1929ko Kraka eta Depresio Handia: Zergatiak eta Ondorioak
1929ko kraka eta depresio handia
1920ko hamarkadako ekonomia-hazkundea bat-batean gelditu zen 1929an. Urte horretako urrian, New Yorkeko burtsak porrota izan zuen eta, horren ondorioz, Estatu Batuetako inbertsioek eta ekonomia-jarduerak behea jo zuten. Krisia berehala munduko krisi ekonomikoa bihurtu zen.
Burtsaren crackaren zergatiak
New Yorkeko burtsaren gainbeherak, 1929ko crack ospetsuak, krisi ekonomiko larria leherrarazi zuen:
- Industria-sektore tradizionalaren krisia areagotu egin zen crackaren aurreko urteetan. Nekazaritza etengabeko krisian egon zen 1921etik aurrera, eta hura ere areagotu egin zen.
- Egoera larriagotu zen kontsumorako ondasunak askotan kredituen bidez erosten zirelako eta, beraz, kontsumoa etorkizuneko sarreren mende zegoelako.
- Eraikuntza-sektoreak ere krisia sortu zuen.
Egoera hori arriskutsua izan zen arren, 1927tik 1929ko udaberrira bitartean New Yorkeko burtsako akzioen balioa hazten jarraitu zuen, eta horrek inbertitzaile asko ekarri zituen. Baina burtsaren egoera oso ahula zen, desoreka handia baitzegoen ekonomia errealaren geldialdiaren eta akzioen hazkunde izugarri horren artean; egoera horrek burbuila espekulatibo ikaragarria sortu zuen. Jende asko kredituak eskatzen zituen akzioak erosteko eta 1929ko udaberrian akzioak jaisten hasi ziren.
Ostegun beltza eta burtsaren porrota
Inbertitzaileek atzera egin zutenean, kotizazioak bat-batean jaitsi ziren, eta izua sortu zen akzioak kreditu bidez erosi zituztenen artean; horrenbestez, akzioak saltzen saiatu ziren, diru gehiago ez galtzeko eta zorrak ordaindu ahal izateko. Horrela, 1929ko urriaren 24an (ostegun beltza esaten zaio) bat-batean 13 milioi akzio salgai jarri ziren. Izua hedatu egin zen eta hil horretako 29an beste 16 milioi eta erdi akzio jarri ziren salgai. Merkatua erabat gelditu zen, eta burtsako balioen erorialdiak 1933 arte jarraitu zuen.
Depresio handia
Burtsaren erorketak kate-erreakzioa egin zuen. Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia erabat gelditu zen, eta krisialdi luzea hasi zen: depresio handia esaten zaio. Krisi horrek ezaugarri hauek izan zituen:
- Burtsaren erorketaren ondorioz, aurrezkia desagertu zen eta kreditua, kontsumoa eta inbertsioa izugarri murriztu ziren.
- Bankuek porrot egin zuten, pertsonek aurrezkiak ateratzen zituztelako eta mailegu asko itzuli gabe geratu zirelako. 9.000 banku inguru porrot egin zuten eta milioi herritarren aurrezkiak desagertu egin ziren.
- Eskaria eta inbertsioak bertan behera geratu ziren, eta horrek industria krisia eta langabezia tasa handiak ekarri zituen. Kontsumo pribatuak bat-batean behera egin zuen, prezioek eta irabaziek ere behera egin zuten.
- Munduko herrialderik aberatsenak ez zuen langabeei laguntzeko sistemarik; horrenbestez, miserian geratu ziren.
- Nekazaritza-krisia areagotu egin zen. Landa-eremuan, miseria hirietan baino handiagoa zen.
Krisiaren ondorio sozialak
30 milioi langabe.
Miseria eta gosea pairatzeko beldurra. Erdi-mailako klaseak ere proletario bihurtzeko beldur ziren; bizi-maila eta aurrezkiak galdu eta gizarte-maila apalago batera igarotzeko beldur. Aberatsen eta pobreen artean alde izugarria sortu zen.
Gizarte kapitalistetan bidegabekeria-sentimendu sortu zen, boterearen eta sistema ekonomikoaren aurka. Gizartea erradikalizatu egin zen. Gobernuak arrisku gorriaren beldur ziren; hau da, milaka herritarrek komunismoaren alde egitearen beldur. Horregatik, errepresio indartsua egin zuten eta eskuin muturreko alderdiak sortu ziren, iraultzarik gerta ez zedin.
Politika interbentzionistak
Ameriketako Estatu Batuak: New Deal programa
Estatu Batuetan, 1933an, F.D. Roosevelt demokratak hartu zuen presidente kargua.
Rooseveltek estatuak ekonomian esku hartzeko programa bat jarri zuen abian: New Deal (konpromiso berria).
- Banku-sistema onbideratzeko programa handiagoa eskain zezaten.
- Lan publikoetan inbertsio handiak egin ziren, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko.
- Nekazaritza-ekoizpena murrizten saiatu ziren, prezioak igotzeko eta nekazarien errenta handitzeko.
- Industrian, enpresa handien alde egin zuten.
- Enpresariek hobekuntza sozialak onartu behar izan zituzten.
- Adinekoentzako eta alargunentzako pentsioak eta urritasunengatiko nahiz langabeziatiko diru-laguntzak eman zituzten; horrela ezarri ziren Ongizatearen Estatuaren oinarriak.
New Deal programaren bidez, miseriaren ondorio larrienak arindu zituzten.