Pertsiarren Manifestua eta Espainiako Liberalismoaren Gatazka

Historia3,14 KB

1. Testuaren analisia eta testuingurua

Testua lehen mailako iturrikoa da, gertakarien garaikoa baita. Gainera, izaera politikoa du, edukia politikarekin zuzenean lotuta dagoelako. Testu kolektiboa da: Gorteetako 69 diputatuk (Cádizen 300 bat diputatu ziren guztira) idatzi zioten manifestu hau Fernando VII.a erregeari; beraz, hartzailea pribatua da. Helburua erregeak 1812ko konstituzioa ez zin egitea da, Antzinako Erregimenarekin jarraitu nahi zutelako. 1814ko apirilaren 12an idatzi zioten, Espainiako Independentzia Gerra bukatu eta erregea Espainiara itzuli zenean.

2. Pertsiarren Manifestuaren edukia

Testuaren lehen paragrafoak Fernando VII.a Espainiatik kanpo egon zen sei urteak antzinako pertsiarren ohitura batekin alderatzen ditu, euren erregea hil eta ondorengo egunak anarkiaz beterik igarotzea, hain zuzen ere (“Espainiak (...) ez zuen behar izan horrelako saiakuntzarik”). Hori dela eta, gorteetako diputatu absolutistek bere itzulerak sortarazitako poztasuna adierazten diote erregeari, espainiar herriaren ordez.

Bigarren paragrafoan monarkia absolutua goraipatzen da, despotismo ilustratuaren ikuspuntutik (“Monarkia absolutua (…) arrazoiaren eta adimenaren lana da”). Haien esanetan, monarkak boterea konkisten bidez edo jainkotiar jatorriagatik du. Hau dela eta, monarka absolutuak ez du bere boterea inoiz arrazoirik gabe erabiliko; ongizatea bermatuko duen aginte forma bakarra da.

Azken paragrafoan, Espainian liberalismoa alde batera uzteko eta monarkia absolutua ezartzeko deialdia egiten da. Egileen arabera, Espainiako tradizioak eta lurraldeen autonomia mantentzeko (“eskatu behar dugun botoa (...) foru, usadio eta ohituren araberakoa da”) ezinbestekoa da Gorteak biltzea eta Cádizko Konstituzioa deuseztatzea.

3. Testuinguru historikoa: Liberalak eta Absolutistak

Espainian, ideia liberalak eta absolutistak aurrez aurre zeuden. Testu hau 1814an idatzi zen, Cádizko Konstituzioa onartu eta bi urtera. Konstituzioa Independentzia Gerran sortu zen, Gorteek frantziarren okupazioaren aurrean gobernu sendo bat behar zutela ikusita.

  • Cádizko Konstituzioaren neurriak: Botere banaketa, askatasun zibilak, jaurgo erregimenaren abolizioa eta desamortizazioak.
  • Fernando VII.aren jarrera: Espainiara itzultzean, konstituzio-erregimena ukatu eta Antzinako Erregimena berrezarri zuen, 69 diputatu absolutisten babesarekin.
  • Ondorioak: Errepresioa, erbesteratzeak eta 1820ko Rafael del Riegoren altxamendu liberala.

1820tik aurrera, Hirurteko Liberalak erreforma sakonak ekarri zituen, baina Fernando VII.aren beto eskubideak eta nekazarien zein nobleziaren protestek egoera ezegonkortu zuten. Azkenik, San Luisen Ehun Mila Semeak armadak absolutismoa berrezarri zuen.

4. Ondorioak

Cádizko Konstituzioak ideia liberalen ezarpena berresten zuen bezala, Pertsiarren Manifestuak babesa eman zion Fernando VII.ari Antzinako Erregimena berrezartzeko. Dokumentu hau absolutisten garrantziaren aldarrikapena da, eta hurrengo urteetako gobernu absolutisten oinarri ideologikoa bihurtu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML