Turismoaren egoera eta bilakaera EAE-n

Geografia2,54 KB

Sarrera eta testuingurua

Turismoa EAE-n XIX. mendean hasi zen. Goiz hasi bazen ere, gerora beste erkidego batzuetan baino gutxiago garatu zen. 1960tik aurrera nagusitu zen turismo-eredua eguzki eta hondartza turismoa izan zen.

EAE-ko turismoaren abantailak eta baliabideak

EAE-ko turismoak zenbait abantaila ditu; adibidez, ez da beharrezkoa bide luzeak egitea bertako baliabideak disfrutatzeko, distantzia laburrak baitaude. Baliabide horien artean honakoak aurki ditzakegu:

  • Baliabide naturalak: eremu babestuak.
  • Kultura-baliabideak: gastronomia, arkitektura eta arte-ondarea (Guggenheim, Bilboko Arte Ederretako Museoa...).

Eskaintza eta azpiegiturak

Gure turismoaren ezaugarriak aztertuz, eskaintzak areagotu egin dira, leku-kopurua handitu baita: hotelak, landa-turismoak eta kanpinak (oraindik gehiago egin behar diren arren).

Turisten profila eta joerak

Gure lurretara datozen turisten %50 Espainiakoak dira, gehienbat Madril eta Kataluniakoak. Atzerritik gehien datozen turistak frantsesak dira. Turisten gehiengoak maila ertain edo altukoak dira, eta aisialdiak edo lanak bultzatuta etortzen dira. Gehienetan egonaldi laburrak egiten dituzte (2-3 egunekoak), eta ondorioz, hoteletako okupazio-maila moderatua da. Turisten helmuga gogokoenak hiriak eta kostaldeak dira.

Turismo-fluxuari dagokionez, udako oporretan pilatzen da, eta, ondoren, Aste Santuko oporretan. Azken urteotan, oporraldi laburragoak eta urtean zehar sakabanatuak hartzeko joera hasi da.

Turismo motak

EAE-n hainbat turismo mota egiteko aukera dugu:

  • Kostako turismoa: gehienbat Donostian eta Zarautzen.
  • Ekoturismoa, landa-turismoa eta kirol-turismoa: hazkunde handia izan dute instalazio bereziei eta ekintza berritzaileei esker (mendi-irteerak, eskulangintza...).
  • Turismo kulturala: gastronomia eta ekintza kulturalak direla eta gora egin du (BBK Live, Donostiako Zinemaldia, Bilboko opera-garaia...).

Turismo-politika eta etorkizuna

Turismo-politikari dagokionez, turismo mota bakar eta berezi bat sortu da, gure berezitasunak, bizimodua eta natura konbinatuz, Basque Country marka zabalduz. Honekin batera, turisten kopurua eta gastua handitzea lortu nahi da, turismoaren eskaintza sendotzearekin batera, prestakuntza profesionala eta gaueko giroa hobetuz. Azkenik, turismoa ekonomiari, gizarteari eta naturari bideragarria izatea nahi da.

Deskargatu

PDF Word HTML