Platonen Filosofia: Heraklito, Parmenides eta Sofisten Eragina

Filosofia eta etika2,5 KB

Platonen Ingurune Filosofikoa

Heraklito eta Parmenidesen eragina dualismo ontologikoan

Parmenidesek (Eleako Eskola) eta Heraklitok (Efesoko Eskola) errealitatearen funtsezko ezaugarria bilatzea zuten helburu, baina haien erantzunak erabat kontrajarriak izan ziren. Platonen dualismo ontologikoan eragin zuzena izan zuten bi pentsalariek.

  • Parmenidesek errealitatearen ezaugarri esentzialtzat IZATEA azpimarratuko du. Izatea bakarra, aldaezina eta betierekoa da.
  • Heraklitok, aldiz, ALDAKORTASUNA nabarmenduko du errealitatearen funtsezko ezaugarri gisa. Dena etengabeko jarioan dago.

Ontologia platonikoan, mundu sentikorraren ezaugarriak Heraklitoren errealitatearen ikuspegiarekin lotu ditzakegu, aldakortasuna baita nagusi. Era berean, Platonen Ideien munduaren ezaugarriak (aldaezinak, perfektuak, sortugabeak) Parmenidesen Izatearen ezaugarriekin bat datoz.

Filosofia platonikoa sofistei emandako erantzuna

Sofisten agerpena Atenasko demokraziaren ezarpenarekin lotu dezakegu. Demokraziak herritarren parte-hartze politikoa bultzatu zuen bizitza publikoan, eta horretarako ezinbestekoa zen formakuntza egokia izatea, batzarretan hainbat gairi buruz (ekonomia, erlijioa, legeak, gizartea...) eztabaidatzeko. Formakuntza horren arduradunak maisu sofistak izan ziren.

Zer zen sofista izatea?

Hasiera batean, "sofista" izateak adimena eta goi-mailako trebetasuna izatea esan nahi zuen, bai arlo intelektualean, bai teknikoan. Sofista, beraz, jakintsu edo aditu zen. Denborarekin, ordea, kontzeptuak balorazio negatiboa hartu zuen, eta sasijakintsuaren sinonimo bihurtu zen.

Zergatik gertatu zen ospe-aldaketa hori?

  1. Sofistek jarrera eszeptikoak eta erlatibistak zituzten arlo askotan (etika, politika, ezagutza...), eta hori arriskutsutzat jotzen zen Atenasko tradizio, erritu erlijioso, erakunde politiko eta legeentzat.
  2. Lehenengo maisu ordainduak izan ziren. Horrek ulertezintasuna eta ospe txarra ekarri zien, herritarrak heztea eta gobernatzea doako lana izan behar zela uste baitzen.
  3. Haien "bezero" edo ikasle askok ez zituzten lortzen agindutako kargu publikoak, jasotako formakuntza gorabehera, eta horrek sofisten ospe txarra areagotu zuen.
  4. Garaiko filosofo garrantzitsuenek (Sokrates, Platon eta Aristoteles) sofisten aurkako balorazio publiko negatiboa egin zuten.

Deskargatu

PDF Word HTML