Zoriontasuna eta Jainkoa: Ikuspegi Filosofikoak

Filosofia eta etika6,64 KB

Zoriontasunaren inguruko hausnarketa filosofikoa

Mendebaldeko filosofian, zoriontasuna barne-egoera harmonioso gisa ulertzen da; iraunkortasun tenporala duen ongizate-sentimendu gisa, izaera iragankorra duten plazer-sentimenduez haratago. Datozen lerroetan, zoriontasunaren posibilitateari buruz jardungo dut. Nire tesia indartzeko, filosofiako bi figura handiren argudioak erabiliko ditut: San Agustin Hiponakoarenak eta Aristotelesenak.

San Agustin: Nahi dena eta infinitutasuna

Alde batetik, Agustinek dio zoriontasunak bi baldintza dituela: aurrena da "nahi duzuna edukitzea". Hori zoriontasunerako beharrezko baldintza da. Nahi duguna ez badaukagu, ez gara zoriontsu izango. Baldintza hori betetzea zaila, ia ezinezkoa bada ere (izan ere, nork dauka nahi duen guztia?), bigarren baldintza baten beharra daukagu, hots: nahi duzun hori infinitua eta galdu ezina izatea.

Izan ere, galkorra den zerbait maitatzean, hori galtzeko beldurra ere izango baitugu aldi berean; eta beldurrez bizi denak ezin du zoriontsu izan. Beldurra ziurtasunaren kontrakoa da. Beraz, Agustinek esango duena da zerbait infinitu eta galduezin hori Jainkoa dela. Zer da Jainkoa? Jainkoa da "bakarrik ez egotearen barne-segurtasuna", gizakiari bere bizialdian laguntzen dion barne-indar moduko bat, beti konpainia egingo diona. Hortaz, munduko gauza guztiak galkorrak dira eta, hala, euren edukitzeak ezin digu zoriontasun osorik eman.

Aristoteles eta Eudaimonia

Beste aldetik, Aristotelesen Eudaimonia aipatuko dut: eudaimoniak grezieraz "zoriona" esan nahi du, eta zoriontasuna "potentzien aktualizazio" gisa definitzen du Aristotelesek. Zoriontasuna, kasu honetan, bizitzaren amaieran etorriko litzatekeen zerbait da, baina proiekzioen bidez bizitzan zehar ere sentitu daiteke, baldin eta ziur bagaude izan gaitezkeen onena izaten ari garela une oro. Momentu bakoitzean gure potentzien aktualizazioaren aldeko bizi bat badaramagu, horrek justifika dezake gure zoriontasun-sentimendua, sentimendu subjektibo eta iraunkor gisa.

Hausnarketa pertsonala eta gaur egungo egoera

Nik beti uste izan dut zoriona badagoela. Gizaki orok bere bizitzan bilatzen duena da, ezta? Pertsona baten existentzia, ekintzak eta nahiak definitzen dituena da: zoriontsu izatea. Nire kasuan bezala, ni zoriontsua naiz nire bikotekidearekin, baina hortik harago ez daukat etengabeko alaitasunik. Bestalde, nire bikotekidea galtzeko etengabeko beldurrak, engainatu nazakeela edo hil daitekeela pentsatzeak, ez dit berarekin zoriontsu izaten uzten. Agustinen finitasunaren gabeziaren tesia frogatuko luke horrek. Kontrara, gaur egun "zoriontasuna" deituko litzatekeenaren beste adibide batzuk hauek dira: erostea, jolastea, apustu egitea, futbola... ekintza horiek ere zer dute ba? Dena da galkorra.

Arrazoimena eta fedea Erdi Aroan

Erdi Aroko aristotelismoaren figura garrantzitsuenetariko bat Averroes da. Averroesek egiten duen Aristotelesen irakurketaren arabera, bi egia mota daude, eremu espezifikoak dituztenak eta elkarrengandik independenteak direnak:

  1. Egia arrazionala: Ez du Errebelazioaren beharrik.
  2. Egia errebelatua: Ez du arrazoiaren beharrik.

Biak elkarren artean kontrajarriak izan daitezke. Teoria horri egia bikoitzaren teoria deitzen zaio. Averroismoak eta bere aristotelismoak Agustinetik aurrera ezarri zen "Philosophia ancilla theologiae" (filosofia teologiaren zerbitzaria da) leloarekin amaitzeko balioko du. Alegia: filosofia ez da gehiago fedearen zerbitzari izango; biak independenteak izango dira.

Santo Tomas Aquinokoaren sintesia

Santo Tomasek, ordea, egia bakarra dela ezarriko du. Egia da egia teologikoa (fedea) eta egia filosofikoa (arrazoia) daudela, baina bata ezin da bestearekin kontraesanean egon. Biek egia ezberdinen berri ematen dute; hau da, bata iristen ez den lekura iristen da bestea. Tomasentzat hiru egia mota daude:

  • Fedearen bidez soilik eskuratu daitekeen egia: fede-artikulua deitzen zaiona.
  • Arrazoimenaren bidez soilik lor daitekeen egia: munduari dagozkion egiak dira.
  • Arrazoiaren eta fedearen bidez eskura daitezkeen egiak: hauei "fedearen atariko" deitzen zaie.

Arrazoimenaren bidea oso zaila delako, jakintsuei bakarrik dagokielako eta injustua izango litzatekeelako jakintsuei bakarrik ematea salbatzeko aukera, Errebelazioaren bidez Jainkoak egia mundu guztiaren eskuetan ezartzen du. Honek ekonomiaren printzipioa deitzen da.

Quinque Viae: Jainkoaren existentzia frogatzeko bideak

Tomas Aquinokoak bere Summa Theologiae lanean Jainkoaren existentzia frogatzeko bost bide ezarriko ditu:

  1. Mugimenduaren bidea: Zentzumenen bidez ikusten dugu mundu honetako izakiak mugitzen direla. Baina mugitzen den oro beste zerbaitek mugitzen du. Kausa-efektu linea infinitua ezinezkoa denez, hasiera bat behar du: mugitua ez den eta mugitzen duen motor mugiarazle batek. Motor hori Jainkoa da.
  2. Kausa eragilearen bidea: Mundu honetako kausa eragile guztiak ez dira euren buruaren kausa. Izan ere, kausa batek bere buruaren kausa izateko, bere buruaren aurretik existitu beharko luke, eta hori ezinezkoa da. Ezin dugu onartu kausalitate-serie infinitu bat; beraz, lehen causa efficiens inkausatu batek existitu behar du. Kausa eragile inkausatu hori Jainkoa da.
  3. Kontingentzia eta beharrezko izatearen bidea: Kontingentea da izan edo ez izatea daitekeen hura. Izateak, ordea, ezin du ez izan. Izatea, bere orokotasunean, beharrezkoa da. Adibidez, ez da beharrezkoa gu gure nolakotasunarekin izan gaitezen, baina beharrezkoa da zerbait izan dadin. Beharrezkotasun hori Jainkoa da.
  4. Perfekzio-graduen bidea: Gure munduan perfekzio-gradu desberdinak antzematen ditugu izakietan: ontasuna, edertasuna... Baina gradazio horrek modelo bat aurresuposatzen du, zeinaren baitan egiten ditugun konparaketak. Izaki paradigmatiko hori, adibide absolutua, Jainkoa da.
  5. Teleologiaren bidea: Mundu honek, osotasunean, zentzua du. Horrek esan nahi du causa finalis bat duela. Adibidez, labanaren kausa finala moztea da, guk hala egin dugulako. Munduan ere, izate inorganikoek funtzio espezifiko bat dute baina ez daukate inteligentziarik (haizea, adibidez). Jainkoa da eurei funtzioa eman dien izaki inteligentea. Bide honek William Paleyren diseinu inteligentearen teoriaren antza du.

Deskargatu

PDF Word HTML