Platonen filosofia: Ideien mundua eta gauzen mundua
Errealitatea: Ideien Mundua eta Gauzen Mundua
Ideien Mundua
Ideiak benetako errealitatea dira, ez guk gogoan ditugunak, baizik eta beste mundu edo toki batean daudenak. Bi mundu daude, errealak biak, baina errealitate ezberdinekoak: ideien mundua eta gauzen mundua.
Ideien ezaugarriak:
- Gauzen eredu bikainak.
- Aldaezinezkoak dira. Ideiak ez dira sortzen, ez dira desagertzen eta ez dute aldaketarik jasaten.
- Bakarrak eta bakunak dira. Ez dago bi ideia berdinak.
- Ideiak adimenezkoak dira. Zentzuen bidez ezagutzen dena materiala da eta ideiak, materia gabeak.
- Elkarrekiko batasuna, guztiek ezaugarri berberak dituzte. Lengoaian adierazterakoan elkartzen ditugu. Ideiek arima, bizia eta mugimendua dutela dio.
- Ideia guztien arteko komunikaziorik ez dago. Elkartzeko balio duten ideiak (Izatearena, Batarena eta Osotasunarena) eta elkartezinak direnak (aurkakoen ideiak).
- Ideien artean hierarkia dago. Gauzen ideiak oinarrian leudeke, gero ideia matematikoak, gero moralarekin loturiko ideiak eta azkenik, ideia gorena, Ongiaren ideia.
- Ideien zientzia edo ezagutza Dialektika da.
Gauzen Mundua
Ideien aurrean gauzen mundua dago, objektu fisikoen mundua. Zer dira gauzak? Ideien kopia inperfektuak.
Kosmologia. Jainkoa
Kosmologia, kosmosari buruzko jakintza litzateke eta kosmos hitzak unibertso ordenatua adierazten du. Sorrera azaltzeko hiru faktore erabiltzen ditu Platonek:
- Lehenengo Ekaia edo Materia: Aldakortasun eta aniztasunaren kausa litzateke. Ezaugarriak: ez-izatea, ezezkortasuna eta formarik gabekoa, ideien kontrakoa.
- Eredua: Ideiak.
- Egilea: Demiurgoa. Jainkoaren papera hartzen du, baina ez jainko sortzaile batena, eraikitzailearena baizik. Demiurgoak, ideiak eredutzat hartuz, ekaiari forma bikainak ematen saiatzen da, baina ezin lortu materiaren erresistentzia gaindiezina delako. Gauzen mundua inperfektua da.
Ezagutza
Ezagutzea, subjektu eta objektu baten arteko erlazioa litzateke. Erlazio honetan subjektua eragilea da eta objektua pasiboa. Platonengan bi objektu edo errealitate mota dagoenez, bi ezagutza mota ere izango dira: gauzena eta ideiena.
Gauzei buruzko ezagutza iritzia da. Iritzian bi maila bereizten dira: irudimena (gauzen irudikapenak) eta sinesmena (zentzuen bidezko gauzen ezagutza zuzena).
Ideiei buruzko ezagutza, benetakoa da, zientzia, ideiak aldaezinak dira eta, behin ezagututa, betiko ezagutzen baititugu. Zientzian bi maila bereizten dira: arrazoimena (proportzio matematikoen ezagutza) eta adimena (ideien ezagutza).
Ezagutza maila bakoitzari jakintza mota bat dagokio:
- Irudimena: arte ezberdinak.
- Sinesmena: fisika.
- Arrazoimena: matematika.
- Adimena: dialektika (jakintzarik gorena).
Ideien ezagutzara iristeko, sentipenezko ezagutzatik abiatu behar dugu, oroitzapenaren bidez. Ezagutzea oroitzea da, eta honek dakarrena da ideiak aldez aurretik gure arimak ezagutzen dituela. Beraz, ikastea ahaztutakoa oroitzea da, eta horretarako metodo induktiboa aplikatzen du: partikularretik orokorrera joatea.
Antropologia (Gizakia)
Platonek, pitagorismoan mantendu eta Sokratesekin zabaldu zen gorputza eta arimaren arteko haustura defendatzen du. Dualismo honetan, gorputza arimaren espetxea da. Arima eta gorputzaren arteko batasuna akzidentaltzat jotzen du, eta honek suposatzen duena da heriotzaren unean bereiziko direla, arimak existitzen jarraituko duelarik.
Arimak hiru ahalmen ditu:
- Arrazionala (buruan): pentsatzeaz arduratzen da.
- Suminezkoa (bularrean): grinen arloa kontrolatzen du.
- Irritsezkoa (sabelean): plazerak bilatzen ditu.
Arima, aurre existitu da, hilezkorra da, eta azken hau frogatzeko lau argudio erabili zituen:
- Arimak biziaren ideian parte hartzen du, eta kontrajarria litzateke biziduna eta hilkorra batera izatea.
- Arimak ideien antza du, eta hauek betierekoak dira.
- Ideien oroitzapenak arimaren gorputzarekiko aurre-existentzia eta hilezkorra dela frogatzen du.
- Argudio etikoa: mundu honetako jokabideek sariak edo zigorrak merezi dituzte, eta horiek hil eta gero eman behar dira.