Aristotelesen Teoria Politikoa: Gizatasuna eta Erregimenak
Sarrera: Gizakia, animalia politikoa
Gizakia animalia politikoa da; beraz, gizartean bizitzeko beharra du. Gizartea antolatzeko eran, Platonen eta Aristotelesen ereduak kontrajartzen dira.
Familiaren garrantzia
Aipatzeko lehen puntua familia da. Platonek familia distrakzio bat dela diosku, baina Aristotelesen iritzia guztiz kontrakoa da. Bere ustez, elkarterik berezkoena eta lehenengoa familia da, ostean hauek osatutako auzoa, eta amaitzeko hiria. Beraz, familia garrantzitsua da eta ez da oztopo.
Erregimen politiko egokiena: Politeia
Mazedoniarrak proposatzen duen sistema politikoa errepublika da (Politeia). Bere irizpidea ez datza gobernatzen duen pertsonen kantitatean, garrantzitsua nork eta zertarako den da: herri osoaren interesak defendatzeko.
Demokrazia eta Oligarkiaren kritika
Ondorioz, demokrazia ez da egokia, gehiengoak gobernatu arren haiek pobreak baitira, eta oligarkia ere ez da zuzena, aberatsen gobernua besterik ez delako. Aristotelesek erdiko bidea hartzen du, beti bezala.
Parte hartzeko irizpideak
Politikan aritzen direnak ezin dira ez aberatsegiak ez pobreegiak izan behar; gutxieneko ondasunak eta denbora librea behar dituzte horrela politikan aritzeko. Hau Platonen ondasunen desagerpenari kontrajartzen zaio. Aldi berean, Aristotelesek merezimenduaren araberako parte-hartzea politikan defendatzen du, bertuteak kontuan hartuta eta ez beste irizpide batzuk.
Zuzentasuna eta Etika
Hiriko zuzentasuna lortzeko jarraitu beharreko bideari dagokionez, kontrako irizpideak dituzte ere bai:
- Platon: Intelektualismo etikoaren alde zegoen: ezagutzak bermatzen du zuzen jokatzea.
- Aristoteles: Ezagutzak ez du ziurtatzen zuzentasuna aukeratuko denik, nahimena baita aukeratzen duena eta ez arrazoimena. Ohiturak eta bertute onak erabiliz gara bertutetsu, eta esperientzia oinarrizkoa da horretarako.
Justiziaren definizioa
Justiziari dagokionez, Platonek uste zuen hiria justua zela bakoitzak bere gaitasunaren araberako betebeharrak aurrera eramatean, baina Aristotelesek legezkotasuna eta merezimendua zituen kontuan:
- Legezkotasuna: Legearen arabera bizitzea.
- Merezimendua: Hiritar guztiei tratu berdina ematea merezitakoaren arabera.