Platon: Filosofia, Ideien Teoria eta Estatu Ideala

Filosofia eta etika6,34 KB

Platon (c. K.a. 427 - c. K.a. 347) Grezia Klasikoko filosofo garrantzitsu bat izan zen. Sokratesen ikasle eta Aristotelesen maisu izan zen. Sokratesengandik jaso zuen eragina nabarmena izan zen. Parmenides, Heraklito eta pitagorikoen pentsamendu-iturrietatik ere edan zuen.

Bere filosofiaren argitasunak eta sakontasunak eragin nabarmena izan dute historian zehar. Filosofiari bere egungo izaera eman zion, eta bere zabalera osoan aztertu zuen lehena izan zen, hala nola etika, politika, metafisika eta epistemologia arloetan. Askoren ustez, Aristoteles, Kant eta beste filosofo bakan batzuk bakarrik jarri daitezke bere parean.

Bere lan nagusiak Solasaldiak izeneko bilduma batean jasotzen dira (solasaldi moduko idazkiak baitira), non Sokrates pertsonaia nabarmena den.

Sofistak eta Sokrates

Sofistak hiriko jakintsuenak eta agintarien irakasleak ziren. Politikaz eztabaidatzen eta legeria ikasten zuten. Irakasteagatik kobratzen zuten lehenak izan ziren. Sofista askorentzat, politika eta moral arazoetan ez dago egiarik; legeak konbentzio soilez erabakitzen dira.

Sokrates sofisten aurka dago. Maieutika da Sokratesen ezagutzeko metodoa. Bere helburua ongiari buruzko egia aurkitzea da. Intelektualismo morala deitzen zaio Sokratesen pentsaerari, gaiztoa izatearen zergatia ez jakitean datza. Platon Sokratesen jarraitzaile izan zen eta sofisten aurkakoa.

Platonen Ideien Teoria

Teoria hau da Platonen filosofiaren ardatz nagusia, eta honen bitartez bi funtsezko galdera erantzun nahi ditu:

  • Galdera ontologikoa: Zer da errealitatea?
  • Galdera antropologikoa: Nola ezagutu daiteke errealitatea?

Bi Errealitate Eremu

Teoria honek zera baieztatzen du, badagoela, alde batetik, bi errealitate maila:

  • Ideien Mundua: Bertan ideiak eta zenbakiak daude. Hauek perfektuak, hilezkorrak, aldaezinak eta bakarrak dira.
  • Mundu Sentigarria: Sentimenez ezagutzen dena da. Bertan gauzak daude. Gauzak materialak dira, materiak inperfekzioak dituelako; jaio ondoren usteldu, apurtu eta hil egiten dira. Ez dira berez existitzen, ez dira benetakoak, ideien kopia inperfektuak besterik ez dira.

Bi Ezagutza Maila

Eta bestetik, bi ezagutza maila:

  • Benetako ezagutza (episteme): Arrazoimenaren bitartez lortzen dena.
  • Sasi-ezagutza (doxa): Zentzuen bitartez lortzen dena.

Ideien Esanahia eta Erlazioa

Ideiak errealitatea direnez, guztiz perfektuak dira, ez dute inolako aldaketarik izaten, ez dira jaio edo hil egiten. Hilezkorrak diren aldetik, Ideien Munduan ez dago inolako aldaketarik ezta mugimendurik ere, ideiak iraunkorrak direlako. Aldiz, Mundu Sentikorreko errealitateak aldakorrak dira, inperfektuak, jaio eta hil egiten direlako, iraungikorrak eta mugikorrak.

Ideiak originalak dira eta Mundu Sentikorreko objektuak, berriz, kopiak. Baina bion artean erlazio bat dago, hau da, "partaidetasun erlazioa", kopiek parte hartzen dutelako ideiaren forman. Beraz, ideiak molde, forma, modelo, etab. dira.

Ondorioa: Dualismo Platonikoa

Laburbilduz, Ideien Teoriak Ideien Mundua benetako errealitatea dela baieztatzen du, Mundu Sentikorra, berriz, kopia baino ez da. Ideien Mundua goi mailakoa da eta Mundu Sentikorra, ordea, behe mailakoa. Ideiak sentikorrak ez direnez, ezin dira zentzuen bidez ezagutu; arrazoimena da modu bakarra ideiak ezagutzeko.

Platonen planteamendu hauetan bikoiztasuna (dualismoa) da nagusi:

  • Bi errealitate maila: Ideien Mundua eta Mundu Sentikorra.
  • Bi ezagutza maila: Benetako ezagutza eta Sasi-ezagutza.

Beraz, Platonen Ideien Teoria teoria dualista da.

Platonen Estatu Ideala

Platonek estatu ideal baten deskribapena egiten du, hau da, estatu utopikoa da. Hauexek izango lirateke estatu perfektu edo ideal horren ezaugarriak:

Estatuaren Antolaketa eta Klaseak

Klaseka antolatutako estatua izango da eta hiru klasetan antolatuta egongo da:

  • Gobernariak: Adimentsuak izango dira eta hiria zuzenduko dute zuhurtasunez.
  • Militarrak: Sendoak izango dira eta hiria defendatuko dute sendotasunez.
  • Langileak: Gainontzekoak izango dira eta ondasunak ekoiztuko dituzte neurritasunez.

Estatu hori horrela osaturik, ondo egongo da baldin eta gizarte klase bakoitzak dagokion zeregina betetzen badu, eta gaizki egongo da gizarte klase batek berari ez dagokion zeregina egiten badu. Beraz, estatu orekatua izan dadin, klase bakoitzak dagokion bertuteaz dagokion zeregina bete behar du, horretan datza estatuaren zoriontasuna.

Jabego Pribatuaren Ezeztapena

Ekonomikoki estatu horrek jabego pribatuaren ezeztapena finkatuko du, hau da, ondasun ekonomikoak guztiona izango dira, sozializatu egingo da.

Heziketa eta Familiaren Rola

Estatua izango da heziketaren arduraduna eta pertsona bakoitzaren ahalmen edo gaitasunaren arabera kokatuko ditu gizarte klase batean: adimentsuak gobernurako prestatuz; sendoenak militarrak izateko prestatuz; eta gainontzekoak langileak izateko. Horrek familiaren desagerpena ekarriko du, umea jaio den momentutik estatuaren babespean egongo delako. Beraz, estatu totalitarioa izango da, askatasunik gabekoa, non bizitza pribatua desagertzen den eta gizabanakoaren bizitza estatuaren menpe egongo den.

Gobernu Motak eta Legearen Garrantzia

Platonek Politikaria izeneko elkarrizketan gobernarien gobernatzeko era azaltzen du. Gizartea ondo gobernatua egon dadin, indarrean jarraituko legeak zentzuzkoak eta neurtuak izan behar dira. Legeen helburua gizartea ondo zuzentzea litzateke, eta horretarako legeak ez dute behartu bakarrik egin behar, konbentzitu ere egin behar baitute, "hezigarriak" izan behar dute. Beraz, estatuari sendotasuna eta zuzentasuna ematen diona legea da.

Azkenik, Platonek gobernu mota desberdinen sailkapena egiten du:

  • Legalak: monarkia (baten gobernua), aristokrazia (talde baten gobernua) eta demokrazia (herriaren gobernua).
  • Ez-legalak: tirania (baten gobernua), oligarkia (talde baten gobernua) eta demagogia (herriaren gobernua).

Deskargatu

PDF Word HTML