Platonen Filosofia: Kontzeptu Garrantzitsuak
Arima
Gizakia gorputzaz eta arimaz osatuta dago. Gizakiaren ezaugarri bereizgarria arima da. Arima bizitza eta mugimenduaren printzipioa da. Gorputza arimarentzat kartzela bat da, ideietara iristeko oztopatzen duelako. Arima perfektua eta hilezkorra da; gorputza, berriz, inperfektua eta ustela. Gorputza hiltzen denean, arima beste gorputz batera doa, eta ezagutza erreminiszentzia bidez gertatzen da. Bien arteko lotura ez da naturala. Arimak hiru zati ditu:
- Arrazoimen-arima: buruan dago.
- Suminezko arima: bularrean dago.
- Irrikezko arima: sabelean dago.
Pertsona Bertutetsua
Platonek gogoan duen pertsona bertutetsua nortasun orekatua duen eta arrazoimenak gidatzen duen pertsona da.
Ikusmena
Platonek bi ikuspegi mota bereizten zituen: gorputzean dagoen ikusmena eta ariman dagoen ikusmena. Benetako filosofiak pertsona arimako begiak ideien mundurantz, gorputzetik haratago, zuzentzera bultzatzen du.
Heziera (Paideia)
Heziera ekintza bat da, zeinaren xedea gizabanakoaren eta herriaren bertutea aurkitu eta esnatzea den (erreminiszentziaren bidez). Platonek heziera sistema bat proposatzen du, gaztarotik helduaroraino hedatzen dena. Bi ikasgai nagusi proposatzen ditu:
- Matematika: Ideia matematikoak definituz arrazoimena lantzen delako. Horrekin arima purifikatu eta adimena zuzen bideratzen da.
- Dialektika: Honen bidez, ideiak antzeman eta definitu litezke. Horren bidez, ongira eta justiziara heltzen denak filosofo eta herriaren gobernari bihur daiteke.
Zentzumena
Zentzumena materia eta mundu aldakorra antzemateko gorputzaren bidezko leihoak dira.
Mundu Ulergarria (Ideien Mundua)
Mundu ulergarria ideien mundua da, ulermenaren bidez aztertzen dena. Nahiz eta ez ezagutu, ideia hauek berez existitzen dira. Ideiak aldaezinak eta egiazkoak dira. Ideia hauetara iristeko, kobazulotik atera behar gara, eta egiazko ideiak lortzeko, arimaren begiez gora begiratu behar dugu.
Egia
Egia benetan dagoena da: ideiak (errealitatea) eta esentziaren ezagutza. Platonen arabera, egia maila desberdinetan agertzen da, Kobazuloaren Alegorian irudikatzen den bezala. Maila horietatik, gorenena laugarren mailakoa izango litzateke, ideien munduari dagokiona.
Zoriontasuna
Platonen arabera, gizakiengan eta hirian oreka badago, zoriontasuna bermatuta dago, justizia egongo litzatekeelako.
Legea
Platonen estatu idealean, jakintsuek ez lukete legerik beharko, zer egin badakitelako. Hala ere, errealitatean, legeak beharrezkoak dira. Legeek hiriaren harmonia eta denon ongizatea bermatu behar dituzte, bizitza zorrotz arautuz eta bakoitzaren gaitasunaren araberako zereginak ezarriz, bizitza pribatua desagerraraziz.