Psikologiaren historia eta eskolak
Funtzionalismoa
- William James (1842-1910) fisiologo eta psikologo estatubatuarra Fisiologiako irakaslea zen, baina Biologia, Psikologia eta Filosofia ere irakatsi zituen. Bere laborategia zabaldu zuen Massachussets-en. Asmoa faktore fisiologikoek gogamen prozesuetan duten eragina irakastea zen.
- 1890ean, Psikologiaren Printzipioak lana argitaratu zuen. Gogamena ikertzen zuen bertan eta Wundten aurka agertu zen, hark gogamenaren estrukturari erreparatzen ziolako eta ez haren funtzioari. Wundtek, berriz, Jamesek aurkezten zuen psikologia estua, artifiziala eta inozoa zela esan zuen.
- Funtzionalismo izena eman zitzaion korronte honi, James psikologiaren alde praktikoaz arduratu baitzen eta, eguneroko bizitzara aplika zitekeen korrontea sortu nahi baitzuen. Bere ustez, askoz ere interesgarriagoa da gizakiak bere inguruan moldatzeko erabili ohi dituen errekurtsoak aztertzea gogamenaren egitura aztertzea baino. Psikologiaren helburua kontzientziak eta beste gogamen prozesuek gizakiari esperientzietara moldatzen nola laguntzen dioten ulertzea izan behar du eta, horregatik, Jamesen lanaren ardatza gogamenak nola funtzionatzen duen aztertzea izan zen.
Gestalt
- Korronte honetako psikologo alemaniarrek ere asko kritikatu zuten Wundten ikuspegia. Ez zuten pertzepzioa sentsazioz osatzen zenik uste eta osotasuna osagaien batura baino zerbait gehiago zela esaten zuten.
Psikologia-eskolak
Sigmund Freud
Bizitza
- Austroungariar inperioan jaio zen.
- Vienara joan zen bizitzera eta sendagile egin zen han.
- Parisen lan egin zuen Jean Charcot neurologoarekin.
- Hipnosia erabiltzen hasi zen tratamendu eran.
- Gerora, Freudek hipnosia alboratu eta psikoanalisia garatuko zuen.
- Hitler agintera iritsi zenean, bere lanak erre egin zituzten. Jatorri judukoa zenez, 1938an Londresera egin behar izan zuen ihes eta hurrengo urtean hil zen, 83 urte zituela.
Lan ezagunenak
- Psikoanalisiaren hastapenak
- Ametsen interpretazioa
- Histeria
- Nia eta Zera
Freuden jarraitzaileak
Psikoanalisiak, kontrako amorratuak izan bazituen ere, nahikoa arrakasta izan zuen garaiko psikologoen artean, eta Freud-en jarraitzaileak Psikoanalisiaren nazioarteko elkartean bildu ziren 1910ean. Gero, psikoanalisiaren barruan sartzen diren zenbait autorek aldatu egin zuten Freudek inkontzienteari buruz zuen ikuspegia.
Behaviorismoa edo konduktismoa
Watson
- XX. mendean, psikologia korronte hau nabarmen garatu zen. John B. Watson (1878-1958) izan zen sortzailea 1913an Psikologia konduktismoaren ikuspegitik izeneko lana argitaratu zuenean.
- Bertan introspekzioa baztertu zuen eta psikologiari objektibotasuna ematen saiatu zen. Ez zuen gogamenera edo fisiologiaren laguntzarik nahi eta estimuluei eta haien ondorioei eman zien garrantzia. Hori dela eta, behavioristek laborategian lan egiten dute eta praktikotasuna bilatzen dute.
Usteak
- Psikologia natura-zientzien adar bat da eta bere helburua deskribatu, aurreikusi eta jokaera kontrolatzea da.
- Animalien eta gizakien artean ez dago etenik, jarraipena baizik.
- Kontzientzia ez dago zertan aipatu beharrik.
- Jokaerak estimulu eta erantzunez osatuta daude eta nortasuna ikasitakoaren ondorioa da.
- Jokaerak estimulu eta erantzunez osatuta daude. Psikologo konduktistak animalia eta pertsonen jokaerak ikertzen ditu, metodo esperimentala erabiliz.
- Psikologiak praktikoa izan behar du, bizitzan oinarritutakoa eta gizartearentzako onuragarria.
Pavlov
- Ivan Pavlovek (1849-1936) Medikuntza ikasi zuen eta, 1893an, bihotzeko nerbioen funtzioari buruzko tesia aurkeztu zuen, doktoretza lortuz. Medikuntza esperimentaleko institutu berriko fisiologia laborategiko zuzendari izendatu zuten eta Fisiologiako irakasle ere izan zen. 1904an, urdail-glandulen lanari buruzko ikerketengatik Medikuntzako Nobel Saria eman zioten.
- Baldintzazko erreflexuaren aurkikuntza eta azterketa zor zaio Pavlovi.
Aurkikuntza honek eman zion hasierako bulkada mugimendu behavioristari, hau da, ikaskuntzaren azterketa eta ikerketari.
- Pavloven txakurrak
Thorndike
- Watsonen garaikide izan zen (1874-1949) eta Jamesen ikasle izan zen.
- Animalien psikologia ikertu zuen. Ezaguna da katuekin egin zuen esperimentua.
Skinner
- B. Frederik Skinner (1904-1991) Organismoen jokabidea lanaren autorea da.
- 1948an, Walden Dos zientzia-fikziozko eleberria idatzi zuen eta hantxe azaldu zituen konduktismoari eta jokabidearen ingeniaritzari buruzko ideiak. Thoreauren Walden oinarri hartuz, utopia baten erretratua egiten du. Gizarte honetan elkarbizitzarako gaitasuna hobetu nahi dute, instintuen garrantzia kontrolpean jarriz.
- Nortasuna berezko aspektu inkontzientean, moralean edo emozionalean, "ez dela existitzen" esatera iritsi zen. Skinnerren ustez, nortasuna produktu faltsua da, bere ezaugarriek begiratzen duenaren begietan baino ez baitaude. Autore honek jokabidea egoera bakoitzean agertzen diren gertakizun zehatz batzuen ondorio dela dio.
- Aurkariek gizakiaren aukera gaitasuna eta askatasuna ezerezean jartzea aurpegiratzen diote.
Psikologia humanista
| Eskola | Egiten dituen kritikak | Jasandako kritikak |
|---|---|---|
| Maslow (1903-1970) - Psikologia humanistaren ordezkari garrantzitsuena da. - Maslowren piramidea deritzona osatu zuen. Haren ustez, motibazioa integratua eta hierarkikoa da. Behar batzuk goi-mailakoak dira eta ezin dira ase azpiko beharrak asetzen ez diren bitartean. Adibidez, segurtasun beharra ase gero, kidetasun eta afektu beharrari erreparatu behar diogu, baina ezin da hau izan bestearen aurretik. Gorengo beharra gizakiari asetasun edo osotasun sentimendua ematen dion autoerrealizazioa da. - Hala ere, askotan, gure benetako beharrak baztertu egiten ditugu besteenak kontuan hartuta (familia, eskola, gizartea) eta ezin dugu zoriontsu izan. Esan bezala, pertsonaren helburua autoerrealizazioa da eta, horretarako, bakoitzak bere burua onartu behar du. | ||
| Rogers (1902-1982) - Bere teoriaren oinarria Gaurkotzeko Joera da: Gizakiak gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko motibazio innatoa du. Ez da biziraupen soila, gauzak hobeto egiteko gogoa baizik. Gizakiak garatu egin nahi du eta errealizazioa lortzen saiatu. - Pertsonaren harremanak aztertzen ditu: intrapertsonalak (norberak bere buruarekin dituenak) eta interpertsonalak (besteekin dituen harremanak). Rogersen teoria autokontzeptuan oinarritzen da eta horixe da nortasunaren ardatza. Autokontzeptua bi faktoreen arabera eraikitzen da:
|
Psikologia kognitiboa
- Korronte honentzako, konduktismoa oso mugatua da, estimulu eta erantzunen artean, kontuan hartu behar baita era berean, gogamen prozesuen ekina.
- Gizakia informazioaren prozesadore aktiboa da eta ez erantzule pasiboa.
- Ikuspegi kognitiboek eragin handia dute gaur egun, baina kritikak ere jasotzen dituzte; zabalduena emozioei eta sentimenduei garrantzirik ez emateari buruzkoa da.
Psikologiaren ikerketa-alorrak
Psikologia esperimentala
- Metodo esperimentalaren bitartez fenomeno psikikoak eta organismoaren portaera ikertzen dituen psikologia da.
- Hainbat autorek konduktismoak erabiltzen duen psikologia kontsideratzen dute eta bere ikerketa laborategiko egoerara mugatzen dute.
Psikofisiologia
- Gizakiaren eta animalien portaeraren oinarri fisiologikoak aztertzen ditu. Fisiologia eta jokaera erlazionatu nahi ditu.
- Adibidez, jokabide oldarkorra gertatzen denean, arazoaren arrazoia bilatzeko, zerebroan jarduera handiena duen unea aztertzen da. Psikofisiologoek beste alorretako zientzialariekin harreman estuak izan ohi dituzte: biologoekin, kimikariekin, etologoekin… eta, askotan, elkarrekin lan-taldeak sortzen dituzte.
Garapenaren psikologia
- Jaiotzatik heldutasunera arte, gizakiaren jokabideak izaten dituen aldaketak aztertzen ditu. Helburua bizitzako garapen-fase bakoitzaren ezaugarri orokorrak zehaztea du.
Psikologia klinikoa
- Jokabidean eta emozioetan gertatzen diren nahasteak aztertzen ditu, diagnostikoa eman eta terapia ezartzen du. Buruko nahasteak (psikosia, eskizofreniak, etab.) sendatzen ahalegintzen da eta, horretaz gain, adimen-atzerapenak, drogamenpekotasunak, depresioak, gizarteratze-arazoek, antsietate edo sexu arazoek sorrarazitako jokabide arazoak ere aztertzen ditu.
- Komenigarria da psikologo klinikoaren eta psikiatraren artean dagoen desberdintasuna bereiztea.
- Ez gutxitan teknika berdinak erabili arren, psikiatra medikua da, buruko gaixoak sendatzen espezializatuta dagoen medikua alegia, eta gaixoak sendatzeko, medikuntzan oinarritutako azterketak eta metodoak erabili ohi ditu (analisiak, eskanerrak, botikak, kirurgia…). Medikua delako erabil ditzake hainbat botika bere tratamenduan.
- Psikologo klinikoa, ordea, terapeuta da eta jokabidean oinarritutako azterketak egin ondoren, terapia psikologikoak erabili ohi ditu pazienteari jokabidea aldatzen laguntzeko asmoz. Maiz, psikiatrekin lankidetzan aritzen dira.
Ikaskuntzaren psikologia
- Helburua heziketarekin zerikusia duten arazo psikologikoak aztertzea da. Askok ikasteko arazoak dituzten ikasleekin bakarrik lan egiten dutela uste arren, ikaskuntzaren psikologoen zeregin profesionala beraien kargu dauden ikasle guztiak dira.
- Eskola-psikologoek irakasleekin lan egiten dute eta helburu heziketa-prozesuan sor daitezkeen arazoak konpontzen laguntzea da. Askotan, psikologoen eta pedagogoen lanak nahasten dira, hauek ikuspuntu ezberdin batetik abiatzen badira ere.
Lanerako adibideak
- Ikasleen gaitasunak neurtzeko testak pasa.
- Teknika pedagogikoen hobekuntzarako proposamenak egin.
- Ikasle supergaituentzako edo egunerokoa jarraitzeko zailtasunak dituztenentzako programa espezifikoak diseinatu.
- Etorkizuneko lanbide posibleak proposatu…
Psikologia soziala
- Helburua gizarte-taldeek eta komunikabideek gizakiaren jokabidean duten eragina aztertzea da.
Ikerketarako adibideak
- Publizitateak kolektibitatean duen eragina.
- Aurreiritzi sozialak.
- Taldeen arteko harremanak.
- Nahaste psikologikoen oinarri sozialak…
Psikologia industriala
- Helburua gizakiak parte hartzen duen industria eta laneko hainbat arlo aztertzea da. Lan esparru zabala du.
Lanerako adibideak
- Pertsonala aukeratzea (testak eta elkarrizketak erabili ohi ditu).
- Bakoitzaren gaitasunen arabera, lan-taldeak eratzea.
- Dagozkion gaitasunen eta prestakuntzen arabera, langile bakoitzari lanpostua egokitzea.
- Kontsumitzaile posibleen gustuak aztertzea…