Platonen Filosofia: Ongiaren Ideia eta Eragin Nagusiak
Ongiaren Ideia Platonen Filosofian
Ongia mundu sentikorraren eta ideia guztien oinarria da; hau da, gauzek existitzeko ongia behar dute. Era berean, ezagutza unibertsalaren eta zientziaren oinarria da, gauza guztiak ezagutzeko ongia ezinbestekoa baita.
Etika eta politikaren oinarria ere bada: ongi jokatzeko eta hirian justizia ezartzeko, ongia ezinbestekoa dugu. Errealitate guztiek dute ongiaren beharra. Dialektikaren bidez, mundu sentikorretik mundu adigarrira igarotzen da, eta handik ongira ailegatzen da. Gobernariek, dialektikaren bidez, ongia ezagutu behar dute, ondoren besteak ongiaren bidetik gidatzeko (regressus).
Platonen Eragin Filosofikoak
Pitagoras
Garaiko monista bat zen eta matematikaren errealitate gorenak ezagutu nahi zituen. Arjea zenbakia zela zeritzon, eta zenbakiek propietateak dituztela: mitiko-sakratuak, biofisikoak eta aritmetiko-geometrikoak.
Antropologiari dagokionez, gizakiaren duintasuna azpimarratzen zuen orfismoaren bidez. Teoria honek dio gizakia arima eta gorputz elementuetan bereizita dagoela: arima hilezkorra da eta gorputza, aldiz, hilkorra. Etikan, proposamen morala arima pasioetatik askatzea zen.
Heraklito
Garaiko monista bat zen hau ere, eta arjea naturaren aldakortasun harmoniotsutzat hartzen zuen. Mundu sentikorrean errealitatea era ordenatu batean aldatzen dela defendatzen zuen, eta mugimendu honen jatorria aurkakoen borrokatik datorrela, batasuna eta harmonia lortuz. Antropologiari dagokionez, dualismoa dagoela zeritzon.
Parmenides
Mundu adigarrian errealitatea iraunkorra eta betierekoa dela zeritzon. Beraz, zientzia (ezagutza ziurra eta gorena) errealitate aldaezinetan oinarritzen da. Ondorioz, zientzia arrazoiaren bidez lortzen dela eta zentzuen bidez ilusioak besterik ez direla lortzen esaten zuen. Parmenidesek ez bezala, Platonen filosofian errealitate iraunkorrak (ideiak) anitzak dira, eta ez izate bakarra.
Anaxagoras
Atenasko pluralista bat zen, unibertsoaren finalismoa aztertu zuena. Azterketaren ondoren, izaki antolatzaile bat zegoela adierazi zuen, hau da, kosmoseko arrazoi ordenatzailea, eta honi Nous deitu zion. Nous kontzeptua espiritu, buru edo adimen gisa itzul genezake, eta Parmenidesen ustez gauzarik puruena zen. Platonek, aldiz, Demiurgo deitu zion adimen gisa honi.