Sapere Aude: Kanten Ilustrazioa eta Arrazoiaren Erabilera
Sapere Aude: Ausartu zaitez pentsatzera
“Sapere aude!” latindar esamoldea era honetan itzul daiteke: ausart zaitez pentsatzera. Honela ere interpreta daiteke: izan adore zure kabuz arrazoia erabiltzeko.
Autonomia eta heteronomiaren arteko aldea
Horretarako ezinbestekoa zaigu askatasuna eta autonomia. Autonomiak bereizten ditu gizakiak. Era autonomoan jarduteak heteronomia atzean uzten dela esan nahi du; besteen iritziak kontuan izan barik.
Adingabetasuna eta tutoretzaren uztarria
Ilustrazioaren garaian, eta ez garai ilustratuan, gehiengoak koldarkeria edota erosotasunagatik jarraitzen du erruzko adingabetasunean, tutoretza politiko zein erlijiosoaren menpe. Kantentzat, adingabetasuna atzean uzteko garaia da, gizakia bere kabuz pentsatzeko garaia.
Adingabetasuna gizadiak Ilustrazioaren aurretik zuen egoera da, gidaritza edo tutoreen mendekoa. Adingabetasunak besteen gidaritzarik gabe nork bere arrazoiaz baliatzeko ezintasuna adierazten du. Kanten arabera, gizadia bera da egoera horren errudun, koldarkeriaren eta alferkerian aritzeagatik.
Arrazoiaren erabilera kritikoa eta autonomoa
Arrazoiak soilik gida dezake gizakia betetasunera eta nagusitasunera, eta horregatik dirau adingabe gizakiak arrazoiaren erabilera kritikoaren eta autonomoaren bidea hartzen ez duen bitartean. Gidaritza edo tutoreak hauexek dira: arrazoiaren garapen autonomoa eragozten dutenak; tutoretza ere esaten die Kantek.
Tutoreak hainbat arlotan aritu dira —erlijiosoan, teorikoan, praktikoan— gizakiak abere otzan eta pasiboak bihurtzen, eta arrazoiaren erabilera askea galarazten. Hori dela eta, Ilustrazioaren zeregina gizakia gidaritza arrotz horietatik askatzea da, nor bere kabuz pentsatzen hasteko.
Arrazoiaren erabilera publikoa eta askatasuna
Azkenik, arrazoiaren erabilera publikoak arrazoiaren erabilera librea esan nahi du, adingabetasunaren uztarritik aske. Beste hitz batzuekin esateko: nork bere kabuz pentsatzera, tutore edo gidaritza arrotzetik libre.
Zentzu hertsian, arrazoiaren erabilera publikoa iritzi edo adierazpen askatasunean gauzatzen da. Eskubide eta erantzukizun hori Ilustrazioaren baldintza da, eta horren bidez, aldatu eta hobetu ahal izango dira edozein arlotako sineskerak eta legeak. Kantentzat, hauxe da gizarteak aurrerapenerako duen bide baketsu bakarra.