San Agustin: Ezagutza, Egia eta Argiztapena

Filosofia eta etika2,57 KB

Ezagutza: Jainkoa eta Ideia Eredugarriak

Helburua eta Eszeptizismoaren Aurkako Argudioa

Agustinen ustez, gizakiaren helburua zoriontasuna eta jakituria dira. Bi elementu hauek lortzeko, Jainkoa ezagutzea ezinbestekoa da, besteak beste, gizakiaren nahia asebetetzen duelako. Ondorioz, San Agustinen kezka nagusia ezagutza horietara iristeko gizakiak hartu beharreko bidea argitzea izango da.

Egiaren bilakuntza horretan, Agustinek eszeptizismoari aurre egin nahi zion. Eszeptizismoaren tesian oinarrituz, argudiatu zuen ezagutza ziurrik ez bazegoen, beraiek zioten moduan, tesi ziurrik ere ezin zitekeela egon. Horretaz gain, Agustinen arabera, badaude ukaezinak diren hainbat egia. Esaterako, ziurtasunez dakit existitzen naizela. Izan ere, nire adimenak huts egiten badu edo nire ezagutzak zalantzan jartzen baditut ere, existitzen naizela ziurra da. Argudio honek XVII. mendeko Aro Berriko filosofiari hasiera emango dio, Descartesen eskutik.

Ezagutza Motak: Sentikorra eta Arrazoimenezkoa

Ezagutza ziurra posible dela eta gizakia arimaz eta gorputzez osatuta dagoela kontuan hartuta, Agustinek ezagutza sentikorra eta benetako ezagutza bereizi zituen:

  1. Ezagutza Sentikorra: Zentzumenezkoa da. Garrantzitsua bada ere, ez da nahikoa, bertatik gauza aldakorrak soilik hauteman daitezkeelako.
  2. Ezagutza Arrazoimenezkoa: Gizakiak bereizten gaituena da. Egia gizaki bakoitzak bere barnean aurkitu behar du.

Arrazoimenezko ezagutzan bi maila bereizten dira:

  • Zientzia (beheko maila): Gertaerak eta datuak argumentatzen ditu.
  • Jakituria (goiko maila): Egiak ezagutzera bideratzen gaitu.

Jainkoaren Ideia Eredugarriak eta Argiztapena

Jainkoak egia horiek —edo gauzen ideia eredugarriak— gizakiaren esku jarri ditu, eta horiek ezagutzeko prozesuari kontemplazioa deitzen dio Agustinek.

Hala ere, gizakiak Jainkoaren argiztapen prozesua behar du egia aurkitzeko. Gizakiak Jainkoaren presentzia hori bere arimaren barnean aurki dezake.

San Agustinek, Platonek bezala, munduko gauza guztien ereduak diren ideia perfektuen existentzia aldarrikatzen du, baina Jainkoaren adimenean kokatzen ditu, mundu ulergarrian kokatu beharrean. Bere ustez, ezin da egia aldaezinik ezagutu Jainkoaren argirik ez badugu (Ongiaren ideia Platonikoa), izan ere, argiztapen hori izango da betiereko ideiak adimenari ulergarri egiten dizkiona.

Deskargatu

PDF Word HTML