Platonen Filosofia: Bizitza, Testuingurua eta Teoriak

Filosofia eta etika11,46 KB

Datu biografikoak eta testuinguru historikoa

Platon K.a. 427. urtean jaio eta K.a. 347.ean hil zen Atenasen. Data hauen inguruan gertaera hauek eman ziren, bere pentsamenduan eragina izango dutenak:

  • Periklesen garaian demokrazia oligarkikoa ezarri zen Atenasen, garaiko zentro kulturala. Sofistek, atzerritarrak izan arren, sofismak erabiliz gazte atenastarrak hezi zituzten beraien ideiak asanbladan (organo erabakiorra) aurkezteko eta arrakasta politikoa lortzeko. Demagogia zabaldu zen hirian, azpikeria nagusituz. Platonen ustez, dinamika hau okerra zen, giza balore moralak hankaz gora zeuden.
  • Peloponesoko Gerra Espartak irabazi zuen. Hogeita Hamar Tiranoen gobernuak urte batez gobernatu zuen Atenas, baina iraultza baten ondorioz, atenastarrek boterea berreskuratu eta gobernu berria ezarri zuten, 500 pertsonez osatutako batzarra (askok Sofistak zirenak). Honek Sokratesen heriotza-zigorra erabaki eta gauzatu zuen, Platonen bizitza eta filosofia ikaragarri markatuko dituen gertaera.

Platonek bere goi-mailako familiakoengandik eragin politiko handia jaso zuen. 20 urte zituenean Sokrates ezagutu izanak bere bizitza markatu zuen. Bestalde, Sirakusara hiru bidaia egin zituen hango agintariak prestatzera. Sizilian Pitagorikoak ezagutu zituen (Arimaren teoria, matematikaren garrantzia…). Atenasen Akademia sortu zuen, etorkizunean agintaritza izango zuten gazteak hezitzeko.

Ideien Teoria

Ezagutza zertan datzan azaltzeko teoria da. Mundua bitan banatua dago: Sentipenezko Mundua eta Ideien Mundua. Ideien Munduko izakiak materiagabeak, aldaezinak, betierekoak… dira (Eidosak). Mundu honetan ideiak, ereduak, tasunak daude. Eremu hau benetako izakien mundua da, arrazoimenaz jasotzen duguna. Hau da zientziaren eremua (Episteme). Hemen lortuko dugu benetako jakintza.

Mundu ulergarrian ideiak mailakatuak daude. Erpinean ONGIA aurkitzen da, ideia gorena, gauza on eta eder guztien sorburua. Benetako jakintza da. Ongiak Ideien Munduko izaki guztiei izana ematen die. Platonen proiektuaren baldintza da.

Sentipenezko Munduaren izakiak Ideien Munduko izakien kopiak, itzalak besterik ez dira. Izaki aldakorrak, materiadunak, hilkorrak dira (Eidolak). Sentipenezko Munduaren errealitatea Ideien Mundutik eratorria da. Mundu fisikoa da, egiazkoa ez dena. Mundu honetan ezin da zientziarik egin, iritzi mailako ezagutza (Doxa) besterik ezin da lortu, sasi-ezagutza, zentzumenen bidez jasoa. Hala ere, garrantzitsua da zalantza pizteko, gure adimena hausnarketara bultzatzeko. Gizakia Sentipenezko Munduan murgildurik dago, ezjakintasunean. Jakintza lortzea beharrezkoa izango da bizitza publiko nahiz pribatuan onbidea hartzeko, batez ere agintaria izango denarentzat.

Ezagutzaren Teoria: Zientzia eta Iritzia. Dialektika

Ideien Teoriaren arabera, mundua bitan banatuta dago, eta benetako jakintza Ideien Munduan dago. Hemengo izakiak materiagabeak, aldaezinak dira (Eidosak). Mundu ulergarriaren ideiak mailakatuak daude, erpinean Ongia aurkitzen delarik, gauza on eta eder guztien sorburua, beste ideiei izana ematen diena. Benetako jakintza Ongian datza. Hau da zientziaren eremua (Episteme). Sentipenezko Munduko izakiak, berriz, materiadunak, hilkorrak dira (Eidolak), Ideien Munduko izakietatik eratorriak. Mundu honetan ezin da zientziarik egin, iritzi mailako ezagutza (Doxa) besterik ezin da lortu.

Ezagutza lortzeko beharrezkoa da heziketa, arima hezi behar da. Helburua arima Ideien Mundura bueltatzea da. Heziketaren pausorik garrantzitsuena arima berkokatzea da (Periagogea), arima hausnarketara bultzatzeko. Periagogea lortzeko Arte Predialektikoak landu behar dira. Ondoren dialektika dator, Ongia helburu duten elkarrizketak. Dialektika zientzia bakarra da. Bi pauso ditu:

  1. Ironia: Galderen bitartez kontraesanetaz jabetzea, eta horien bidez ezjakintasunaz jabetu eta aurreiritziak baztertzea.
  2. Maieutika: Ezjakintasunaz jabetu ondoren bakoitzak bere barrutik egia kanporatzea, erditzea.

Horrela, ideiaz ideiazko igoera egingo da, Ongira iritsi arte, jakintzara. Heziketa estatuaren ardura nagusia izango da, beraz, publikoa izango da, ez pribatua.

Ongiaren Kontzeptua

Ongia gauza on eta eder guztien sorburua da. Mundu ulergarria edo Ideien Mundua mailakatua dago, hau da, ideien artean hierarkia bat dago. Horrela, ideia bakoitzari bere izana maila handiagoko ideia batetik datorkio. Ongia da mundu honen beste ideia guztiei izana ematen dien ideia gorena, Ongia mailaketaren erpinean dago (Kobazuloaren mitoan eguzkia Ongiaren metafora da). Ongia bere baitan da, bere kabuz, ez du besteren beharrik.

Ongiarekiko mendekotasun zuzena dute edertasunak eta zuzentasunak. Edertasunak mundu fisikoan dauden gauza guztiei edertasuna ematen die. Zuzentasunak arimaren hiru zatiak eta gizakiaren hiru bertuteak (neurritasuna, zuhurtzia eta sendotasuna) orekatzen ditu, gizarte harmoniatsu bat ahalbidetzeko. Hiruren artean benetako jakintza osatzen dute.

Ongia Platonen filosofiaren baldintza da. Platonen filosofiaren helburua hiri antolaketa zuzena lortzea izango da, Ongian oinarrituta egon behar dena. Horretarako baldintza bat bete behar da: agintariak jakintsuak izan behar dira, Ongia zer den jakin behar dute, eta Ongia eta gaizkia bereizten jakin behar dute ere. Agintariak, Ongia ezagutzen duenak, beste hiritarrak Ongira gidatuko ditu.

Dualismo Antropologikoa: Gorputza eta Arima. Arimaren Teoria

Gizakiari buruz ikuspegi dualista du Platonek, gizakia gorputzaz eta arimaz hornituta dago (dualismo platonikoa). Gizakiaren ezaugarri bereizgarria arima da: arima bizitza eta mugimenduaren printzipioa da. Gorputza kartzela bat da arimarentzat, ideietara iristea oztopatzen diona. Arima perfektua eta hilezkorra da; gorputza, aldiz, ustela eta inperfektua. Bien arteko lotura ez da naturala, akzidentala baizik. Arima oreka galdu, erori eta gorputz batekin elkartzean sortzen da bizitza. Heriotzaren bidez arimak lortuko du aske izatea (Gurdi Hegadunaren Mitoa; Fedon, Fedro).

Arimak hiru zati ditu:

  • Arrazoi-arima: Arima gorena, hilezkorra dena. Burua da bere gorputzeko atala, eta zuhurtzia da bere bertutea.
  • Suminezko arima: Bularra da bere gorputzeko atala, eta bertutea sendotasuna da.
  • Irritsezko arima: Sabelean kokatzen da eta neurritasunaren bertutea dauka.

Azken bi arimak gorputzarekin lotuta daude, hilkorrak dira. Lehena, berriz, hilezkorra. Hiruren artean arima bakarra osatzen dute. Arrazoi-arimak beste biak menderatu behar ditu, horrela bakarrik lortuko du arimak orekatzea, eta egiarako bidaia ez oztopatzea. Arima mundu sentigarria eta adimenezko munduaren arteko zubia da.

Bertuteak eta Hiri Ideala

Platonen filosofiaren helburua hiri antolaketa zuzena lortzea izango da, Ongian oinarrituta dagoena. Horretarako baldintza bat bete behar da: agintariak jakintsuak izan behar dira, Ongia zer den jakin behar dute. Bere esperientzia politikoak bultzatu zuen erabaki hau hartzera: Atenasko egoera, demokrazian gertatutakoa, Sokratesen heriotza…

Ez dago jarraitu daitekeen eredu politiko zuzenik. Hirian betebehar nagusi batzuk daude: oinarrizkoak (beharrak asetzea: elikagaiak…), hirizaintza (gudariak) eta goi-mailako betebeharrak (hiritarren zoriona). Lan banaketa beharrezkoa da. Gizartean hiru funtzio nagusi daude, eta hiru gizatalde mota ezberdin. Arima mota eta bertutearen arabera, gizatalde bakoitzak funtzio bat izango du. Gizartea arimaren isla da:

  • Irritsezko arima dutenak: neurritasuna dute bertute, ekonomia suspertzeaz arduratuko den multzoa: nekazariak, merkatariak…
  • Suminezko arima dutenak: adorea/sendotasuna dute bertute, hiria zainduko dute: gudariak.
  • Arrazoi-arima dutenak: zuhurtasuna dute bertute, Ongira iritsi eta besteak bertara gidatuko dituztenak: agintariak.

Hiritarren zoriona zuzentasuna lortzean datza, gizatalde ezberdinen arteko oreka lortuz. Bakoitzak bereari ekiten dionean gizarte zuzena lortuko da. Heziketak garrantzia handia izango du gizartean. Hiriaren ardura nagusia heziketa apropos eta zuzen bat planteatzea izango da, hiritarrak ongi bideratzeko eta hezteko.

Sofistak

Garaiko demokrazia oligarkikoan Sofistak ezarri ziren Atenasen. Sofistak (sophos, jakintsu esan nahi du) Atenasera kolonietatik etorritako atzerritarrak ziren. Sofistak hizlari trebeak ziren, eta bere hitzekin herri xehea aho bete hortz uzten zuten. Hala ere, atzerritarrak zirenez, ezin zuten asanbladan parte hartu, eta beraz, beraien helburua gazte atenastarrak oratorian hezitzea izango zen, hizlari trebeak izaten, alegia. Horrela, gazte horiek beraien teoriak defendatzen zituzten asanbladaren aurrean, eta hizlari trebeak zirenez, ideia horiek aurrera eramaten ziren. Horretarako sofismak irakasten zizkieten: sasi-argumentazioak, zuzenak nahiz okerrak, ondorio batera iristea helburu zutenak (demagogia, alegia). Beraz, Sofisten helburua ez zen hiriaren ongizatea, arrakasta politikoa baizik.

Sofisten teoria nagusia Erlatibismo Eszeptikoa zen: ez dago egia unibertsalik, egia erlatiboa da, bakoitzaren araberakoa. Egia absolutua existituko balitz, ezingo genuke aurkitu, beraz egia ez da bizitzaren ardatza izan behar (Protagorasek esan zuen bezala, Homo Mensura, gizakia da gauza guztien neurria, eta beraz, legeak gizakiaren neurrian egin behar dira). Demagogia zabaldu zen gizartean, azpikeria nagusitu zen. Sofista oligarkikoek doktrina naturalista defendatzen zuten (agintea indartsuenaren esku).

Sokrates

Atenastarra zen, bere hiriarekin oso konprometitua, gizon zuzena, nortasun jatorrekoa. Heziketara dedikatu zen. Sokratesen arabera, gizakiaren lehen ardura eta betebeharrak estatuarekikoak dira. Gizartearen legeak errespetatu behar dira, eta horregatik bere heriotza-zigorra onartu egin zuen. Sokratesek gizarte osoaren zoriona bilatzen zuen, ez indibiduala.

Sokratesek asmatutako teoria Intelektualismo Morala izan zen. Honen arabera, egia unibertsala existitzen da, eta zuzen jokatzeko beharrezkoa da egia hori jakitea. Zuzentasun kontzeptu bakarra eta gauzak ongi egiteko modu bakarra dago. Beraz, modu bakar bat egongo da hiri zuzen bat lortzeko, eta horretarako Ongia ulertu eta hausnartu behar da. Ongia lortzeko metodoa dialektika da. Dialektika Ongia helburu duten elkarrizketak dira. Bi pauso ditu:

  1. Ironia: Galderen bitartez kontraesanetaz jabetzea, eta horien bidez ezjakintasunaz jabetu eta aurreiritziak baztertzea.
  2. Maieutika: Ezjakintasunaz jabetu ondoren bakoitzak bere barrutik egia kanporatzea, erditzea.

Sokratesen filosofia lehen moral arrazionala izan zen. Arrazoiak esaten duena egiteko agintzen du moralak, nola jokatu behar dugun. Arrazoiak esaten digu zein den egia zuzena. Sokratesen arabera, ez dago pertsona gaiztorik, Ongiaren bidean bide okerra aukeratu duena baizik.

Deskargatu

PDF Word HTML