Aristotelesen kritika Platonen ideien doktrinari
Errealitatea (Ontologia)
Errealitatea azaltzeko orduan, Aristotelesen eta Platonen planteamenduak desberdinak dira. Platonek defendatu zuen mundu sentikorra ez dela benetako errealitatea. Aristotelesek, aldiz, errealitate substantziala eta errealitate akzidentala bereizi zituen.
Aristotelesek errealitate substantzialaren barnean sartzen ditu, alde batetik, inguratzen gaituen eta zentzumenez hautematen dugun errealitatea, lehen errealitatea edo lehen substantzia, eta bestetik, esentzia unibertsalak edo bigarren substantzia. Errealitate akzidentala da gauzaki zehatzetan bakarrik hauteman daitezkeen ezaugarriak: kantitatea, neurria, kolorea…
Izatez errealitatea den bakarra lehengo substantzia da, eta akzidenteak ez, ezen lehengo substantzian baino ezin dira izan. Errealitatearen barruan lehengo substantzia jartzean, zentzumenen bitartez hautematen dugun zehaztugabeko materia, Platonen idealismoaren aurrean errealismoa aldarrikatu zuen Aristotelesek.
Aldaketa
Nola azaldu mundu sentikorrean aldaketak izatea? Platonen ustez, mundu sentikorra benetakoa ez delako, kopia baizik. Aldaketa azaltzeko, Aristotelesek bere teoria hilemorfikoan oinarritu zen.
Lehenik eta behin, aldaketa zer den zehaztu behar da. Aristotelesen arabera hiru elementu sartzen dira aldaketa-prozesuan: orain dena (oraingo izatea edo forma), aldatzen den gaia (subjektua), eta ez-izate erlatiboa, hau da, izan daitekeena (potentzialitatea). Izakiak ez dira oraintxe direnak bakarrik, izan daitezkeena ere bai.
Beraz, izakiak bi elementuz osaturiko substantziak dira: materia eta forma (hylea). Baina Aristotelesen ustez, formak ez daude materiatik haragoko beste nonbait (Platonen ideien munduan), materia bati era banaezinean lotuta baizik.
Ezagutza (Epistemologia)
Errealitatea ulertzeko era horrek eragina zuzena du ezagutzaren teorian (epistemologian), ezen Platonen ikuspuntutik ezagutza prozesuan esperientzia sentikorra engainagarria eta guztiz baztergarria bada, Aristotelesen ustez, ordea, ezagutza esperientziarekin hasten da, eta, ondorioz, inola ere ez baztergarria, nahiz eta esperientziarekin ezagutza ez den amaitzen.