Arte Erromanikoa: Testuingurua, Ezaugarriak eta Hedapena
Arte Erromanikoa
Testuinguru Historikoa
- Kronologikoki, X. mende bukaeratik XII. mende hasiera arte garatu zen. Herrialdearen arabera desberdina izan daiteke.
- Arte erromanikoak hiru fase edo aldi ditu:
- Lehenengo fasea: Lehen Erromanikoa edo Erromanikoaren hastapenak (X-XI. mende bitartean, 975-1075). Arkitekturan soilik ematen da. Lehen Erromanikoan ez dago eskultura eta pinturarik. Borgoñan, Normandian, Italia iparraldean eta Katalunian garatutako eskolak.
- Bigarren fasea: Erromaniko betea (Románico pleno) (XI-XII. mende bitartean, 1075-1150). Europa osoan garatu zen.
- Hirugarren fasea: Erromaniko berantiarra (XII-XIII. mende bitartean, 1175-1225).
- Fase hauek ez dira berdinak herrialde guztietan. Batasun edo homogeneotasun bat dago, baina baita aniztasun handia ere.
- Arte erromanikoa ia Europa osoan eman zen: Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Iberiar Penintsula, etab.
Europako Batasun Kultural eta Artistikoa (XI-XII. mendeak)
- Europan, Erromatar Inperioa desegin zenetik, lehenengo aldiz mugimendu artistiko bateratu bat sortu zen, kristautasunak bateratuta.
- Arte erromanikoak izaera erlijiosoa du, eta eraikuntza hauek Elizaren beharrak asetzen dituzte.
- Arte erromanikoa Europan hedatzeko zenbait faktore eman ziren:
- Clunytarren ordena
- Batasun liturgikoa
- Erromesaldiak eta gurutzadak
Gizarte Feudala eta Elizaren Eragina
Europan garatu zen arte erromanikoa XI. eta XII. mendeetan Erdi Aroko gizarteari lotuta dago. Gizarte feudala zen garai hartako gizarte mota: Feudalismoa. Oinordekotzan harturiko eskubideetan (lur-eremu handien jabetza, jopuen bizitza eta lana erabakitzeko ahalmena) oinarrituriko instituzio aristokratiko honen arrimuan, berealdiko indarra hartu zuten nobleek errege botere gero eta ahulagoaren aurrean.
Horren ondorioz, biziki azkartu zen nekazari-giroa hiriaren kaltetan, eta ahuldu zen aurrerakuntza eta lehiarako gogoa. Balio zurrun, higiezin eta eztabaidaezin batzuei eustearren, forma era berean zurrunak eta betierekoan baliotsuak bideratu ziren. Egoera honen erantzule handia izan zen Eliza. Izan ere, Clunyko monasterio-sistemaren garapenari berealdiko bultzada emanez, une oro defendatu zuen espirituaren nagusitasuna munduko beste ezeren gainetik, bai eta kultura, arte eta zientzia haren menpean egon behar zutelakoa ere.
Kultura Feudalaren Ezaugarriak
Norbanakoaren aurkakoa da funtsean kultura feudala; haren araberako pribilegioak ez baitira norberaren ekimen edo gaitasunaren ondorioa, baizik eta, inor halako etxean sortua delarik haren oinordekoa delako, estamentu jakin bateko kidea izatearen ondorioak. Estatus horren alde azaldu ziren une oro pribilegiatuak, euskarria eskaintzen zion gizarte sistema hura eztabaidaezina zelakoan. Halatan, behin eta berriro errepikatu zituzten artean ere forma homogeneo eta estereotipatu berberak.
Clunyko Ordena eta Monasterioen Eragina
Alde batetik, Clunyko ordena eta bere monasterioak Europa osoan eraiki ziren, eta horrela gauzatu zen Kristautasunaren Batasun liturgikoa. Bazter oro zabaldu ziren monasterio hauek, eta ordenaren boterea izugarri handitu ez ezik, biziro azkartu zen ezagutzen transmisioa. Oro har, ikusgarriro hazi ziren fraide-ordenak garai hartan, eta ikaragarria izan zen ordena haiek Goi Erdi Aroko gizartean izan zuten eragina.
Latifundio handien jabe bilakatu ziren monasterioak, eta, horrez gainera, garai hartako ekoizpen-gune bakarrak izan ziren praktikan. Haien lantegietan egiten ziren liburuak, kontsumo-gaiak, artelanak eta beste produktu batzuk. Fraide-taldeak izango ziren, halaber, eraiki beharreko elizetako lanen gidari eta zuzendariak. Horregatik, Erromanikoa monasterio-artea dela esan genezake.
Erromesaldiak eta Donejakue Bidea
Bestetik, Erromesaldiak izan ziren aglutinazio-faktoreak, eta guztien artean Donejakue Bidea. Eragin handia izan zuen ideia, teknika eta, areago, arte-taldeen garapenean eta aurrerapenen trukean, harginen koadrilen bidez.
Bestalde, Europa erreinu eta feudo txikitan hain zatitua zegoenez, ezaugarri nagusiez gainera tokian tokiko ñabardurak eta joerak azalduko zituzten eraikin erromanikoek.