XVIII. Mendeko Euskal Literatura: Larramendi eta Bere Eragina
XVIII. Mendeko Hegoaldeko Euskal Literatura
Ilustrazioaren Garaia eta Euskararen Egoera
XVIII. mendea Ilustrazioaren garaia izan zen, gizakia mugimendu honen arrazoia zelarik. 1789ko Frantziako Iraultzaren ideiak zabaldu ziren garai honetan. XVIII. mendean, euskal liburugintzan, Hegoaldeak aurrerapen handia egin zuen. XIX. mendean Iparraldearekin parekatu zen, eta XX. mendean Hegoaldea nagusitu zen berriro.
XVIII. mendeko lehen hamarkadetan, Hegoaldeko euskarazko literatura geldo ibili zen. Kristau ikasbiderako doktrinak eta antzekoak baino ez ziren kaleratu. Idazleen artean, Gipuzkoan Otxoa, Arin eta Irazusta nabarmendu ziren, eta Bizkaian, Arzadun.
Manuel Larramendi jesuitak egoera suspertu zuen era askotako lanen bidez, non euskara bultzatuko zuen. Jesuiten artean arrakastarik handiena izan zuen. Izan ere, Kardaberaz eta Mendiburu jesuitak ere idazlerik oparoenak izan ziren, eta liburu gehien argitaratzea lortu zuten.
1766an Larramendi hil zen, eta hurrengo urteetan jesuitak Espainiatik kanporatu zituzten. Horrek liburuen argitaratzean eragina izan zuen. Jesuiten kanporatzeak eta Espainiako Borboiek erreinuko hizkuntza ez-ofizialetan idatzitako liburuak argitaratzeko jarritako eragozpenek beherakada literarioa eragin zuten. Gipuzkoan kokatuko gara, ilustratuen gune ofiziala izan zelako.
Manuel Larramendi (1690-1766)
Andoainen jaiotako apaiza izan zen. Jaioterrian, Hernanin eta Bilbon bizi ondoren, Jesusen Konpainian egin zituen ikasketak. Salamankan klasikoak ikasi zituen. Itzultzean, Karlos II.aren aitorle izan zen Baionan, eta bertan, Axularren euskara ezagutu zuen. Azkenik, heriotzara arte, Loiolan bizi izan zen, baina ez zen geldirik egon; aitzitik, euskara hobetzeko txangoak egin zituen.
Euskal Herria eta Gipuzkoa dira haren arlorik garrantzitsuenak, baina euskaldunen hizkuntza du idazgairik kutunena. Bere lanak luzeak, ikasiak, ilustratuak eta didaktikoak ziren. Bertan, euskararen apologia hutsa egiten zuen, gipuzkera euskalki literario gisa erabiliz, eta tituluak erdaraz idazten zituen arreta erakartzeko. Hizkuntzari dagokionez, bere lanak artikuluak eta saiakerak ziren:
Larramendiren Lan Nagusiak
- De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España (1728): Euskararen apologia sutsua da, gure hizkuntzaren aurka zabaltzen ari ziren iritzi eta erasoei aurre egiten dien liburua. Egileak oinarri filosofikoa ematen dio, non Babeleko dorrean Aitorren hizkuntza, euskara, lehenengoa sortu zela azaltzen duen.
- El imposible vencido (1729): Euskararen lehen gramatika liburu inprimatua izan zen. Bertan, apologia egiten zuen, eta euskal hizkuntza ezagutarazteko maisu lan eta lan filologikoa den bezala oinarritzen du dena.
- Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín (1745): Larramendiren lanik erraldoiena, bi liburukitan banatuta. Hitzaurrean euskararen apologia egiten zuen, eta ondoren, erdaraz, euskaraz eta latinezko hitzak definitzen eta azaltzen zituen. Lan honetan garbizaletasuna agertzen da, zeren neologismoak sortzen baitzituen beharrezkoak zirelako.
Larramendiren Taldea eta Eragina
Larramendik beste idazleengan eragina izango du, eta talde bat sortuko zuen Andoainen Kardaberaz eta Mendiburu jesuitekin.
Kardaberaz eta Mendiburu
Larramendiren lan teorikoek uste baino zabalkunde handiagoa izan zuten. Iparralderaino ere helduko zen haren itzala, baina bi jesuita izango zituen jarraitzaile nagusi: Agustin Kardaberaz (hernaniarra) eta Sebastian Mendiburu (oiartzuarra). Biak sermolari eta misiolari famatuak izan ziren: Kardaberaz, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Mendiburu, Nafarroa aldean.