Aseguru Motak eta Estaldurak
1. Ustekabeko Arriskuak
a. Arrisku Materialak
Ondasun ukigarrietan eragina duten arriskuak dira.
b. Ondare-Arriskuak
Pertsonen ondasun ukiezinetan eragina duten arriskuak dira.
c. Arrisku Pertsonalak
Arrisku hauek pertsonen bizitzan, osasunean, osotasun fisikoan edo psikikoan izango dute eragina.
2. Auto Asegurua
Auto bat gidatzeak eta edukitzeak sor ditzakeen arriskuei aurre egiteko kontratatzen da. Aseguru-produktu ezagunenetako bat da. Horren arrazoia autoentzat derrigorrezkoa dela da.
2.1. Erantzukizun Zibila
Pertsona batek autoarekin istripu bat duenean, besteen aurrean izan dezakeen erantzukizuna estalita egoteko bermea da. Auto guztiek, gutxienez, derrigorrezko erantzukizun zibila kontratatuta izan behar dute.
2.2. Gainerako Estaldurak
Estalduren artean:
- Bidaiarien bermea.
- Kalteen defentsa eta erreklamazioa.
- Bidaia-laguntza.
- Lapurreta.
- Sutea.
- Beiren edo kristalen haustura.
- Berezko kalteak:
- Hirugarrenen aurkako asegurua (seguro a terceros)
- Hirugarrenen aurkako asegurua, osagarriekin (terceros combinados)
- Edozein arriskuren aurkako asegurua (a todo riesgo)
3. Arrisku Anitzeko Aseguruak
Arrisku materialei aurre egiteko kontratuak izaten dira. Pertsonen ondasun materialetan eragina duten arriskuak.
Adibidez: Etxe batek jasan ditzakeen arriskuak: Lapurreta, sutea, uholdea, itoginak, kristalen haustura, gonbidatuek jasan ditzaketen istripuak, etab. Horiek guztiek ondorio negatiboak ekar ditzakete jabearentzat.
Lehen, horrelako ezbeharrei aurre egiteko, aseguru-entitateek arrisku bakoitzerako produktu espezifikoak garatzen zituzten. Horrela, lapurreta-aseguruak, sute-aseguruak, urak eragindako kalteen aurkako aseguruak, etab. agertzen ziren.
Nahiz eta aseguratzeko modu hori oraindik posible izan, merkatuaren egoerak produktu berriak sortzea eragin du. Produktu berri horien bidez, pertsonen ondasunen kalteei aurre egiteko erantzun globalak eman nahi dira.
3.1. Arrisku Anitzeko Aseguru Motak
- Etxebizitza
- Dendak edo komertzioak
- Komunitateak
- Enpresa txiki eta ertainak
- Industriala
Arrisku anitzeko poliza guztietan, berme batzuk oinarrizkoak dira, eta, beraz, derrigorrezko kontratazioa eskatzen dute. Beste batzuk, berriz, aukerakoak izango dira.
4. Erantzukizun Zibileko Aseguruak
Edozein ezbeharrek kalte eragindako pertsonei konpentsatzea izango da helburua, erantzukizuna edo errua polizaren aseguratuarena baldin bada. Beraz, hirugarren pertsona batek konpainiaren aseguratu bati erantzukizuna eskatzen badio, eta benetan erantzule baldin bada, konpainiak indemnizazioaren ordainketa bere gain hartuko du.
4.1. Erantzukizun Zibil Motak
a. Erantzukizun Zibil Orokorra
Pertsona bakoitzaren bizitza pribatutik sor daitezkeen arriskuak, hirugarren pertsona bati arazoren bat eragin diezaioketenak.
b. Ustiapeneko Erantzukizun Zibila
Lan bat egiteagatik sortzen dena.
c. Patroi-Erantzukizun Zibila
Langile batek istripu bat izatea makineriaren egoera txarragatik.
d. Produktu-Erantzukizun Zibila
Bezeroei egindako lanengatik sortzen den erantzukizuna.
5. Istripu eta Bizi Aseguruak
5.1. Bizi Aseguruak
Arrisku pertsonalei aurre egiteko garatzen diren produktuak dira. Bereziki, hiltzeko edo ezgaitu geratzeko arriskuak aipatzen dira.
Bizi-asegurua kontratu bat da. Horren bidez, aseguru-konpainia aseguratuak esleitzen dituen onuradunei itundutako diru-kopuru bat ordaintzera konprometitzen da, aipatutako aseguratua hiltzen bada eta kontratua indarrean baldin badago.
Mota honetako kontratuen oinarrizko bermea gerta daitekeen heriotza baten estaldura da. Bizi-aseguruaren berme osagarriak agertzen dira.
Berme osagarriak: Aseguratuak kontratatzea erabakitzen dituen estaldurak dira. Borondatezko kontrataziokoak dira. Garrantzitsuenak hauek dira:
a. Ezintasunaren Bermea
Konpainiak, aseguratua ezgaitu edo elbarri geratuz gero, indemnizatu egingo du.
b. Istripuagatiko Kapital Bikoitzaren Bermea
Aseguratua istripuz hiltzen bada, onuradunei itundutako indemnizazioaren bikoitza emango die.
c. Zirkulazio-Istripuagatiko Kapital Hirukoitzaren Bermea
Aseguratua zirkulazio-istripuz hiltzen bada, itundutako indemnizazioaren hirukoitza ordainduko die.
d. Gaixotasun Larrien Bermea
Aseguratuak larritzat hartzen den gaixotasun bat pairatzen badu, kapitalaren zati bat hil aurretik ematera konprometitzen da.
5.2. Istripu Aseguruak
Aseguru-konpainia, poliza indarrean egonez gero, aseguratua istripu baten ondorioz hiltzen bada, berak esleitutako onuradunei diru-kopuru bat ordaintzera konprometitzen da.
Bizi-aseguru bat dela esan dezakegu, baina heriotza gaixotasun baten ondorioz edo arrazoi naturalen ondorioz alde batera uzten duena.
Istripu-aseguru askok ezintasun iragankorraren estaldura kontratatzea eskaintzen dute. Horren bidez, ezintasunak irauten duen bitartean eta, beraz, lan egitea posible ez den bitartean, aseguratuak egunero diru-kopuru bat kobratzeko eskubidea izango du.
6. Jubilazio Planak
Kontratuak dira, eta horien bidez aseguru-konpainiak, kontratuaren epemuga iristean aseguratua bizirik baldin badago, aldez aurretik itundutako kapital bat ordainduko dio. Kontratuaren epemuga baino lehen aseguratua hiltzen bada, hark izendatutako onuradunei ordaindutako primak itzuliko zaizkie.
Jubilazio-plana epe luzerako aurrezki-formula bat da. Aseguratuak aseguru-konpainiari diru-kopuru bat ordaintzen dio, eta entitateak, kontratua bukatzean, ordaindutako diru-kopuru guztiak gehi eskainitako errentagarritasun batek osatzen duten kapitala bermatzen du.
Nahiz eta jubilazio-plana deitu, epemuga ez da pertsonaren erretiro-data zertan izan.
7. Pentsio Planak
Epe luzera aurreikusten den aurrezki-formula bat dira. Helburua erretiroan (65-67 urte) gertatzen den diru-sarreren murrizketa leuntzea izango da.
Kontratuak dira. Horien bidez, pentsio-planen entitate kudeatzaile batek pertsona bati, erretiro-adina betetzean, kapital bat ordaintzera konprometitzen da. Pentsio-planen partaideak jasoko duen kapitala, erretiroaren ordua iritsi arte emandako diru-kopuru guztiak gehi iraun duen bitartean lortutako errentagarritasuna izango da. Planaren epemuga baino lehen hiltzen bada, izendatutako onuradunek une hori iritsi arte metatutako kapitala kobratuko dute.
Kontratatzen diren moduaren arabera hiru pentsio-plan mota daude:
a. Banakako Pentsio Planak
Pertsona bakoitzak, bere erabakiz, kontratatzen dituenak dira.
b. Taldeko Pentsio Planak
Talde batek, interes komun bat izanda, kontratatzen dituenak izango dira.
c. Enpleguko Pentsio Planak
Enpresek beren enplegatuentzat kontratatzen dituztenak dira.
Pentsio eta jubilazio planen arteko ezberdintasunak:
- Jubilazio-planak erabateko aseguru-produktuak dira. Aseguru-konpainiek garatu eta eskaintzen dituzte, eta aseguruaren arauek erregulatuta daude. Pentsio-planetan ez da hori gertatzen. Aseguru-arloko konpainiek ez ezik, beste hainbat entitatek ere eskaintzen dituzte.
- Jubilazio-planen epemuga entitate aseguratzaileak eta aseguratuak itundutako data izango da. Pentsio-planen epemuga partaidearen erretiroarekin bat etortzera derrigortuta egongo da.
- Zerga-tratamendu ezberdina. Jubilazio-planen zerga-abantailak epemugan lortzen dira. Pentsio-planek urtero desgrabatzeko aukera ematen dute.
- Jubilazio-planetan inbertitutako diruak errentagarritasun bat lortuko duela bermatzen dute.
8. Osasun Aseguruak
Pertsonak jasan ditzaketen osasun-arriskuak estaltzeko garatzen dira. Arriskuen jatorria gaixotasunak edo istripuak izan daitezke.
a. Sanitate-Laguntzaren Aseguruak
Aseguru-entitatea, aseguratua gaixorik edo istripu batek eraginda suertatzen bada, sanitate- edo osasun-laguntza ematera konprometitzen da.
b. Gaixotasun Aseguruak
Aseguru-konpainiak aseguratuari, gaixotasun edo istripu bat dela medio, izango dituen gastuak ordainduko dizkio.
9. Beste Aseguru-Produktu Batzuk
Ia guztia aseguragarria dela esan behar da.