Tomas Akinokoaren arabera Jainkoaren Izena Ezagutzeko Bideak

Filosofia eta etika2,56 KB

Jainkoaren Izaera Tomas Akinokoaren Ikuspegitik

Tomas Akinokoaren ustez, filosofia Jainkoaren existentzia frogatzeaz gain, Jainkoaren ezagutzan aurrera egin behar du. Horretarako, bi bide nagusi daude:

  • Ezezko bidea (Via Negativa)
  • Baiezko bidea (Via Affirmativa)

Jainkoa Ezagutzeko Ezezko Bidea

Zentzumenen bidez ezin da Jainkoaz ezer jaso. Gainera, giza ideiak materiazko gauzen esperientziaz eginak dira, eta hizkuntza esperientziaren ekintzak adierazteko egina da. Beraz, esperientziaren bidez, gizakiak ezin du Jainkoaren zerizana ezagutu, baina bai Jainkoa existitzen dela.

Alegia, gizakiak ezin du jakin Jainkoaren substantzia edo errealitatea zer den, baina bai zer ez den. Beste era batera esanda, Jainkoa zer ez den sistematikoki aztertuz, Jainkoa gero eta hobeto ezagut daiteke.

Bide hori jarraituz, Jainkoaren materiazko izakien tasun guztiak uka dakizkioke. Esate baterako, jakin daiteke:

  1. Jainkoa ez dela materiazkoa, espirituzkoa baizik.
  2. Jainkoa ez dela konposatua, sinplea baizik.

Hala ere, esan behar da Jainkoak tasun edo ezaugarri horiek falta dituela esateak ez du esan nahi Jainkoari ezer onik falta zaionik; Jainkoa tasun edo ezaugarri horien gainetik dagoela baizik.

Jainkoa Ezagutzeko Baiezko Bidea

Bada Jainkoa ezagutzeko beste bide bat, aurrekoa bezala izadian hautematen denetik abiatzen dena. Hain zuzen ere, bigarren bide hau izadian Jainkoaren izaerari buruz hautematen daitezkeen alderdi onak ikertzean datza.

Zehatzago esanda, bide hori munduko gauzen alderdi onak identifikatu, eta Jainkoagan ere alderdi on horiek aurki daitezkeela suposatzean datza. Horrela lortutako ezagutza inperfektua da, Jainkoa ezin baita zuzenean ezagutu.

Analogiari buruzko Azalpena

Adibidez, naturan edertasuna hautematen da, eta hori Jainkoaren izaeran ezin falta daitekeen ezaugarri ona dela ondoriozta daiteke. Hortaz, Jainkoa ederra da, baina ez munduko gauzen antzera, beste era batera baizik, osorik, bete-betean, mailarik gorenean. Are gehiago, Jainkoa da edertasuna bera.

Hau da, ezin da esan Jainkoaren edertasuna gizakiarena bezalakoa denik, baina posible da Jainkoaren edertasunaren ideiara iristea giza edertasunetik abiatuta. Hori adierazteko Tomas Akinokoak Jainkoaren edertasuna eta gizakiaren edertasuna analogoak direla esan zuen. Hau da, “eder” hitzak kasu batean eta bestean ez du gauza bera esan nahi, baina hitzon esanahia ere ez da guztiz desberdina.

Deskargatu

PDF Word HTML