Aristoteles eta Hilemorfismoa: Platonen Ideien Teoriaren Kritika
Aristotelesen ustez, mundu sentikorra soilik existitzen da; mundu bakar bat existitzen dela, eta hori gure bizilekua den mundua dela. Ideien mundua ez da hemendik at existitzen, baizik eta ideiak mundu honetan daude. Aristotelesen jarrera Platonen idealismoaren aurrean errealista da.
Hilemorfismoa
Existitzen diren izaki guztiak materialak dira eta zentzumenez ezagutzen ditugu. Baina izaki bakoitzak bi atal ditu, bi alderdi nagusi:
- Materia: Ezin da definitu, zeren eta zerbait esaten dugunean definizio hori forma baita. Definiezina da, baina gauza bat errealitatean existitzeko behar-beharrezkoa da. Ez dago forma materiarik gabe, baina ez dago ere materia formarik gabe.
- Forma: Izaki batek dituen ezaugarri guztiak: zer den eta nolakoa den. Izaki bati buruz esan edo pentsa dezakegun guztia. Formaren sinonimoak: idea, esentzia, natura, izpiritua edo ezaugarriak.
Forma guk gure buruan, gure pentsamenduan, "sar" dezakeguna da, ulertu dezakeguna, baina materia ezin dugu gure pentsamenduan "sartu". Bi objektu berdin-berdinek, adibidez bi ikasmahaiak, forma bera dute: biak dira mahaiak eta biek dituzte ezaugarri berdinak, baina bakoitzak bere materia dauka. Materia guztiz banakakoa da, guztiz indibiduala, gauza bakoitzarengan besterik ez dago. Materiak forma ezberdinak hartzen ditu. Forma da materiari ezaugarriak ematen dizkiona, gauza bat edo beste bat izatea egiten diona.
Forma materia baino garrantzitsuagoa da: materia zerbait pasiboa da eta forma jasotzen du; forma, berriz, aktiboa da, eta hau da izakiari ezaugarriak ematen dizkiona, izaera ematen diona. Horregatik esaten da filosofia hau errealismo formalista dela, ez materialista. Materialista batek materia garrantzitsuagoa dela esango luke, baina Aristoteles ez da materialista. Formalismo hau, ideiek azken finean garrantzi gehiago dutela, Platonen eragin argi bat da.
Izatearen Bi Mota Nagusiak
- Sustantzia (esentzia): Aldaezina. Gauza bat zer gauza mota den, zer espeziekoa den.
- Akzidenteak: Izatearen ezaugarri aldakorrak. Aldagarriak diren ezaugarriak dira, esentzialak ez direnak.
Izatearen Aldaketa Azaltzeko
Izatearen Bi Egoera Nagusiak
- Aktoa: Izate batek momentu batean dituen ezaugarriak.
- Potentzia: Izaki batek orain ez dituen, baina etorkizunean izan ditzakeen ezaugarriak. Izan daitekeena.
Aldaketaren Kausak
- Materiala: Aldaketaren arrazoi materiala. Zein materiaz egina dagoen.
- Formala: Itxuraren arabera zer gauza izan ahal den. Zein ideiarekin egina dagoen.
- Eragilea (Kausa Eragilea): Aldaketa sortzen duena.
- Helburuzkoa: Zertarako existitzen den izaki bat.
Platon eta Aristoteles: Arimaren Kontzeptua
Gainera, Platonen ustez arima hilezkorra da eta jaio ginenetik determinatuta dago. Aristotelesen ustez, berriz, arima hilkorra da eta ikaskuntzarekin erlazionatuta dago. Platon arrazionalista eta innatista da, eta Aristoteles enpirista da.