Sokrates eta Platon: Antzinako Filosofiaren Oinarriak
Sokrates: Erlatibismoaren Aurka eta Egiaren Bilaketa
Sokrates sofisten pentsamenduaren kontra zegoen erabat, izan ere, hauek proposatutako erlatibismoaren kontra zegoen. Sokratesek antierlatibismo morala aldarrikatzen zuen, hau da, guztientzat baliagarria den araua proposatu zuen, nahiz eta hau utopia bat izan. Beraz, sofisten pentsaerari kontra egiteko, Sokratesek elkarrizketa bidezko argudiaketa eta definizio unibertsalak proposatu zituen.
Elkarrizketa bidezko argudiaketa: Ironia eta Maieutika
Elkarrizketari dagokionez, filosofoak ironia eta maieutika erabiltzen zituen egia lortzeko:
- Ironiaren bidez, hau da, ezjakinaren itxura eginez, solaskidea zalantzan jarri eta gezurraren aitorpena lortzen zuen, erantzun desegokiak baztertuz.
- Maieutikaren bitartez, Sokratesek gure barnean dauden ezagutzak kanporatzen laguntzen digu, izan ere, haren ustez, ezagutza gure barneko edukiak kanporatzean datza.
Definizio Unibertsalak eta Benetako Ongia
Honetaz gain, Sokratesek, erlatibismoaren aurka, definizio unibertsalak proposatu zituen, hau da, Sokratesentzat benetako Ongia existitzen zen, eta ezagutu egin behar zen, honek giza portaera baldintzatzen zuelako. Ongi edo egia hori norberak bere baitan aurkitu behar du, eta horretarako, goian aztertutako ironia eta maieutika erabiltzen ditu.
Platon: Ideien Mundua, Arima eta Estatu Ideala
Ideien Mundua eta Ezagutza
Platonen ustez, mundu sentikorrari dagokion ezagutzatik ideien munduari dagokion ezagutzara igotzea ezinbestekoa da jakinduria lortzeko; bertan baitago ideia gorena, ezagutza maila gorena.
Haitzuloko Alegoria
Haitzuloko alegorian, hasieran gizakia kobazuloaren barruan dago eta itzalak baino ez ditu ikusten, hau da, mundu fisikoa baino ez du ezagutzen eta bertako objektuak edo ideien ereduak baino ez ditu ezagutzen; bestalde, gora igotzean, eguzkia ikusten du, beste era batera esanda, ideien mundua ezagutu eta benetako ezagutza lortzen du: zientzia. Mundu batetik besterako jauzi hori, arimaren bitartez egiten da Platonen ustez. Ideia gorena Ongia da; hainbat azpi-ideia daude, jendeak normalean dakiena, baina jakintsuek bakarrik lortzen dute Ongia ezagutzea.
Dualismoa eta Arimaren Teoria
Platonek dualismoa aldarrikatzen du eta, hau ulertzeko, ezinbestekoa da arimaren teoria kontuan hartzea. Platonen ustez, gizakia bi osagaiez osatuta dago: gorputza eta arima. Arima, gizakiaren zati hilezkorra da eta gorputza, zati hilkorra, arimaren kartzela.
Arimaren hiru zatiak
Platonek arimak hiru zati dituela aldarrikatzen du:
- Zati arrazionala: Gizakiaren goi-mailako gaitasuna da, buruan dago eta gobernariei dagokie. Hiltzen ez den bakarra da eta haren helburua gorputzetik askatzea da, ideien mundura itzultzeko aukera izateko.
- Zati oldarkorra: Bihotzean dago, soldaduei dagokie eta koldarkeria, menpekotasuna eta ausardia bezalako sentimenduak biltzen ditu.
- Zati irriztsua: Sabelean dago, langileei dagokie eta sena, gosea, desioak eta bestelako nahierak sentitzen ditu.
Estatu Ideala eta Gobernu Motak
Platonen ustez, gizakiak hiru bertute edo gaitasun ditu: zuhurtasuna, sendotasuna eta neurritasuna. Bertute hauetan oinarrituta, Platonek estatu edo hiri idealaren proposamena egiten du, filosofoarentzat politika arlo oso garrantzitsua baitzen, eta zoriontasuna haren modeloaren arabera baino ezin delako lortu.
Gizartearen banaketa eta bertuteak
Platonek gizartea taldetan banatzen du, era klasista batean:
- Gobernariak: Zuhurtasuna dute; beraz, gizartearen buru izan behar dute, ideien mundua ezagutzen duten bakarrak direlako eta hiria gidatu ahal izango dutelako.
- Zaintzaileak: Sendotasuna dute eta hiria defendatu behar dute.
- Ekoizleak: Neurritasuna dute eta gizartearentzat ekoitzi behar dute.
Horrez gain, Platonek ondasunak guztienak izan behar direla dio, eta estatu totalitarioa aldarrikatzen du.
Gobernu moten sailkapena
Hemendik abiatuta, dauden gobernu moten sailkapena egiten du:
- Monarkia
- Timokrazia
- Oligarkia
- Demokrazia
- Tirania