Prezipitazio motak: Konektiboak, orografikoak eta frontalak
Prezipitazio motak eta haien jatorria
Prezipitazio konektiboak
Airea gune jakin batean berotu eta gora egitean (korronte nahiko bortitzak) sortzen dira. Airea lurrazaleko alde beroagoak ukitzean berotzen da; hortaz, gora egiten du. Gorantz egin ahala, dilatatu eta hoztu egiten da, eta aire-masa hori bizkorrago iristen da ihintz-puntura; ondorioz, ur-lurruna kondentsatzen da eta hodeiak eratzen dira. Prezipitazio mota horretan tantak handiak izaten dira; izan ere, diametro eta pisu jakin bat behar izaten dute erortzeko.
Prezipitazio orografikoak
Airea gorabehera topografiko handi samarren gainetik pasatzean sortzen dira, hala nola mendi baten gainetik. Aire hezeak mendian gora egitean eta tenperatura baxuagoa aurkitzean, ur-lurruna kondentsatzen da eta hodeiak sortzen dira; horrexegatik ohikoak izaten dira prezipitazioak mendi-hegaletan. Hori dela eta, beste aldeko hegaletik jaisten den airea epelagoa eta lehorragoa da. Azaldutako fenomenoari Foehn efektua esaten zaio. Honen adibide Saharako basamortuak dira. Euskal Herriari dagokionez, iparraldean, Kantauri itsasotik datozen haize fresko eta hezeak hartzen dituzte.
Prezipitazio frontalak
Hauek fronteek ekartzen dituztenak dira. Tenperatura bera ez duten bi aire-masa elkartzen direnean sortzen dira fronteak. Troposferan hezetasun handiko aire-masa beroak lehorragoa den aire-masa hotz batekin topo egitean kontaktuan jartzen dira; elkar bultzatzen dute, baina dentsitate desberdina dutenez gero, ia ez dira nahasten. Fronteek hodeitza eta prezipitazioak dakartzaten borraska frontalak eratzen dituzte. Meteorologoek hiru fronte mota bereizten dituzte: hotza, beroa eta okluditua.
- Fronte hotza: Aurrerantz doan airea hotza denean, fronte hotza esaten zaio. Fronte horren eraginez, aire beroagoak azkar egiten du gorantz; aire hotza epelagoarekin topatzen denean, azpian sartzen da eta indar handiz bultzatzen du aire beroa gorantz. Ondorioz, haize hezea azkar kondentsatzen da eta zaparradak eta trumoiak eragiten ditu.
- Fronte beroa: Aire beroak aurrerantz egiten duenean, fronte beroa esaten zaio. Aire beroak, dentsitate txikiagoa duenez, gorantz egiten du leunki. Ondorioz, zirimiri edo euri leun eta jarraituak sortzen ditu.