Wittgenstein: Hizkuntza, Erabilera eta Filosofiaren Funtzioa
Wittgenstein: Hizkuntza eta Erabilera
Ludwig Wittgensteinen filosofiaren bi aldi nagusiak, W-I (Tractatus Logico-Philosophicus) eta W-II (Ikerketa Filosofikoak), hizkuntzaren eta esanahiaren inguruko ikuspegian desberdintzen dira nabarmen.
W-I: Hizkuntzaren Funtzio Deskriptiboa
Tractatus-en arabera, hizkuntzaren teoria guztia esanahian oinarritzen zen: hizkuntzaren eginkizun nagusia errealitatea deskribatzea da. Hitzen esanahia izendatzen dituzten objektuetan datza.
W-II: Hizkuntzaren Erabilera eta Hizkuntza-Jokoak
W-II.ak, berriz, ikusmolde hori aldatu zuen. Wittgensteinek adierazi zuen hitzak beste eginkizunetarako ere erabiltzen ditugula, errealitatea adierazteaz gain. Garrantzitsuena hitzak nola erabiltzen ditugun jakitea da. Hizkuntza ikastea hitzak erabiltzen ikastea besterik ez da. Hitzek testuinguru batean hartzen dute esanahia, eta horiek dira hizkuntza-jokoak.
Ondorioz, filosofia esanahiaren arazotik erabileraren arazora pasatzen da. Hitzek ez dute erabilera bakar bat; testuinguru desberdinetan, erabilera desberdina dute.
Gauzak hizkuntzaren bidez egiten ditugu, eta horri hizkuntza-tresna deritzo. Hizkuntza-joko desberdinek berezko arauak dituzte, ez baitago hizkuntza-eredu bakar bat. Hizkuntza guztiak onak dira logikaren bidez, eta eguneroko hizkuntza erabiltzea ez dago gaizki.
Filosofiaren Funtzioak W-II.aren arabera
W-II.aren arabera, filosofiak bi funtzio nagusi ditu:
- Funtzio Deskriptiboa: Filosofiaren lana hizkuntza-jokoen arauak aztertu eta deskribatzea da, hau da, inplizituki erabiltzen diren arauak agerian uztea. Jokoak nola funtzionatzen duen ulertzea da filosofiaren helburua. Filosofia lan bat da, ekintza bat, eta analisian datza.
- Funtzio Terapeutikoa: Garrantzitsua da arauak agerian jartzea, bestela nahasteak sortuko lirateke. Hizkuntza-jokoen arauak desberdin erabiltzeak bi hizkuntza-jokoren arauak nahastea ekar dezake. Hori gertatzean, arazo filosofikoak sortzen dira. Arazo filosofikoak ez dira benetako arazoak, ez dira errealitatekoak ere, baizik eta gure hizkuntzaren funtzionamendua ulertzen ez dugulako sortzen dira. Filosofiaren lana da korapiloak desegitea.
Hizkuntza eta Errealitatea
Tractatus-en, Wittgensteinek hizkuntza guztiak logikara murrizten zituen. Hizkuntza logikoa hizkuntza guztiz betea baita, eta gainerako hizkuntza guztiak hizkuntza logikoaren mozorroak baitira. Beraz, hizkuntza logikaren bidez aztertzen ez bada, ez litzateke gai izango bere lana betetzeko, mundua irakurtzea izango litzatekeena. Wittgensteinek hizkuntza errealitatearen irudia besterik ez dela zioen.
Ikerketa Filosofikoak lanean, ordea, filosofia ez dela jakintza bat dio, ekintza bat baizik. Eta ekintza horrek eguneroko hizkuntzak sortutako nahasmenak analisi logikoaren bidez argitzen ditu.
Etika Wittgensteinen Filosofian
Etikari dagokionez, On absolutua geratzen zaio ikergaitzat. On absolutua, egoera deskribagarria izango balitz, guztiek, norberaren gustuak eta joerak alde batera utzita, derrigorrez gauzatu beharko lukete, baina hori gertatzea ezinezkoa dirudi.
Etikotzat eta erlijiosotzat jotzen diren proposizio guztiak zentzugabeak dira, guztiak metaforak baitira. Gai izan beharko ginateke metaforak baztertu eta gertaerak zuzenki deskribatzeko. Baina etikan eta erlijioan metafora baztertzean, deskribatzeko gertaerarik ez dagoela ohartzen gara. Eta badirudi ez garela gai nahi duguna adierazteko, ez baitugu analisi logikorik lortu, etika eta erlijioa gure grinak baitira.