Teoria Endosinbiotikoa: Zelula Eukariotikoen Jatorria

Biologia2,47 KB

Teoria endosinbiotikoa

Zelula eukariotikoen jatorria azaltzeko, Lynn Margulis-ek 1967an zabaldutako teoria onartzen da. Horren arabera, zelula eukariotoen hainbat organulu, plastoak eta mitokondriak bereziki, organismo prokariotoetan zuten jatorria; eta beste mikroorganismoetan barneraturik (fagozitosia) digerituak izan ordez, endosinbiosi harremana ezarriko zuten.

Mitokondriak proteobakterioetatik sortuko ziren eta kloroplastoak zianobakterioen antzeko beste bakterio primitiboengandik. Horrela, prokarioto horiek zelula eukarioto primitibotik ingurune urtsua eta babestua lortuko zuten, eta horren truke energia edota gai organikoak eskuratuko zizkien zelula ostalariei. Margulis-en ustez, zelula eukariotoak elkarren ondoan komunitateetan bizi ziren izakietatik sortuko ziren, hainbat organismoren fusioaren ondorioz.

Gaur egun onartzen da eukariotoen mitokondria eta kloroplastoak endosinbiosiaz sortuak izatea. Aldiz, eukariotoen zilio eta flageloen jatorria bezala Margulis-ek proposatutakoa ez dago oso onartuta, eukariotoen zilio eta flageloek egitura ezberdina dutelako prokariotoekiko eta DNArik ez dutelako.

Teoria endosinbiotikoaren aldeko argudioak

Plasto eta mitokondrioen jatorria azaltzeko, honako argudioak nabarmentzen dira:

  • Tamaina: Organulu horien tamaina zenbait bakterioaren antzekoa da.
  • DNA: DNA dute, kate bikoa eta zirkularra, prokariotoek bezala.
  • Mintzak: Mintz bikoitzaz inguraturik daude, eta hori fagozitosiaren ideiarekin bat dator.
  • Ugalketa: Erdibiketaz ugaltzen dira prokariotoak bezala (eukariotoek mitosiaz).
  • Energia: Energia lortzeko guneak mintzetan daude, bakterioetan gertatzen den bezala. Kloroplastoen tilakoideak, gainera, zianobakterioek dauzkaten endomintz sistemen antzekoak dira.
  • Erribosomak: 70S-ko erribosomak dauzkate, prokariotoenak bezalakoak (eukariotoenak 80S-koak dira). Erribosomen azpi-unitate txikiko 16S-ko RNAr-an diferentzia gutxi daude prokarioto batzuekin.
  • Proteinen sintesia: Autonomoki proteinak sintetizatzeko gai dira.

Beste bakterioekin konparatuta, genoma txikiagoa dute mitokondrioek eta kloroplastoek. Endosinbiosiaren ondoren garaturiko dependentziarekin bat dator hori. Organulu horietako gene gehienak galdu edo nukleora mugitu izanen dira; horregatik, eta hainbeste urte igaro ondoren, ezin dute bata bestea gabe bizi.

Deskargatu

PDF Word HTML