Wittgensteinen Hizkuntzaren Filosofia

Filosofia eta etika2,6 KB

Proposizioak eta Teoria Piktorikoa

Hizkuntza-proposizioek pentsamendua adierazten dute, eta pentsamendua egitateen isla edo margoa da (teoria piktorikoa). Proposizio batek forma logiko bat eduki behar du: zentzua. Proposizio guztiek zentzua izan behar dute.

Baina proposizio guztiak ez daude maila berean:

  • Zentzudun proposizioak: Proposizio hauek egiazkoak edo faltsuak izateko aukera dute, egiaztapena egin ondoren. Adibidez: «Markinatik Durangora ordu erdiro ari dira autobusak». Adierazpen honek, faltsua izan arren, zentzua du, frogatzeko aukera izan duelako; eta ezaugarri horrek (egiaztagarria izateak) ematen dio zentzua. Wittgensteinen adierazpenetan, proposizio hauek esan daitezke, errealitatea errepresentatzen dutelako.
  • Pseudo-proposizioak (zentzugabeak): Hauek ez dute egiaztatzeko aukerarik; esanezina adierazi nahi dute, hau da, hizkuntzaren eta munduaren mugetatik haratago dauden errealitateak adierazi nahi dituzte. Adibidez: mistikaren arloa, etikarena, erlijioarena, munduaren zentzuarena... Proposizio hauek ezin dira esan, erakutsi behar dira.

Ikerketa Filosofikoak eta Lengoaia Jokoak

Ikerketa filosofikotik atera daitekeen tesia honako hau da: ez ezazu esanahiagatik galdetu, galde ezazu erabileragatik. Bigarren etapa honetan lengoaiak subjektua adierazten du, subjektuaren zeinua da; lehenengo etapan, ordea, lengoaia objektuaren zeinua zen, objektuak eta egitateak adierazten zituen.

Proposizio baten esanahia proposizio horren erabileraren araberakoa da. Esanahia ez da osagai logikoen azterketaren araberakoa, proposizio hori erabiltzen den testuinguruaren araberakoa baizik. Proposizioek ez dute zentzua egiazkoak edo faltsuak direlako, giza bizitzan funtzio bat betetzen dutelako baizik; euren logika propioa dute.

Lengoaia arau batzuk jarraituz jokatzen den joko batekin konpara daiteke (lengoaia-jokoak). Proposizioaren erabilerak jokoan esaten digu nola ulertu. Lengoaiaren jokoa ez da joko bat soilik: joko desberdin bezala uler daitezkeen funtzio mordoa baizik (galdetu, harritu, agindu...).

Arazo filosofikoak ez dira arazoak, arazoak konpondu egiten baitira, eta filosofiak ez du planteatzen konponbidea duen arazorik. Filosofiak korapiloak edo nahaspilak planteatzen ditu, lengoaiaren erabilera berriak proposatzen dituelako, hizkuntza arruntaren erabileratik desberdinak. Hauek desegin edo disolbatu besterik ezin daitezke egin; desegiteko, filosofiaren joko linguistikoa ulertu behar da. Hori izango litzateke azterketa linguistikoaren funtzioa.

Deskargatu

PDF Word HTML