Tomas Akinokoaren Bost Bideak: Jainkoaren Existentziaren Frogak

Filosofia eta etika4,54 KB

Jainkoa eta Jainkoaren Existentziaren Frogak

Jainkoa badela egia errebelatua da, baina, Tomas Akinokoaren ustez, arrazoimenaren bidez ere froga daiteke Jainkoaren existentzia. Hau da, mundu naturalaz dugun ezagutzak Jainkoa badela erakuts dezake. Jainkoa ez denez mundu materialeko izakia, horretarako ez da aski esperientzia soila; esperientziatik abiatu arren, arrazoimena ezinbestekoa da Jainkoaren existentzia frogatzeko.

Giza adimenarentzat, Jainkoa ezagutzea ez da gauza erraza, baina bai posiblea. Gizakia Jainkoa kontenplatzeko egina da; giza adimenak Jainkoa ezagutzeko ahalmena du. Ildo horretatik, Tomas Akinokoak Jainkoa badela frogatzeko bost modu edo bide aurkeztu zituen Summa Theologiae liburuan.

Bost Bideen Egitura Komuna

Bost bide horiek elkarrekiko independenteak dira, eta, beraz, aski litzateke horietako bakar bat baliagarri izatea Jainkoaren existentzia frogatuta geratzeko. Dena den, guztiek egitura komun bera dute:

  • Jatorri enpirikoa: Naturaren behaketatik abiatzen dira.
  • Kausalitate printzipioa: Enpirikoki behatutakoa azal dezakeen kausara heltzeko asmoz aplikatzen da. Hau da, errealitate enpirikoak beste zerbaitek sortuak direla argudiatzen da.
  • Kausen segida: Kausatik kausen segida edo katerako urratsa da.
  • Lehen Kausa: Kausen segida infinituen ezintasuna aldarrikatzen du, eta gainerako kausa edo izate guztien jatorria izan den Lehen Kausa (Jainkoa) baten existentzia aldarrikatzen du.

Bost bide horiek izaki konkretuen errealitate finitutik abiatzen dira, eta efektutik kausara joaten dira. Efektuak izadiko gauza errealak, mugatuak eta aldakorrak dira, eta kausa edo zergatia, berriz, mugagabea eta aldaezina da.

Tomas Akinokoaren Bost Bideak

  1. Lehen Bidea: Motor Higiezinaren Bidea

    Munduan higidura edo aldaketak gertatzen dira. Higidura orotan bereizi egin behar da higitzen dena eta hori higiarazten duena. Ezer ez da berez higitzen; higitzen den guztia beste zerbaitek higiarazten du. Beraz, higidura oro kausen segida baten emaitza da. Alabaina, ez da posible higiarazleen katea infinituraino hedatzea, bestela higiduraren hasierarik ez bailitzateke egongo. Hortik, higitzen ez den lehen eragilea, Motor Higiezina, existitzen dela ondorioztatu behar da, eta hori Jainkoa da.

  2. Bigarren Bidea: Kausa Eragilearen Bidea

    Munduko gauza guztiak sortu egin direlako existitzen dira. Ezer ezin da bere buruaren kausa izan. Alabaina, kausa eta efektuen katea ezin da infinituraino luzatu. Beraz, kausa guztien jatorrian kausarik gabeko Lehen Kausa bat dago: Jainkoa.

  3. Hirugarren Bidea: Izaki Kontingenteen Bidea

    Munduko izakiak kontingenteak dira (sortu egiten dira, baina desagertu ere bai; beren existentzia ez da nahitaezkoa). Gauza guztiak kontingenteak balira, inoiz ez zatekeen ezer egongo, multzo osoa ere kontingentea baita. Baina, ezerezetik ez da ezer sortzen. Ondorioz, gauza kontingenteak existi daitezen, horien kausa den Izaki Beharrezko bat existitu behar da. Absolutuki beharrezkoa den izaki hori Jainkoa da.

  4. Laugarren Bidea: Perfekzio-Mailen Bidea

    Munduko izakiek perfekzio-maila desberdinak dituzte (edertasunean, moralitatean…). Edozein izaki bera baino perfektuagoa den kausa batek sortu du. Gero eta perfektuagoak diren kausen katea hori ezin da infinitua izan. Ondorioz, perfekzio guztien iturria den Lehen Kausa Perfektu bat egon behar da, ezinbestean. Lehen kausa perfektu hori Jainkoa da.

  5. Bosgarren Bidea: Munduan den Ordenaren Bidea

    Izaki natural guztiek helburu bat dute. Izaki adimentsuetan nabaria den hori, adimenik gabekoetan ere gertatzen da. Gauzek ez dute helburu baterantz jotzen zerbaitek bideratzen ez baditu. Kausen katea infiniturik ez dagoenez, izaki guztien helburuak finkatzen dituen Lehen Izaki Adimendun bat dago. Lehen izaki adimendun hori Jainkoa da.

Ondorioa

Ikus daitekeenez, bost bide horiek era berdintsuan eginak daude: zentzumenek errealitatean jasotzen dituzten datuetatik hasten dira. Maila horretan, gizakia munduko egia-izpietatik argi pixka bat egitera iristen da, eta argi horretatik, berriz, giza adimena Egia Gorenera igotzen da. Azkenik, kausen kate infinituaren ezina ere proba guztietan sartzen da.

Deskargatu

PDF Word HTML