1812ko Konstituzioa: Liberalismoaren Oinarriak eta Jatorria

Historia3,38 KB

1812ko Konstituzioa: Testuaren Aurkezpena

Aztergai daukagun testua Independentzia Gerra garaian (1808-1814) Cadizen 1810ean bildu ziren Gorteetako diputatuek onetsitako Konstituzioaren artikulua da. Lehen mailako iturri historikoa da, baita testu juridiko, politiko eta publikoa ere. Nazioari zuzenduta dago, beraz.

Konstituzio honen helburua Espainiako sistema politikoa aldatzea izan zen: hau da, Erregimen Zaharrarekin amaitzea eta Estatu Liberalaren oinarriak ezartzea eta aplikatzea.

Testuaren Azterketa eta Jatorri Historikoa

Sarreran, Fernando VII.a Espainiako errege zela, Erregeordetzak jakinarazi zuen Gorteek 1812ko Konstituzioak, Estatua zuzentzeko, ondoko printzipio politiko liberalak aldarrikatzen dituela. (Artikuluak azaltzea falta da testuan).

Konstituzioaren Aurrekariak

Konstituzio hau 1812an idatzi zen, baina aldaketaren lehen urratsak bost urte lehenago eman ziren *Fontainebleauko Itunean* (1807). Itun honen bitartez, Godoyk Napoleoni Espainia zeharkatu eta Portugalera iristeko baimena eman zion. Frantziak, egoera hori aprobetxatuz, Espainia inbaditu zuen. Ondorioz, Independentzia Gerrara bideratu zuen Frantziaren aurkako matxinada piztu zen Madrilen.

Bestalde, 1808an Aranjuezeko altxamenduan, Karlos IV.ak Fernando VII.aren alde abdikatu behar izan zuen, baina Karlos IV.a damutu egin zen eta koroa berreskuratu nahi zuen. Orduan, Napoleonek Baionara deitu zituen Baionako Abdikazioak egiteko. Fernando VII.ak tronua Karlos IV.ari pasatu zion, eta honek, berriz, Napoleoni. Napoleonek Espainia konkistatu nahi zuenez, bere anaia, Jose I.a Bonaparte, izendatu zuen Espainiako errege.

Botere Hutsunea eta Cadizko Gorteak

Bitartean, Fernando VII.a eta Karlos IV.a Baionan bahituta zeudela, botere hutsunea zela eta, Independentzia Gerra hasi zen. Giro honetan sortu ziren Defentsa Batzordeak ere, eta Espainian bi botere gune zeuden gobernatzen:

  • Alde batetik, herriaren babesik ez zeukan Jose I.a.
  • Bestetik, Goren Batzar Zentrala.

Honek Cadizen Gorteak biltzeko deialdia egin zuen. Cadiz hiri liberala zen, hara bildu zirelako burgesia merkataria, atzerriko merkatariak eta gerratik ihesi joandako liberalak; gainera, hiria britainiar ontzidiez babestuta zegoen.

Konstituzioaren Sorkuntza eta Ezaugarriak

Ekintza militarrak galduta eta Batzorde Zentral Gorenak sinesgarritasuna galduta, Gorteak Cadizen bildu ziren 1810eko irailean. 1810eko abenduan Konstituzioa egiteko batzordea sortu zen, eta 1812an aldarrikatu zen, absolutismoa deusezteko eta liberalismoa aldarrikatzeko helburuarekin.

Diputatu absolutistak, erreformista ilustratuak eta liberalak zeuden, eta liberalen ideiak nagusitu ziren.

Dena den, Cadizen bildutako diputatuek Erregimen Zaharra ezabatu zuten eta erregimen politiko, sozial eta ekonomiko berri baten oinarriak jarri nahi zituzten, Estatu Liberala hain zuzen ere. Ezaugarri nagusiak:

  • Gizonezko sufragio unibertsalez aukeratu zituzten diputatuak.
  • Aginte banaketa ezarri zen: betearazlea (erregea), judiziala (epaitegiak) eta legegilea (Gorteak).

Ondorioak eta Garrantzia

1812ko Konstituzioa Espainiako lehen konstituzioa izan zen, eta beronen bitartez ezarri ziren liberalismoaren ideiak. Espainia monarkia parlamentario bihurtu zen. Konstituzio honek eragin handia izan zuen, Amerikako eta beste Konstituzio batzuk eredutzat hartu baitzuten.

Deskargatu

PDF Word HTML