Sabino Arana eta Euskal Nazionalismoaren Garapena
Eskola alemaniarraren nazio kontzeptua bereganatu zuen, eta bere nazionalismoak zerikusia zuen karlismoarekin eta intransigenteekin. Iragana idealizatzen zuen. Bere leloa “Jaungoikoa eta Lege Zarra” zen. Foruak esan beharrean “Lagizarra” esaten du: lege tradizionalak eta ohiturak eta erabilera onak adierazteko. Goi burgesiak ezarri zuen sistema kapitalistaren kontra agertu zen, klase horrek foru garaiko gizarte-talde ohikoak baztertzen zituelako. Industriaren kontra zegoen, berarekin batera lehenengo ohitura eta egitura desagerpena etorriko zelako. Industriarekin batera burgesia txikia sortu zen, lantegi txikien jabea eta merkatu bezala Espainia ez zuena, probintzia eta Euskal Herria baizik. Erdi mailako edo behe burgesia honek ez zuen nahi ez iraultza sozialistarik, ez eta goi burgesiak arau guztiak markatzea. Hirietako erdiko klaseak, nekazariak eta arrantzaleak ere nazionalismoan sartu ziren. Etorkinak errefusatzen zituen, hauen etorrerak industria posible egiten zuelako. Gainera, kanpotarrek sozialismoa zekarten. Iragana goraipatzean ohizko erlijiotasuna ere azpimarratzen zuen. Nazionalismoa Euskal Herria katolikoa mantentzeko bide bat zen. Aranak nazioa ezaugarri batzuen bidez adierazten zituen: arraza, hizkuntza, gobernua eta legeak, izaera, ohiturak eta nortasun historikoa, arrazari garrantzia berezia emanez.
Hiru fase nagusi:
Erradikalismo politikoaren garaia (1893-1898)
Espainia gaitz guztien erruduna zen, estatu liberalak Foruak ezabatu baitzituen. Independentziaren eta euskal estatu konfederala osatzearen aldekoa zen. Erlijio katolikoa eta arraza ziren euskal nazioaren oinarrizko zutabeak. EAJ alderdia sortu zuen 1895ean.
Jarrera moderatua (1898-1902): Bizkaiko diputazioan
Diputazioan sartu zen. Jarrera pragmatikoa izan zuen. Jarrera moderatu hau ez zen ideologia mailara eraman, eta 1898 urtetik aurrera alderdian bikoiztasuna agertu zen: independentziaren aldeko ideologia.
Autonomiaren aldeko jarrera (1902-1903)
Teoriaren eta praktikaren arteko kontraesana gainditu nahian, Euskadiko independentziari uko egin zion eta horren ordez autonomia erradikal baten defentsa egin zuen, beti ere Espainiako estatu barruan. EAJ alderdiaren desagertzea ere proposatu zuen eta alderdi berri baten sorrera. Honek ez zuen arrakastarik izan, Sabino Arana hil egin zelako.