Platonen Hiri Ideala eta Gobernu Formen Azterketa
Platonen Hiri Ideala eta Gizarte Sailak
Platonek arimaren hiru zatiak hartzen ditu kontuan, eta horietan oinarrituta, gobernari lana egingo zuten agintariek prestakuntza aproposa eta berezia jaso dezaten proposatzen du. Bere gogoetak Errepublika obran biltzen ditu, gizateriarentzat bideratu beharreko hezkuntzarik egokienaren ildo nagusiak proposatuz. Helburua zuzentasuna da; izan ere, asko dira hirietan sortzen diren egitekoak, eta bakoitzak bere gaitasunen arabera aproposena hautatu behar du. Gizakiek elkarlanean jardun behar dute hiriaren babespean, guztien beharrizan ekonomikoak asetzeko. Hirian beharrizan berriak sortu ahala, beste lanbide batzuk sortuko dira. Gerran, esaterako (Platonen ustez, arrazoi ekonomikoak direla medio), soldaduak eta zaindariak berebizikoak dira. Haien heziketan garrantzitsua da matematika, adimena lantzeko. Haietatik onenak aukeratu behar dira heziketa-prozesu luze baten ondoren; baita gobernariak ere. Ongia ulertzen dutenean, filosofoei dagokie estatuaren gobernua.
Gizarte Sailak
- Produktugileak: Eskulangintzan trebeak direnez, ekoitziko dute (nekazariak, eskulangileak, saltzaileak...). Haien ariman berezko irrikak oso nabarmenak dira.
- Zaintzaileak: Gaitasun fisiko eta moralaz horniturik egon behar dute gizartearen defentsarako.
- Gobernari Filosofoak: Haien bertute nagusia zuhurtasuna da.
Justizia eta Gobernu Mota Idealak
Bakoitzak berea betetzen badu, ordena eta harmonia nagusituko dira, eta zuzentasuna ezarriko da. Gobernua garrantzitsua denez, adituen esku utzi behar da (zuzentasuna eta ongia ezagutzen dutenen esku). Onenak baino ezingo dira agintariak izan, aristokrazian oinarrituta (intelektuala). Demokraziaren inguruko Platonen iritzia ezkorra da.
Justizia bideragarria izan dadin, lehenik aberastasuna eta txirotasuna desagertu behar dira. Goi-mailako gizarte sail biek, soldaduek eta gobernari filosofoek, ez dute ondasunik edukiko; eskulangileek, berriz, pizgarri moduan izango dute. Bestetik, goi-mailako gizarte taldeek familiari uko egingo diote. Politikan parte hartzeko, familiak traba besterik ez lieke egingo, eta gizon-emakumeen arteko ezkontzak estatuak kontrolatzen ditu.
Gobernu Formen Degenerazioa
Platonek estatu eredugarriari aristokrazia deitzen dio, onenek gobernatzen baitute. Agintarien jarduera okerrek honako ereduak ekar litzakete:
- Timokrazia: Gobernariak lurraz eta bestelako ondasunez jabetzen direnean, ohorea eta handinahia bilatzen dituzte.
- Oligarkia: Agintea ondasunen jabetzan oinarritzen da, eta berez aberatsak dira. Diruzaleak eta irabazi-zaleak dira.
- Demokrazia: Herriaren gobernuan oinarritzen da, baina gobernua prestatuta ez dagoenez, ez da egokiena izango. Ezin zaio ezjakinari hiriaren agintea eman.
- Tirania: Ankerra da. Demokraziaren gehiegizko askatasuna dela bide sortzen da.