Substantzia, Akzidenteak eta Izatea Filosofian
Substantzia eta Akzidenteak: Oinarrizko Kontzeptuak
Filosofian, funtsezko bi kontzeptu dira substantzia eta akzidenteak, errealitatearen izaera eta aldaketa ulertzeko ezinbestekoak.
Substantzia: Berezko Izatea
Substantzia objektuaren berezko eta funtsezko definizioa da: «den hori izateko izaki denak gal ez dezakeena», beti berdin eta bere horretan irauten duena. Gauzen beharrezko esentziarekin identifikatu da.
Akzidenteak: Ezaugarri Kontingenteak
Akzidenteak objektu horrek funtsezkoak ez dituen ezaugarriak dira. Objektu bat definitzeko beharrezkoak ez diren ezaugarriak dira, eta desagertu egiten dira objektuetan gertatzen diren aldaketen ondorioz. Hori dela eta, kontingenteak dira.
Substantziaren Bilakaera Historian Zehar
Antzinaroa eta Erdi Aroa: Aristoteles eta Tomas Akinokoa
Aristotelesen ustez, Berez badena edo substantea izatea da substantzia definitzen duena. Tomas Akinokoak ere substantziari buruzko ideia subsistentzia dela adierazi zuen: hau da, haren independentzia beste ezein zirkunstantziarekiko.
Aro Modernoa: Descartes eta Locke
Subsistentziaren ezaugarri horrixe heldu zioten, geroago, Aro Modernoko filosofoek. Descartesek, esate baterako, honela definitu zuen substantzia: «Berez badena, izateko beste ezeren beharrik ez duena». Definizio hori hitzez hitz hartuz gero, substantzia Jainkoa baino ez litzateke izango. Descartesek, baina, beste bi onartzen ditu: arima (res cogitans) eta gorputzen mundua (res extensa).
John Locke izan zen substantziari buruzko ordura artekoaz bestelako ikuspuntu bat zabaldu zuena. Filosofo horren esanetan, substantziak objektuen barne-osaera adierazten du, eta gero, hartatik deduzitzen dira bere ezaugarri guztiak.
Bilakaeraren Kausak eta Aristotelesen Teoria
Komeni da ez ahaztea objektuak ez direla errealitate estatiko eta mugiezinak, baizik eta aldatu egiten direla. Hori esplikatzeko, filosofo presokratikoek hainbat iturburu edo printzipio postulatu zituzten. Aristotelesek lau kausen teoria proposatu zuen:
- Materiala
- Formala
- Eraginkorra
- Helburuzkoa
Izate eta Natura Kontzeptuak Filosofian
Izatearen eta Naturaren arteko Lotura
Izate kontzeptua erabat lotuta dago natura kontzeptuarekin. Aristotelesek Fisika liburuan esan zuenez: «natura gauza baten mugimenduaren eta atsedenaren iturburu zein kausa da, eta funtsean eta berez datxekio gauzari, eta ez halabeharrez».
Presokratikoak eta Izatearen Bilaketa
Presokratikoez fisikariak zirela diogunean, esan nahi duguna ez da, besterik gabe, filosofo haiek natura ikertu zutela, baizik eta gauzen jatorria, kausak eta oinarriak bilatu zituztela; hau da, gauzen izatea.