetan.
  • Afrikarrak ugarienak dira (Andaluzian bizi diren atzerritarren herena dira), horietako gehienak nekazaritza intentsiboko lanetan aritzen dira.
  • Iberoamerikarrak Alacanten kontzentratzen dira eta Europa ekialdekoak Castellón eta Valentzian. Gehienak eraikuntzan eta turismoan lan egiten dute.
  • Atzerritarren ehuneko altuenak Alacanten, Almerian eta Malagan daude. Europa Batasuneko atzerritarrak dira, gehienak britainiar eta alemaniar jubilatuak.
  • Murtziako erkidegoan, atzerritarren portzentaia handia da, gehienak iberoamerikarrak (Ekuador eta Kolonbiakoak) dira, bigarren mailan marokoarrak daude. Gehienen lanbidea nekazaritza da eta, hein txikiagoan, zerbitzuen sektorea (ostalaritza).

Kanariar Uharteak eta Balear Uharteak

Kanariar eta Balear Uharteek ere atzerritarren portzentaje altuak dituzte:

  • Irletan, EBko atzerritarrak (alemanak eta britainiarrak) ugarienak dira, jubilatu eta gero bertan egoitza finkatu dutenak. Zerbitzuen sektoreak, aldiz, Europaz kanpoko etorkinak erakartzen ditu: Kanariar irletan iberoamerikarrak dira ugarienak (batez ere kolonbiarrak eta kubatarrak), Balearretan afrikarrak dira ugarienak.

Gaztela-Mantxa eta Ebro Harana

Gaztela-Mantxak eta Ebro Haranak ere atzerritarren ehuneko garrantzitsuak dituzte. Jarduera ekonomikoen deslokalizazioa dela eta, Madril inguruko probintziek –Guadalajara, Toledo, Cuenca eta Segovia– etorkin ugari erakartzen dute; Aragoin, hiru probintziek –Huesca, Zaragoza eta Teruel– zifra handiak dituzte, bertako atzerritar gehienak Zaragozako zerbitzuekin eta beste bi probintzietako nekazaritza jarduerekin lotuta daudelarik; Nafarroan eta Errioxan, atzerritar gehienak hirietan kokatzen badira ere, nekazaritza inguruetan kopuru garrantzitsuak daude, bertako nekazaritza moderno eta lehiakorrak sortutako enplegu aukerak handiagoak dira eta. Hiri inguruetan finkatu diren atzerritarrek, ostalaritzan, merkataritzan, eraikuntzan eta etxeko lanetan lan egiten dute.

Ehuneko Baxuak eta Oso Baxuak Dituzten Probintziak (% 10etik Behera)

Bi azpitalde:

  • Ehuneko baxuekin (% 6 - % 10): Galizia (Ourense ezik); Bizkaiko Golkoko probintziak; Gaztela eta Leonen, Avila, Salamanca eta Valladolid; Gaztela-Mantxan, Ciudad Real eta Albacete; Andaluzian, Granada eta Huelva.
  • Ehuneko oso baxuak (% 6tik behera): Gaztela eta Leonen, Palentzia eta Zamora; Extremadura; Andaluzian, Jaen, Kordoba, Sevilla eta Kadiz.

Lurralde hauetan ikusten diren etorkinen zifra apalak aipatzeko garaian, honako hauek aipatu behar dira:

  • Probintzia batzuen ardatz ekonomikoa, oraindik, nekazaritza modu tradizionalarekin lotuta dago, teknifikazio maila eskasa, errentagarritasunik eza eta lehiakortasunik gabe, alegia. Kasu batzuetan, Galizian bezala, gehiegizko minifundismoak oztopatu du nekazaritza lehiakor baten agerpena, eta beste batzuetan berriz, Extremadura, Andaluziako Guadalquivir Harana eta Gaztela eta Leongo hainbat probintzitan adibidez, (Zamora, Salamanca eta Palentzia) ohiko nekazaritza estentsiboaren nagusigoak despopulazio prozesua ondorioztatu du.
  • Zona hauetan, Sevillan, Cadizen eta Asturiasen salbu, industria gutxi garatuta dago eta, orokorrean, zerbitzuen sektorea beste lurraldeetakoa baino gutxiago garatu da.
  • Cadizen eta Asturiasen, industria sektore helduek –siderurgia eta ontzigintza, batez ere– izan duten krisiak eta ondorengo berreraiketak lanpostuak galtzea eta migrazio saldo negatiboen etengabeko egoera azaltzen dituzte.

Immigrazioaren Ondorioak

Ondorio Demografikoak

Immigranteek Espainiako hazkunde demografikoan modu erabakigarrian lagundu dute azken urteetan, zuzenean zein jaiotza tasa handiagoaren eraginez. Horri esker, beherakada demografikoa saihestu da, batez ere, berezko hazkunde negatiboa duten autonomia erkidegoetan.

Ondorio Ekonomikoak

  • Immigrazioak biztanleria aktiboa ematen du, lanik gogorrenak eta gaizki ordaindutakoak egiten baitu, BPGa handiagotzen laguntzen du; hezkuntzak eta osasunak kontsumitzen duten dirua baino gehiago ematen dute, eta pentsioetan dagoen gastu handiaren zama arintzen dute. Horrez gain, immigranteek etxeko zerbitzuak egiten dituzte, eta, horri esker, Espainiako familien jarduera tasa handiagotu daiteke, batez ere emakumeen kasuan.
  • Immigrazioa arazo batzuekin dago lotuta, hala nola lehiakortasuna galtzea, soldaten gain beherantz egiten den presioa, Espainiako langileen mugikortasun geografiko urria, eta kanpoko defizita handiagotzea, jatorriko herrialdeetara bidalitako diruaren eta inportatutako ondasunak (hala nola automobilak) kontsumitzearen eraginez.

Gizarte Ondorioak

  • Sektore batzuetan jokabide xenofobo edo arrazistak sortu dira. Horien ustez, immigrazioa inbasioa da, eta lana lortzeko lehia da, gizarte baliabideak kontsumitzen ditu Espainiako biztanleriaren ongizatearen kaltetan, eta nazio identitatea mehatxatzen da eta horien eskubideak murrizten dira, immigrazioa areagotu dezakeen <<dei-efektua>> saihesteko.
  • Immigrante askok lan baldintza gogorrak dituzte (soldata txikiak, lanaldi luzeak, asegururik eza) eta bizi baldintza makurrak auzo marjinaletan eta kalitate txarreko etxebizitzetan. Hori dela eta, modu bidegabean eta gehiegikeriaz, hainbat delitu (droga trafikoa adibidez) eta bide txarreko bizimoduak (prostituzioa adibidez) leporatzen zaizkie.
  • Integratzeko zailtasunek, kultura, hizkuntza eta erlijioaren arloko aldeak direla bide, bertako biztanleekin tentsioak piztu ditzakete.

Deskargatu

PDF Word HTML