Pertsiarren Manifestua (1814): Analisia, Testuingurua eta Garrantzia
Pertsiarren Manifestuaren Aurkezpena
Aztergai daukagun testua Independentzia Gerra amaitu osteko (1808-1814) eta Fernando VII.a Espainiara itzuli ondorengo garaian kokatzen da. Gorteetako diputatuen herenek, joera absolutistakoek, sinatutako Pertsiarren Manifestuaren zati bat da.
Testu politiko eta publikoa da, lehen mailako iturri historikoa, Fernando VII.ari zuzendua. Manifestu honen bitartez, absolutistek Erregimen Zaharra berriz indarrean jartzea eta 1812ko Konstituzioa indargabetzea aldarrikatzen zuten.
Testuaren Azterketa: Ideia Nagusiak
Testuaren azterketari dagokionez, hiru ideia nagusi daude:
- Antzinako Pertsiarren Ohitura: Lehenengo paragrafoan, testuari izena eman dion antzinako pertsiarren ohitura baten erreferentzia egiten da: erregea hildakoan anarkia nagusitzen zen bost egunez, errege berriari leialtasuna eta obedientzia ziurtatzeko. Gainera, erregearen gatibutasun-aldia (1808-1814) eta liberalismoa indarrean egondako aldia, anarkiaz beteriko bost egun horiekin parekatzen dira.
- Monarkia Absolutuaren Defentsa: Bigarren paragrafoan, monarkia absolutuaren defentsa sutsua egiten da. Monarkia absolutua arrazoimenaren eta adimenaren obra dela eta interes komuna babesteko beharrezkoa dela adierazten da.
- Diputatu Absolutisten Eskaerak: Hirugarren paragrafoan, diputatu absolutisten eskaerak azaltzen dira: alde batetik, Gorte estamentalak biltzea eta bestetik, Cadizko Gorteek egindako Konstituzioa eta dekretuak baliogabetzea.
Testuinguru Historikoa
Manifestu honen argitalpena hainbat ekintzaren ondorioa izan zen, Independentzia Gerraren (1808-1814) eta Fernando VII.aren itzuleraren artean kokatua.
Independentzia Gerra eta Botere Hutsunea
Baionako abdikazioaren eta Napoleonen tropak Espainia okupatzen hastearen ondorioz, Independentzia Gerra izan zen nagusi Espainian, botere hutsunea zegoelarik. Erantzukizun nagusia herriarena zenez eta koordinazio falta zela eta, zenbait batzar sortu ziren: Herri Batzarrak, Probintzi Batzarrak eta Goi Batzar Zentrala.
Cadizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa
Goi Batzar Zentralak Gorteetarako deialdia egin zuen. Horren ondorioz, 1812an, Cadizko Gorteek Konstituzioa onartu zuten.
Fernando VII.aren Itzulera eta Manifestua
Europako gerraren gorabeheren ondorioz, frantziar armadek fronte guztietan atzera egin behar izan zuten. 1813an, europar koalizioaren tropak Frantzian sartu ziren eta Napoleonek, bere tropak kontzentratu nahian, Fernando VII.arekin Valençay-ko Ituna izenpetu zuen.
Itun horren arabera, Fernando VII.ak Espainiako tronua berreskuratu zuen, Britainia Handiko tropak Espainiatik irtengo ziren eta frantsestuak ez ziren zigortuak izango. Hala ere, Fernando VII.ak ez zituen baldintza hauek bete. Penintsulan sartu zen Gironatik, Valentziara heldu arte. Bertan zegoela, 69 diputatu absolutistek sinatutako agiria jaso zuen: Pertsiarren Manifestua, hain zuzen ere.
Manifestuaren Garrantzia eta Ondorioak
Pertsiarren Manifestuaren garrantzia nabarmendu behar da bi arrazoi nagusirengatik:
- Absolutismoaren Ezarpena: Fernando VII.a absolutismoa ezartzera bultzatu zuelako, ordura arte indarrean zegoen Cadizko Konstituzioa indargabetuz.
- Gatazka Politikoa: XIX. mendearen lehen herenean Espainiako gizartean absolutisten eta liberalen arteko norgehiagoka adierazten duelako.