Platon: Biografia, Filosofia eta Gizarte Ikuspegia
Datu Biografikoak eta Testuinguru Historikoa
Platon Atenasen jaio zen K.a. 427an, bertako familia noble batean. Garai haietan, hainbat gerra zeuden, Atenas beherakada sakon batean zegoen, eta demokratizazio prozesuan murgilduta zegoen. Amak Periktione zuen izena, eta aita, berriz, Ariston. Bi anai zituen: Glauko eta Adimanto. Platonek, Perikles agintariarekin, arteak eta letrak ikasi zituen. Geroago, Sokratesekin benetako jakinduriaren bidea ikasi zuen. Platon familia aberatsekoa zenez, Platoni goi mailako familien heziketa eman zitzaion, eta karrera militarraren oinarrizko hezkuntza jaso zuen. Peloponesoko gudan borrokatu zuen. Platonek Sokratesen jakinduria bereganatu zuen, baina, geroago, maisuari heriotza zigorra ezarri zitzaion atzerriko jainkoen aldeko sinesmena bultzatzeagatik, eta horrek Platon asko hunkitu zuen. Horrela, Sokrates hil ostean, Platon Siziliara joan zen, eta bertan Dion ezagutu zuen. Hasieran adiskideak ziren arren, gero Dionek begitan hartu zuen eta salgai jarri zuen Platon, esklabo gisa. Horrela, Platonen lagun batek erreskatea ordaindu eta Atenasera itzuli zen. Azkenik, hemen Akademia izeneko eskola bat sortu zuen, non matematika, astronomia eta zientziak erakusten ziren. K.a. 347. urtean Platon hil zen. Hainbat idazlan atera zituen: aro sokratikoa, igaroaldikoa, helduarokoa eta zahartzaroa.
Testuinguru Historikoa
- Atenasen krisi garaia izan zen. Antolamendu politikoak zerikusi handia izan zuen.
- Greziarren arteko guda hasi zen: Esparta eta Atenas. Espartak Peloponesoko Liga sortu zuen eta gerra deklaratu zion Atenasi.
- Atenaseko sistema politikoa demokrazia zen. Espartakoa, berriz, oligarkia zen.
- Sofistak agertu ziren, jakinduria irakasleak. Eskolak sortu eta entzunleria harri eta zur uztea garrantzitsuagoa bihurtu zen argudioetan egia bera erabiltzea baino.
Ezagutzaren Teoria: Zientzia eta Iritzia. Dialektika
Filosofiaren egiteko nagusia ezagutza lortzea da; ideiak ezagutzea, ongia ezagutzea da. Ezagutzak giza portaera baldintzatzen du, eta jokaera okerra ez-jakituriari dagokio. Platonek, haitzuloaren mitoaren bitartez, bi mundu bereizten ditu: mundu fisikoa, mitoko kobazuloa, eta ideien mundua, kobazulotik kanpo dagoena. Beraz, bi ezagutza maila bereizten ditu: iritzia eta zientzia. Doxa, mundu sentigarrikoa denez, bigarren mailako ezagutza da, eta zentzumenek eskuratutako informazioan oinarritzen den ezagutza da, jaio eta hil egiten denari ezartzen zaion jakintza. Doxaren barruan, suposizioa, zentzumenez antzemandako objektuari lotzen zaion ezagutza, eta ilusioa, objektu sentigarrien itxurei dagokien ezagutza maila, bereizten dira. Bestalde, episteme edo zientziari dagokionez, ideien munduko ezagutza denez, lehen mailako ezagutza dela esaten da, izaki iraunkorrei dagokiena, goi mailako ezagutza eta absolutua dena. Hemen, propedeutika, arrazonamenduz ezagutza lortzea, eta dialektika, ongia aztertzea, bereizten dira. Esan beharra dago, Platonen ustez, gobernariek dialektika ezagutu behar dute, horrela bakarrik lortuko baitute modu egoki eta absolutu batean gobernatzea.
Bertuteak eta Hiri Ideala
Platonek gizakiengan hiru bertute bereizten ditu: zuhurtasuna, sendotasuna eta neurritasuna. Bertute hauetan oinarrituta, filosofoak estatu edo hiri idealaren proposamen bat egingo du, izan ere, Platonentzako politika arlo oso garrantzitsua da, eta zoriontasuna bere modeloaren arabera bakarrik lor daitekeela dio. Hiri ideal honetan, Platonek gizarte banaketa egiten du, oso modu klasista batean, eta hiru bereizketa egiten ditu: gobernariak, soldaduak eta langileak. Gobernariek zuhurtasuna dute bertute bezala, eta, ondorioz, gizartearen buru izan behar dute, hauek bakarrik baitute ideien munduko ezagutza, eta hiria ondo zuzendu dezakete. Soldaduek sendotasuna izango dute bertute bezala, eta, horrela, hiria defendatzeko gai izango dira. Azkenik, langileek bertute gisa neurritasuna izango dute, eta hauek produktugileak izango dira, hau da, gizartearentzako produzituko dutenak. Honetaz gain, proiektu honetan Platonek ondasunak guztienak izango direla dio, ez indibidualak, eta, gainera, estatu totalitario bat ezartzen du. Hemendik abiatuta, Platonek sailkapen bat egiten du existitzen diren gobernu moten artean, aristokrazia (jakitunak agintean), timokrazia (gerrazaleak agintean), oligarkia (aberastasuna nahi dutenak agintean), demokrazia (ez-jakitunak agintean) eta tirania (demokraziaren askatasunaren ondorioa) bereiziz.
Ideien Teoria
Platonen filosofiaren ardatza da. Teoria honen bidez, Platonek bi mundu desberdinen existentzia frogatzen du: mundu fisikoa eta ideien mundua. Mundu fisikoari dagokionez, haitzuloaren alegoriako kobazulo barnea dela esan ahal dugu, eta Platonek dioenez bertan irudi eta objektuak daude, eta hauek ez-perfektuak, aldakorrak eta ugariak dira. Eta kobazuloaren barruan hiru jakintza maila daudela dio: zentzumena, praktika eta ideiena. Bestalde, ideien mundua kobazulotik kanpo dagoena da, bertan ideiak daudela dio filosofoak eta hauek perfektuak, aldaezinak, betierekoak eta bakarrak dira, hau da, benetako errealitatea. Platonen ustez mundu hau arrazoiaren erabileraz bakarrik lor daiteke. Platonek ezagutzan ere bereizketa bat egiten du: sasi-ezagutza, mundu fisikoari dagokiona eta zentzumenen bidez lortzen dena, eta benetako ezagutza, ideien munduari dagokiona eta arrazoimenaren bidez lortzen dena. Azkenik, esan beharra dago munduko ideia gorena, hau da, ongia, haitzuloaren mitoko eguzki bezala aurkituko dugula.