Pertsiarren Manifestua (1814): Absolutismoaren Berrezarpena

Historia3,99 KB

Pertsiarren Manifestua (1814-04-12)

Testuaren kokapena eta sailkapena

Testu hau monarkia absolutuaren aldeko adierazpena da, 1814an idatzia, Cadizko Konstituzio liberala aldarrikatu eta bi urtetara. Independentzia Gerra bukatu ondoren, Fernando VII.ak tronua eskuratu zuenean idatzi zen. Lehen mailako dokumentu zirkunstantziala da, eduki politikoa duena. Hasiera batean pribatua izan zen, Fernando VII.ari zuzendutako eskutitza baitzen, baina ondoren erregeak publiko egin zuen. Testu honen asmo nagusia absolutismoa berrezartzea da.

Azterketa

Termino historikoak

Monarkia absolutua
Erregeak botere guztiak dituen sistema politikoa.
Konstituzioa
Herrialde bateko oinarrizko legeak; bertan, herrialdeko sistema politikoa eta herritarren eskubide eta betebeharrak adierazten dira.
Gorteak
Botere legegilea duen pertsona taldea. Erregimen Zaharrean erregeari aholkuak emateko soilik balio zuen.
Anarkia
Legerik gabeko egoera soziopolitikoa, gobernurik gabekoa.
Foruak
Eremu geografiko zehatz batean izandako ohiturak, usadioak eta erregeak emandako salbuespenak eta pribilegioak lege bihurtuta.

Ideia nagusiak

Testu honen ideia nagusiak absolutismoaren berrezarpena eta Cadizko Konstituzioaren ezeztapena dira:

  • Liberalak boterean egondako urteak erabat kaotikoak izan dira, anarkia hutsa izan da.
  • Monarkia absolutuaren defentsa.
  • Antzinako Gorteak berriz bildu behar dira.

Testuinguru historikoa

Aurrean dugun testua 1814an idatzi zen, Independentzia Gerra bukatu eta denbora gutxira, Fernando VII.ak tronua eskuratu zuenean. Gerrak iraun zuen bitartean, talde txiki batek frantsesen alde egin zuen, baina gehiengoa erregimen absolutistaren aldekoa zen. 1812an Cadizeko Konstituzioa ezarri zen, ideia liberalak oinarri zituena.

Bitartean, Karlos IV.a eta Fernando VII.a Baionan zeuden, Napoleon Bonaparteren eskuetan. Espainiako erregea Napoleonen anaia, Josef I.a, zen. Independentzia gerra bukatzean, Frantziak atzera egin behar izan zuen, eta Napoleonek koroa eman zion Fernando VII.ari Valençayko Itunaren bitartez. Espainiara itzuli zenean, absolutismoaren aldekoek testu hau, Pertsiarren Adierazpena, idatzi zuten.

Manifestuaren edukia eta ondorioak

Ikus daitekeenez, manifestu honetan espainiarren gehiengoaren iritzia azaltzen da. Idazleen iritziz, 1812ko konstituzioa indarrean egondako aldia guztiz desegokia izan zen, injustiziaz beterikoa. Monarkia absolutuaren berrezarpena irtenbide onuragarri bakarra dela esaten da.

Adierazpen hau argitaratu ondoren, Valentziako dekretua egin zen, eta estatu-kolpe baten bidez absolutismoa berrezarri zen. Ondorioz, 1812ko konstituzioa bertan behera geratu zen. Fernando VII.aren helburua iraganera itzultzea zen, hau da, Inkisizioa, Mesta, gremioak eta abar berriro indarrean jarriz, Erregimen Zaharreko garaira bueltatzea. Hala ere, Fernando VII.aren gobernualdia nahiko kaskarra izan zen, eta sei urteren buruan (1820an) liberalek boterea hartu zuten, Cabezas de San Juaneko pronuntziamendu militarrari esker.

Ondorioa

Agiri hau Espainiako lehen manifestu politikoa izan zen, eta bere eragina handia izan zen. Fernando VII.ak Cadizeko Gorteek egindako lan guztia indargabetu zuen, baita liberalak modu gogorrean erasotu ere, eta Erregimen Zaharra berrezarri zuen, bere ezaugarri guztiekin.

Erregearen jokabideak liberalak eraman zituen konspirazio eta pronuntziamendu militarrak burutzera liberalismoa berreskuratzeko asmoz. Riegoren pronuntziamenduaren ondorioz, Fernando VII.ak konstituzioa onartu behar izan zuen, baina hiru urte geroago Aliantza Santuaren laguntzarekin berriz absolutismoa berrezarri zuen, hil zen arte. Egoera honek erakusten du XIX. mendeko lehenengo herenean Espainian zegoen gizartearen zatiketa, baita akordioetara iristeko zegoen ezintasuna ere.

Deskargatu

PDF Word HTML