Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude eta arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua

Filosofia eta etika-n eguneratua4,32 KB

Laburpena

Testuak Kantek Sapere Aude saiakeran Ilustrazioari buruz egindako azalpena aurkezten du: adingabetasunaren definizioa, haren kanpoko eta barruko zergatiak eta horietatik irteteko pausoak. Halaber, arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua bereizten ditu, hiru adibideren bidez azalduz. Ikasleak Kantek Ilustrazioaren izpiritua nola ulertzen zuen ikasiko du.

Funtsezko puntuak

  • Ilustrazioa gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik, eta “Sapere Aude” (ausart zaitez zure adimenaz baliatzera) da bere leloa.
  • Adingabetasunaren kanpoko zergatiak tutoreak dira (gurasoak, elizak, instituzioak, legeak); barruko zergatiak alferkeria eta koldarkeria dira.
  • Adingabetasunetik irteteko pausoak: kanpoko oztopoak baztertu, adin nagusitasuna eskuratu eta benetako askatasuna lortu.
  • Ilustraziorako baldintza askatasuna da, arrazoimenaren erabilera publikoa edozein lekutan egiteko askatasuna.
  • Erabilera publikoa pertsona batek publiko baten aurrean egiten duen iritzi-adierazpena da; erabilera pribatua kargu edo funtzio batean gauzatzen dena, mugatua izan behar duena.
  • Kantek Frederiko II.a Handia printze ilustratutzat hartzen du: “Arrazoitu nahi duzuen guztia, baina obeditu.”

Frogatu zeure burua

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude

“Zer da Ilustrazioa?” galderari erantzuna Sapere Aude saiakeran ematen du Kantek: “Ilustrazioa gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik. Adingabetasuna besteren gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna da.”

Kantek dio gizakia bere adingabetasunaren errudun dela, ez baitu bere kabuz besteren gidaritzarik gabe pentsatzeko kuraiarik. Adingabetasuna, gizakion ezintasuna da inoren gidaritzarik gabe gure erabakiak hartzeko, eta bere erruzkoa da, adingabetasunaren arrazoia ez baita erabakiak hartzeko gaitasun falta. Kanten ustez, gizakiaren emantzipazioaren alde borrokatu behar da. Horretarako, adingabetasun horren bai kanpoko bai barruko zergatiak deuseztatu behar dira.

Adingabetasunaren Zergatiak

Alde batetik, kanpoko zergatiak (tutoreak) daude, gurasoak, elizak, instituzioak, legeak (bidegabekoak), eta abar direla. Hauek gizakiak zuzentzen dituzte eta askeak izaten oztopatzen diete. Haien helburua subjektu (hiritar) mantsoak eta obedienteak izatea da, maneiatzeko errazak direnak.

Beste aldetik, barruko zergatiak daude (alferkeria eta koldarkeria):

  • Alferkeria: Nork bere kabuz pentsatzeak ahalegina dakar (erosoagoa da gainerakoak guregatik erabakitzea).
  • Koldarkeria: Tutoreengandik askatzeko eta nork bere erabakiak hartzeko beldurra da.

Adingabetasunetik Irteteko Pausoak

Adingabetasunetik irteteko pauso hauek jarraitu behar ditugu:

  1. Lehenengo, askatasunerako kanpoko oztopoak baztertu behar dira.
  2. Gero, adin nagusitasuna eskuratu behar da (bere kabuz pentsatzen ausartzen denean).
  3. Eta azkenik, benetako askatasuna eskuratu behar da (bere bizitza autonomiaz zuzendu).

Hau eginda, Ilustrazioa lortuko da. Baina Ilustrazioa ez da ezagutza arazo hutsa, jarrera praktikoa baizik, guztiok egin beharreko zerbait: “Sapere Aude”, ausart zaitez pentsatzera, zure adimenaz baliatzera besteren gidaritzarik gabe. Ausart zaitez erabakitzera, zure bizitza zure gain hartzera, hori baita gure eskubidea eta, aldi berean, gure eginbeharra ere.

Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua

Kanten ustez, Ilustraziorako baldintza askatasuna da, baina ez askatasun mugagabea, guztien artean kaltegabeena baizik: askatasuna beti eta edozein lekutan arrazoimenaren erabilera publikoa egiteko.

Arrazoimenaren bi erabilera bereizi zituen Kantek:

  • Erabilera publikoa: Pertsona batek, aditu bezala, publiko baten aurrean, gai baten inguruan duen iritzia adieraztea da (pentsamendu, iritzi eta adierazpen askatasuna). Horren helburua gizartearen hobekuntzarako kexak edo proposamenak egitea da. Guztiz askea da (ezin da mugatu).
  • Erabilera pribatua: Kargu bat, funtzio publiko bat edo postu zibil batean gauzatzen dena da. Horren helburua gizartearen ordena eta zuzentasuna bermatzea da. Ezin da askea izan (mugatua izan behar du).

Adibideak eta Ondorioak

Hau azaltzeko, hiru adibide erabili zituen Kantek:

  1. Armadako ofiziala: Agintariek eskatzen dietena bete behar du (erabilera pribatua). Hala ere, aginduen onuraz edo kalteez argudiatu dezake (erabilera publikoa).
  2. Herritarra: Ezin dio uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua). Nolanahi ere, zerga-sistema kritikatu dezake (erabilera publikoa).
  3. Apaiza: Elizaren aginduak jarraitu behar ditu (erabilera pribatua). Hala ere, elizarekin dituen desadostasunak adierazi ditzake (erabilera publikoa).

Arauak edo legeak bete nahi ezean, armada, gizartea edo apaizgoa uztea da duten aukera bakarra. Arrazoimenaren erabilera pribatuan ez dago askatasunik, Kanten arabera.

Hala eta guztiz ere, askatasunaren erabilera pribatua mugatzeak ez du Ilustrazioa oztopatzen, arrazoimenaren erabilera publikoa bermatzen bada. Horregatik, Kantek Frederiko II.a Handia printze ilustratutzat hartzen du, bere ustez Ilustrazioaren izpiritua adierazten baitu inork baino hobeto hau esanez: “Arrazoitu nahi duzuen guztia eta nahi duzuen guztiaz, baina obeditu.” Esaera hau Ilustrazioaren adierazgarria da: arrazoimenaren erabilera publiko (arrazoitu) eta pribatuaren (obeditu) arteko dialektika (tentsioa edo gatazka) adierazten du.

Deskargatu

PDF Word HTML

Ohiko galderak

Zer da Ilustrazioa Kanten arabera?

Kantek Ilustrazioa gizakiaren irteera bezala definitzen du bere erruzko adingabetasunetik. Adingabetasuna besteren gidaritzarik gabe bere adimenaz baliatzeko ezintasuna da.

Zer da arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua?

Erabilera publikoa pertsona batek publiko baten aurrean duen iritzia adieraztea da, askea dena. Erabilera pribatua kargu edo funtzio batean gauzatzen dena da, mugatua izan behar duena.

Zein dira adingabetasunaren kanpoko eta barruko zergatiak?

Kanpoko zergatiak tutoreak dira (gurasoak, elizak, instituzioak, legeak). Barruko zergatiak alferkeria (nork bere kabuz pentsatzeko ahalegina ez egitea) eta koldarkeria (tutoreengandik askatzeko beldurra) dira.

Frogatu zeure burua

Berrikuspen-txartelak

Sakatu txartel bat erantzuna ikusteko.

Testa

1. Zein da Kanten arabera Ilustrazioaren definizioa?
2. Zer da Sapere Aude leloaren esanahia?
3. Zein da testuaren arabera barruko zergatietako bat?
4. Zein da Ilustraziorako baldintza nagusia Kanten arabera?
5. Zein da erabilera pribatuaren ezaugarria?
6. Zein adibide erabili zuen Kantek erabilera pribatuaren eta publikoaren arteko bereizketa azaltzeko?
7. Zein da Kantek Frederiko II.a Handiari buruz esaten duen esaldia?

AA bidez dokumentutik sortutako galderak: egiaztatu erantzunak testuarekin.