San Agustin: Antropologia eta Gaitzaren Arazoa
Gizakia: Arima eta Gorputza
Gizakiari buruzko agustindar filosofiak eredu dualistari jarraitzen dio. Agustinen idazlan guztiak bezala, haren antropologiak ere neoplatonismoaren kutsua du. Jainkoak bere irudira eta antzera egin zuen gizakia.
Gizakia izaki konposatua da, arima hilezkorrez eta gorputz hilkorrez osaturiko izakia; hau da, kreazioaren gailurra da. Gizakia gorputz hilkor eta mundukoaz baliatzen den arima arrazoiduna da. Bi substantziak osatzen dute gizakia: arimak eta gorputzak, baina ariman dago lehentasuna. Platonen eragina nabaria da gai honetan.
Arimaren Sorrerari Buruzko Teoriak
Arimaren sorrerari buruz, Agustinek ez du onartzen Platonen pentsamendua, zeinak baitio arima gorputzarekin bat egin aurretik ideien munduan aurrez existitzen zela. Agustinen pentsamendua gai honi buruz bi etapatik igarotzen da:
- Traduzianismoa: Lehen etapan onartua; gurasoek sortzen dute seme-alaben arima, kandela batek beste bat pizten duen bezala. Horrela hobeto azal daiteke jatorrizko bekatuaren transmisioa.
- Kreazionismoa: Bigarren etapan onartua; Jainkoak banan-banan eta zuzenean gorputz bakoitzean jartzeko sortzen ditu arimak, sorrera hori zer unetan gertatzen den zehazten ez badu ere.
Gaitzaren Arazoa San Agustinen Pentsamenduan
San Agustin bizitza osoan gaitzaren arazoaz kezkaturik ibili zen. Gaitza munduan etengabe ikus daitekeen zerbait dela iritzita, bi mota bereizten ditu:
- Naturaren gaitz fisikoak: Lurrikarak, ekaitzak, lehorteak, gaixotasunak, eta abar.
- Gaitz moralak: Gaiztakeria, krimena, mendekua, gerrateak, adimen-ahultasunak, depresioak, bakardadea, larritasuna eta beldurrak.
Gaitzaren Natura eta Ongia
San Agustinek gaitz fisikoa izaki sortuen ustelgarritasun-ikuspegitik ikusten du. Ustelgarritasuna ez da gaitz bat bere baitan; gauza ustelkorrak onak dira, Jainkoak sortu duen oro ona baita. Gauzak ustelkorrak dira, zeren halakoak izango ez balira, Jainkoa lirateke. Onak izango ez balira, ez lirateke existituko.
Beraz, existitzen diren gauza guztiak onak dira, baina ez absolutuki (guztiz) onak. Jainkoa izaki betea da, ongi absolutu eta aldaezina. Sorkariak, izaki sortuak eta giza natura, ordea, izatea duten neurrian dira onak. Hala, izatearen proportzioan dago ongia; beraz, gaitza ezin har dezakegu ongiaren kontrakotzat. Gaitza ongi zehatz baten ausentziari jartzen diogun izena besterik ez da.