Sofistak eta Sokrates: Greziako Filosofiaren Aldaketa

Filosofia eta etika2,79 KB

Sofistak: Greziako Ilustrazioaren Aitzindariak

Sofistak: Greziako polis askotan demokrazia ezartzeko, beste polis batzuetatik pertsona ekintzaile asko iritsi ziren. Haiek izan ziren sofistak: ideia berriak hedatu zituzten eta ilustrazio greziarra sortzen lagundu zuten. Lehen irakasle profesionalak izan arren, ezin zuten zuzenean politikan parte hartu, atzerritarrak zirelako.

Sofistekin, pentsamendu greziarrak gizakia jarri zuen erdigunean, eta ordura arteko filosofiaren bereizgarri zen naturari buruzko hausnarketa bigarren mailan gelditu zen. Hausnarketa gizarte eta politikako gaietara bideratu zuten, gai kosmologikoetara baino gehiago.

Eszeptizismoa eta Erlatibismoa

Sofisten pentsamenduak bi zutabe nagusi izan zituen:

  • Eszeptizismoa: Jarrera filosofiko honen arabera, gizakia ezin da egiara iritsi; horregatik, pentsatzen duen guztia iritzi hutsak dira, denak balio berekoak.
  • Erlatibismoa: Jarrera honen arabera, norberarentzat egia da egia iruditzen zaiona (esparru teorikoa) eta ona, berriz, norberari ona iruditzen zaiona (esparru praktikoa).

Lehen sofistengan, erlatibismoa teorikoa besterik ez zen izan: ukatu egiten zuten esparru teorikoan balio unibertsala zuen egia absoluturik zegoenik, eta iritzi pertsonalak bakarrik existitzen zirela zioten. Gauzak nolakoak diren jakin beharrean, une jakin batean duten itxura bakarrik ezagutu daitekeela defendatzen zuten. Protagorasen ustez, zentzumenek hautemandako objektuak bakarrik existitzen ziren, eta jainkoei buruz ezin zela ezer jakin zioen.

Moralaren Erlatibismoa eta Legeak

Eszeptizismoa eta erlatibismoa moralak ere izan ziren: ona eta txarra zer diren erabakitzeko egia absoluturik gabe, ez zegoen gizakia nola bizi behar zen esateko aukerarik. Ez zegoen bizikidetza antolatzeko izaera unibertsaleko irizpide baliodunik, gizaki bakoitzarentzat hari iruditutakoa baitzen ona edo txarra. Gizarteko bizikidetza arautzen duten legeak ere arbitrario eta konbentzionaltzat zituzten.

Sokrates: Arrazoia eta Jakintza Unibertsala

Sokrates: Sokratesek zioen giza arrazoia gai dela definizio batera iristeko hainbat kasu zehatz aztertu ondoren. Indukzioa esaten zion prozesu horri; definizio horretan, gizakiak errealitatearen esentzia erdietsi eta jakintza unibertsala eskuratzen du.

Zientzia, Bertutea eta Intelektualismo Morala

Zientzia gauza partikularrak alderatu eta gauzen esentziara iristean bakarrik lortzen da. Sokratesek zientzia bertutearekin ere identifikatzen zuen. Bertutetsua izatea ongia egitean datza eta, Sokratesen hitzetan, inork ez du gaizkia nahita egiten, ezjakintasunagatik baizik.

Deskargatu

PDF Word HTML