1812ko Cadizeko Konstituzioa: 'La Pepa' eta Haren Eragina

Historia6,29 KB

1812ko Cadizeko Konstituzioa: Sarrera

Testu hau 1812ko martxoaren 19an aldarrikatutako Cadizeko Konstituzioaren zenbait artikulu dira. Hori dela eta, testu juridiko, historiko eta publikoa dela esan dezakegu, Espainiako eta Espainiak Ameriketan zituen kolonietako herritarrei zuzenduta baitago. Testu honen egileak Cadizeko Gorteak izan ziren. Garai hartan, espainiarren eta frantsesen arteko Independentzia Gerra gertatzen ari zen.

Konstituzioaren Egitura

Konstituzioa bi zatitan banatuta dago: sarrera eta artikuluak.

Sarreran, Gorteetako diputatuek herriaren izenean hitz egiten dute, Fernando VII.a Baionan dagoelako Napoleonek bahituta. Azkenik, diputatu gisa duten betebeharra aipatzen dute, hau da, ondorengo artikuluetako legeak egitea.

Artikulu Garrantzitsuenak

Artikuluei dagokienez:

  • 1. eta 371. artikuluetan askatasun eta eskubideei buruz hitz egiten da. 1. artikuluan, orain arte eskubide gutxiago izan dituzten Espainiar kolonietako biztanleak Espainiar biztanleen maila berekoak kontsideratuko dira, askatasun eta eskubide berdinekin, nazio bereko partaide gisa. 371. artikuluan, edozein ideia politiko zentsurarik gabe idazteko, inprimatzeko eta argitaratzeko eskubidea ezartzen da.
  • 3. artikuluak subiranotasunari buruz dihardu. Bertan, liberalismoaren lehen printzipioa aldarrikatzen da, hots, herrian oinarritutako subiranotasun nazionala; bertan, nazioak edo herritarrek dute boterea, erregearen kalterako.
  • 8. artikuluak espainiarren betebeharrei buruz hitz egiten du. Herritar guztien berdintasuna aldarrikatzen du legearen aurrean, hau da, absolutismoan ezarritako pribilegioak kendu eta herritar guztiek ordaindu beharko dituzte zergak.
  • 12. artikulua estatuaren eta erlijioaren harremanen ingurukoa da. Bertan, estatu konfesionala ezartzen da, erlijio askatasuna debekatuko da eta erlijio katolikoa, apostoliko eta erromatarra soilik praktikatuko dela, alegia.
  • 14. artikuluan gobernu sistema aipatzen da. Gobernua monarkia moderatu heredagarria izango dela dio bertan, ez absolutua.
  • 15., 16. eta 17. artikuluek botere banaketei buruz hitz egiten dute. Boterea hirutan egongo da banatuta: botere legegilea Gorteek eta erregeak izango dute, horrela, erregeak botere betearazlea soilik izango du bere eskuetan.

Cadizeko Konstituzioa Fernando VII.a Espainiako erregea zen artean idatzi zen, Independentzia Gerra gertatzen ari zen bitartean. 1812ko martxoaren 19an, San Jose egunean, onartu zen, eta “La Pepa” gisa ezagutzen da. Testu nahiko luzea eta zehatza da, baina zaila indarrean jartzeko.

Cadizen Testuingurua

Penintsulan frantsesen aurkako gerra gertatzen ari zen artean, ilustratu gutxi batzuk Cadizera abiatu ziren Frantziako Iraultzako ideiak ezarri nahian. Cadizera joan ziren, penintsulan frantsesen okupaziotik libre zegoen hiri merkatari bakarra baitzen. Britaniar tropei esker lortu zuten frantsesak garaitzea eta hiriko merkataritza espainiar burgesen eskuetan utzi zuten.

Batzorde Zentral Gorenak porrot militarra aprobetxatu eta Cadizen babestea erabaki zuen, eta bertan, erregeordetza kolektiboa sortu zuen. Luzaroan uko egin zioten Gorteei deitzeari, baina Ameriketako zenbait lurraldetan gertatzen ari ziren independentzia prozesuak geldiarazteko asmoz, azkenean deialdia antolatu zuten.

Gorteen Dekretu Nagusiak

Gorteak 1810ean bildu eta 1814ra arte lanean aritu ziren, besteak beste, Antzinako Erregimena abolitzeko helburuarekin dekretu multzo bat egin zuten:

  • Lehenengoa adierazpen-askatasunaren ingurukoa zen. Bertan, liberalek inprenta askatasunaren dekretua onetsi zuten eta idazki politikoen zentsura ezabatu zen, baina ez idazki erlijiosoena.
  • Bigarren dekretuan, erregimen feudala bertan behera uztea erabaki zuten. Jurisdikzio-jaurerriak abolitu zituzten eta, era berean, gremioak indargabetu.
  • Hirugarren dekretuari dagokionez, erlijio-legeriaz dihardu. Inkisizioa abolitu zen, hamabi kide baino gutxiagoko komentuak ezabatu ziren eta erlijio-ordenen ondasunak sekularizatu ziren.
  • Azkenik, administrazio-eraldaketa eta lurraren antolamenduari buruzko dekretu bat onartu zen. Bertan, Gorteek antzinako erreinuak, probintziak eta intendentziak ezabatu eta lurralde-zatiketa berria dekretatu zuten, lurralde-batasuna eta zentralizazio politikoa lortzeko.

Ordezkaritza Gorteetan

Ordezkaritza oztopoak izan zituzten gerra zela eta, eta ondorioz, probintzia okupatuetako eta Ameriketako diputatuek ezin izan zuten joan. Hutsune horiek Cadizeko herritarrekin bete ziren.

Gorteetan, trebakuntza intelektualeko pertsonek zuten ordezkaritza handiena: funtzionarioek, militarrek eta burgesek, esaterako. Goi nobleziak eta goi kleroak, ordea, ordezkaritza txikia izan zuten, eta herritarren eta emakumeen kasuan, ez zuten ordezkaritzarik izan, ez baitzegoen haien aldeko diputaturik.

Ideologia Nagusiak

Gorteetan, bi ideologia nagusitu ziren:

  • Liberalak: aldaketa iraultzaileak egitearen aldekoak ziren eta Cadizeko prentsaren laguntza zuten.
  • Absolutistak: antzinako monarkia absolutua mantendu nahi zuten eta eliza haien alde zegoen.

Konstituzioaren Ezaugarri Nagusiak

Konstituzio honetan burokrazia zentralizatua, fiskalitate erkidea, nazio armada eta barruko aduanarik gabeko merkatu askea definitzen da. Subiranotasuna nazioarena da eta botere banaketa ezartzen da. Botere legegilea Gorteen eta erregearen eskuetan dago, betearazlea erregeari soilik egokitzen zaio eta judiziala auzitegiei. Kamera bakarreko Gorteak definitzen dira eta diputatuak gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez aukeratzen dira.

Garrantzia eta Ondorioak

Testu hau oso garrantzitsua da, Espainiar herriak egindako eta espainiarrei zuzendutako lehen konstituzio liberala izan zelako. Konstituzio honek Antzinako Erregimena bukatzeko eta liberalismoa ezartzeko bidea ekin zuen. Horrez gain, espainiarren askatasun nahiaren sinbolo gisa, oroitzapenean bizirik egon zen mende osoan, eta Hego Amerikako eta Europako liberalen artean ere hedatu zen. Hala ere, 1814an indargabetu egin zen.

Deskargatu

PDF Word HTML