Zintzotasuna, Morala eta Gizartea: Nietzsche, Kant eta Habermas
Zintzotasuna, Morala eta Gizartea: Gogoetak
Testu honetan, gizakiaren zintzotasuna aipatzen du Nietzscheck, eta horren inguruan dioena da, gizaki zintzoa izateagatik ez duela zertan gauza onik ekarri behar. Hau da, kristautasunaren ikuspuntutik, zintzoa dena, zoriontasuna aurkituko du, aldiz, Nietzscheck dioenez, munduak beste modu batean funtzionatu beharko luke. Horretaz gain, honek dioenez, ezin da gizakia behartu zintzoa izatera. Hortaz, geure buruari galdetu beharko genioke ea ba al dagoen moralik zoriontasuna ekartzen duena.
Susmoaren Filosofoak eta Moralaren Kritika
Ikuspegi batetik, konkretuki susmoaren filosofoen ikuspuntutik, moralak egiten duena da gure askatasuna mugatu eta gure burua zuzendu. Filosofo hauek, Nietzsche, Freud eta Marx dira. Nietzscheck dio, moralak gizaki dekadente batean bihurtzen gaituela; Freudek, gure izate naturala mugatzen duela dio; eta Marxen iritziz, errealitatea eraldatzeko gaitasuna kentzen digu. Sofistek diotenaren bezala, ongia eta gaizkia, bakoitzaren izateak baldintzatzen du, beraz, ez litzateke zuzena izango gizarte guztia behartzea morala erabiliz era konkretu batean jokatzea. Honen adibide, gure gizartean emakumeek duten diskriminazioa da.
Ongiaren Defentsa: Tomas Aquino eta Platon
Bestetik, Aquinoko Tomas eta Platon daude. Hauek, ongiaren arabera gauzak egiteko era bakarra dagoela diote, eta hau ez jarraitzearen ondorioa gizartea kaosean erortzea da. Platonen ikuspuntutik, ongiaren ideia da bidea erakusten diguna, Tomasen ustean aldiz, Jainkoaren egiak erakusten digu.
Moral Komun Baten Beharra
Egia da ere, bakoitzak bere kabuz jokatzen badu eta ez bada ongi komun bat ezartzen gizartekiko, honek ez lukeela behar den bezala funtzionatuko, hortaz, hau sahiestu ahal izateko, moral komun bat ezarri beharra dago. Adibide bat, gizartean gauza batengatik edo bestearengatik gertatzen diren liskarrak dira, gizartean orden bat egongo ez balitz, arazo guzti horiek kaosean bukatuko lirateke.
Konponbide Bideak: Kant eta Habermas
Hala ere, konponbide bat aurki dezakegu Kanten inperatibo kategorikoak eta Habermassen arrazoimen komunikatiboaren bideak erabiliz. Hau da, inperatibo kategorikoen bidez bestearen lekuan jarriko ginateke erabakia pentsatu baino lehen, eta arrazoimen komunikatiboaren bidez denon artean adostutako legeak eraiki ahalko genituzke. Honela, nahiz eta lege batzuk izan, ezin dugulako nahi duguna egin edozein momentutan, denok adostutako eta eraikitakoak izango dira. Hau da, moral autonomo kolektibo bat eraikitzean dago gakoa. Esan beharra dago, lege hauek gure bizitza esparrua bermatzen dituzten gauzetan arautuko dutela, eta ideologia edo erlijio esparruetan askatasuna utzi behar dela.