Pertsiarren Manifestua (1814): Testu Politikoaren Analisia
Testuaren Kokapena
Lehen mailako testu zirkunstantzial honek izaera politikoa du, Cadizko Gorteetako diputatu batzuek idatzitako manifestu politikoa baita (manifestu bat oinarrizko programa politiko bat da). Testua ez dago osorik, baina pasarte esanguratsuenak agertzen zaizkigu.
Egileak eta Testuingurua
Esan dugunez, testua Gorteetako diputatuen herenak (69 diputatu) osatutako taldeak idatzi zuen. Ideologia kontserbadorekoak ziren, absolutistak, eta dokumentu honen ondorioz pertsiarrak deitu zitzaien. Horien buru Bernardo Mozo de Rosales, Matafloridako Markesa izan zen.
Madrilen zeuden erregearen zain, frantsesek alde egin ondoren Cadizen zeuden Gorteak bertara eraman zirenean (1813-1814ko legealdia, non erregearen aldekoek indar handiagoa duten).
Testua, beraz, Madrilen idatzi zuten 1814ko apirilaren 12an eta Fernando VII.ari zuzenduta dago. Independentzia Gerraren ondoren, Napoleonen tropak garaitu ondoren, Fernando VII.a Espainiako tronua berreskuratzera itzuli zen.
Independentzia Gerrak iraun zuen bitartean (1808-1814), Fernando VII.a Frantzian bizi izan zen Napoleonen zaintzapean. Manifestuaren sarrera pertsiarren ohitura baten aipamena egiten da, eta hortik datorkio izena: Pertsiarren Manifestua.
Testuaren Analisia
Pertsiarren Ohitura eta Anarkiaren Salaketa
Arestian aipatu dugunez, antzinako pertsiarren ohitura baten aipamena egiten da: erregea hil ondoren anarkiaz beteriko bost egun igarotzea (2. eta 3. lerroak). Manifestu honen egileentzat, Espainian ere aurreko sei urteak halakoak izan ziren, anarkiaz beterikoak, alegia.
Hartara, egileek uste dute epe hori pasatu ondoren, beharrezkoa dela erresuma berrantolatzea eta erregearen agintea berrezartzea, herritarrak leialagoak izatera behartu zitzaten (4. lerroa).
Absolutismoaren Defentsa eta Despotismo Ilustratua
Absolutismoaren goraipamena egiten da, alde positiboak azpimarratuta: arrazoiaren eta adimenaren dohaina da, Jainkoaren legearen mendean dago (8. eta 9. lerroak). Baina absolutismo hori arrazoiarekin kutsatuta egongo da: subirano absolutuak ez du ahalmenik bere agintea arrazoirik gabe erabiltzeko (11. eta 12. lerroak).
Beraz, funtsean, bigarren paragrafoan Fernando VII.ari hau esaten diote: har dezala erresuma gobernatzeko despotismo ilustratuaren bidea, hau da, XVIII. mendean haren arbasoek, borboitarrek, erabilitako aginte mota bera.
Manifestuaren Eskaera Nagusiak
Azkenik, manifestuaren egileek eskaera hauek egiten dizkiote erregeari (16. lerroan: Eskatu behar dugun erremedioa…):
- Gorteak antzinako erara biltzea: Gorteak handitasunez eta antzinakoak egin ziren bezala (18. lerroa).
- Cadizko Konstituzioa eta dekretuak ez onartzea: Bertan behera utz daitezela Konstituzioaren ondorioak eta Cadizen xedatutako dekretuak (18. eta 19. lerroak).
Laburbilduz, diputatu absolutista hauei (pertsiarrak) beharrezkoa iruditzen zaie erresuma berriro berrantolatzea, eta horretarako aurreko egoerara itzultzea eskatzen dute, baita Cadizko Konstituzioak markaturiko bidea ez onartzea ere. Funtsean, antzinako erara biltzeko eskaerari ez zion kasurik egin erregeak, baina manifestuaren egileentzat ez zuen garrantzi handirik izan.
Testuaren Garrantzia Historikoa
Testuak garbi erakusten du, 1814an behinik behin, baldintzak ez zirela artean egokiak estatu liberala bere osotasunean ezartzeko. Momentuz, Fernando VII.ak zuhurtziaz jokatu zuen eta ez zen ausartu Cadizko Konstituzioa aplikatzen.
Pertsiarren Manifestua testu interesgarria da garai hartako erresumaren ahulezia ez ezik, klase agintarien desadostasunak ere ulertzeko. Gainera, testuak agerian utzi zuen kontrajarriak ziren bi ikuspuntu zeudela gizarte, ekonomia eta politika ulertzeko:
- Erregimen zaharrak ezartzen zuen ordenarekin bat egiten zutenena (Absolutistak).
- Erregimen liberalaren alde zeudenena (Liberalak).
Bi ikuspuntu horiek enfrentamendu dinamika batean sartuko dira iraultza liberala erabat eraiki arte.