Sokrates, Platon eta Ideien Teoria: Filosofia Grekoa
Sokrates
Sokrates Atenasen jaio eta hil zen. Ez zuen ezer idatzi, bere jakinduria ahoz transmititzen baitzuen. Berari buruz dakiguna, ondorengo filosofoengan izan zuen eraginari esker ezagutzen dugu, Platonengan eta Aristotelesengan gehienbat. Sokratesek zuzentasun etikoa bilatu nahi zuen. K.a. 399. urtean epaitu eta hil egin zuten, bi salaketapean: atzerritar jainkoen aldeko sinesmena bultzatzea eta gazteria galbidean jartzea.
Sokratesen teoria nagusiak:
- Antierlatibismo morala: Sokratesen iritziz, balio moralak unibertsalak dira, aldaezinak, eta arrazoia erabiliz lor daitezke.
- Definizio unibertsalak: Definizio zuzen oro onargarria da edozein gizakirentzat, beti eta nonahi.
- Elkarrizketarako teknika:
- Ironia: Hizketakidearen kontraesanak ateratzean oinarritzen zen.
- Maieutika: Ezagutza gure barnean dugu, eta hau kanporatu besterik ez dugu jakintsuak izateko.
- Intelektualismo morala: Inor ez da gaiztoa nahi duelako, jardunbide zuzena ezagutzen ez duelako baizik, ezjakina delako. Jakintsuak, ordea, zuzen jokatuko du, ezagutzak ongia erakutsiko baitio.
Platon
Platon, Atenasen jaio zen K.a. 427. urtean eta 81 urte zituela hil zen. Platoni politikarako zaletasuna leinutik zetorkion eta goi mailako familia bati zegokion heziketa izan zuen. Arteak eta letrak ikasi zituen eta Sokratesekin batera, jakinduriaren bidea ikasi zuen. K.a. 399. urtean Sokratesi heriotza-zigorra ezartzeak Platonen pentsamendu politiko eta filosofikoan erabateko eragina izan zuen, eta arazo politiko eta moralak bihurtu ziren haren gogoeta-gai nagusiak. Honen ondoren, Sokratesen ikasleak arriskupean zeudenez, Platonek bidaiatzeari ekin zion. Sirakusan bere proiektu politikoak gauzatzeko aukera eskaini zioten, baina porrot egin zuen. Atenasen, K.a. 387an, Akademia eskola sortu zuen. Bertan unibertsitate-mailako ikasketak eskaintzen zituen, klase nagusiko semeak agintari edo politiko egokiak izateko prestatuz. Azkenik, pozoia hartu eta bere buruaz beste egin zuen.
Testuinguru historikoa:
K.a. 431an Espartaren eta Atenasen arteko gerra gauzatu zen Peloponeson. Atenasek galdu zuen. Platonek bi herrialdeen sistema politikoak gudarekin lotzen ditu; sofisten erlatibismoan oinarritutako demokrazian gobernatzaile ezjakinek beren onura dute helburu eta erabilitako erretorikak manipulatzeko eta boterea lortzeko balio du, herriaren zuzentasuna alde batera utzirik. Horregatik, Atenaseko demokrazia erlatibista izan zen galtzaile, eta diziplina zorrotzean oinarritutako Espartako timokrazia garaile.
Ideien teoria
Dualismo ontologikoaren araberako izateari buruzko Platonen teoriak bi mundu bereizten ditu:
- Mundu fisiko edo materiala: Zentzumenen bidez antzematen dugu, baina Platonen iritziz zentzumenek iruzur egiten digute, beraz, ez da egiazkoa. Bestalde, ideien munduaren kopia da. Jatorrizko ideien isla dira mundu materialeko gauza guztiak. Kopia materialen ezaugarriei dagokienez, garrantzitsuenak dira aldakorrak eta hilkorrak direla; ideiak dituztela eredu eta existitzeko arrazoi; ez direla unibertsalak; eta, azkenik, mugatuak direla, eta askotarikoak.
- Ideien mundua: Mundu adigarri eta ulergarri honetan arrazoimenaren eta logikaren bidez sar gaitezke. Gainera, benetako mundu bakarra da. Antolakuntza hierarkikoz dago osatua eta ideia guztien mailakatze horren puntu gorenean ongiaren ideia dago, mundu adigarria argitzen duena, ulergarri egiten duena (mundu sentigarrian eguzkiak argitu eta ikusgarri egiten dituen moduan gauza materialak). Ideien mundua mundu materialeko gauzen ereduez dago osatua, hots, ideiez, eta hauei esker uler ditzakegu mundu materialeko gauzak. Hauexek dira ideien ezaugarri nagusiak: aldaezinak eta betierekoak dira; ez dira materialak, ezin dira zentzumenen bidez hauteman; unibertsalak dira; arrazionalak eta adigarriak dira, arrazoimenaren bitartez uler daitezke; eta mundu materialeko gauzen ereduak dira, hauen erreferentzia puntuak eta zergatikoak. Parmenidesek eta Pitagorasek aurreikusitako mundu perfektu, zehatz eta unibertsala da mundu adigarria.
Ongiaren kontzeptua
Haitzuloaren mitoaren bidez Platonek adierazten duen bezala, gizakiok mundu materialean gaude gatibu. Haitzulo bateko barruko hormaren aurrean gaude kateaturik. Haitzulotik kanpo ideien mundua dago. Eguzkiaren bidez, ideien munduko ideien islak ikus ditzakegu, eta kopiak diren gauza materialok direnez ezagutzen dugun bakarra, egiazko izaki bakartzat hartzen ditugu. Baina bada kateetatik askatu, haitzulotik irten eta ideien mundura iristea lortzen duena. Kateetatik askatutakoa, hasieran, gehiegizko argiaz itsututa, baldar moldatuko da mundu berrian. Ideien mundua hierarkikoki antolatzen da: aurrena, zentzumen-munduko gauzak eta izakien jatorrizko ideiak daude; hurrena, objektu matematikoei buruzkoak; maila goragokoan, ideia etiko eta estetikoen jatorriak (edertasuna, adibidez); eta, azkenik, Ongia. Metafora heliologikoaren arabera, eguzkiak mundu materialeko gauzak ikusgarri egiten dituen bezala, Ongiak ulergarri egiten ditu mundu adigarriko ideiak. Maila hauetatik goranzko bidea heziketa dialektikoaren eskutik egiten da, elkarrizketaren bidez hain zuzen. Ideien munduko kontzeptuak direnez benetako jakintza, eta azken helburua Ongia, bide filosofikoaren helburua Ongia ezagutzea izango da.