Pentsamendu Modernoa: Berpizkundetik Kanten Kritizismora
Berpizkundea eta Zientzia Iraultza
Berpizkundearen Ezaugarri Orokorrak
Berpizkundea
Italian XIV. mendean sortu eta Europa osora XV-XVI. mendeetan zabaldutako mugimendu kulturala da. Berpizkundearekin hasi zen pentsamendu modernoa. Erlijioa, artea, politika, zientzia, gizakia eta mundua ulertzeko modu berri bat garatu zen.
Antzinako greziar-erromatar balio klasikoetara itzultzea zen helburu nagusia, kultura horrek gizakiari emandako eta Erdi Aroan ahaztutako aukerak berreskuratzeko. Ezagutza eta aurrerapena lantzen dira, Erdi Aroko dogmatismotik urrunduz.
Erdi Aroko teozentrismoa (Jainkoa erdigune) antropozentrismoak ordezkatzen du: gizakia bilakatzen da kreazioaren erdigune eta funtsezko aztergai. Gizakiaren arrazoimenaren autonomia aldeztu zen, pentsatzeko askatasuna erraztuz.
Filosofia berria gauzatuz doa zientzia modernoak aurrera egin ahala. Fase desberdinak izan dituen prozesua da: Berpizkundeko pentsamendua, arrazionalismoa, enpirismoa eta Ilustrazioa.
Hau gertatzeko ezinbestekoak izan ziren faktore historiko batzuk:
- Zientziaren aurrerapenek arrazoia indartu zuten fedearen aurrean.
- Estatu nazionalak indartu eta hauek monarkia absolutuen menpe geratu ziren.
- Gutenbergek inprenta asmatu zuen.
Zientzia Iraultza
Berpizkundearekin hasi zen eta XVII. mendean burutu zen.
Egia aurkitzeko arau metodiko eta sistematikoak erabili ziren, ezagutza zientifikoa autoritatetik, tradiziotik eta fedetik aldenduz. Horien ordez, hipotesi frogatuetan oinarritu zen, arrazoimenaren bidez lortutakoetan.
Metodo zientifikoaren urrats nagusiak: behaketa, hipotesia, egiaztapena eta legea.
Testuinguru honetako pentsalari esanguratsuenak eta ekarpen aipagarrienak ondorengoak dira:
- Kopernikok Eguzkia munduaren erdian dagoela frogatu zuen eta heliozentrismoaren defendatzaile bihurtu zen Elizaren kontra.
- Galileok penduluaren lege matematikoa eta inertziaren legea aurkitu zituen.
- Newtonek grabitatearen legea frogatu zuen.
Descartesen Razionalismoa
Descartes (1596-1650) filosofo frantsesa filosofia modernoaren aitatzat hartzen da. Zalantza hiperbolikoa asmatu zuen. Bere testuinguruan orokortu zen ziurgabetasunetik ezagutza-metodo seguru eta ukaezin bat sortu nahi izan zuen, egia unibertsal eta objektibora eramango zuena.
Razionalismoaren Ezaugarri Orokorrak
XVII. eta XVIII. mendeetan, bi korronte filosofiko nagusi bereizten ziren: razionalismoa eta enpirismoa.
Razionalismoaren arabera, ezagutzaren iturria arrazoia da eta giza adimenak berak badakartza jatorrizko ideiak. Enpirismoaren arabera, berriz, ezagutzaren iturria esperientzia da; eta ezin dugu ezer eduki adimenean aurretik zentzumenen bidez jaso ez badugu.
Descartesek sortu zuen razionalismo modernoa. Harentzat, benetako jakintza lortzeko arrazoiak ez du bere gainetik legokeen bestelako irizpiderik onartu behar: ez federik, ez autoritaterik, ez tradiziorik. Adimenak erabaki behar du egia zer den eta zer ez, arrazoizko gogoetaren bidez.
Razionalismoaren Ezaugarri Orokorrak
- Konfiantza arrazoian: ezagutza-iturri garrantzitsuena arrazoia da. Esperientziak aukera besterik ez dio eskaintzen arrazoiari, baina arrazoian esperientziatik sortu ez diren jatorrizko ideiak daude.
- Ezagutza sentikorraren gutxiespena: sarritan zentzumenek huts egitera garamatzate, eta ezagutza sentikorra ezin da unibertsala izan, ezinezkoa delako multzo bereko kasu guztiak esperimentatzea.
- Zientzia unibertsal eta beharrezkoaren nahitaezkotasuna: zientziaren judizio edo esaldi egiazkoek baliagarriak izan behar dute kasu guztietan, unibertsalak izan behar dute. Eta, aldi berean, nahitaezkoak izango dira, beharrezkoak. Matematika, “a priori” eratuta dagoenez, unibertsaltasun eta nahitaezkotasun hori duten judizioek eratzen dute. Horregatik egin zuten matematikaren aldeko apustua benetako ezagutzaren eredu gisa.
- Munduaren arrazionaltasuna: unibertsoko gertaera orok justifikazio bat du, kausa bat, ezer ez da arrazoirik gabe gertatzen. Arrazionalismoarentzat, gainera, giza adimenak kausa hori ezagut dezake, giza arrazoia bat baitator unibertsoarenarekin.
Enpirismoa: Locketik Humera
Enpirismoaren Ezaugarri Nagusiak
XVII-XVIII. mendeetan bereziki Britainia Handian garatu zen filosofia-korrontea zen. Haren aitzindariak Oxfordeko eskolan zeuden, XIII. mendean. Locke, Berkeley eta Hume dira enpirista aipagarrienak.
Enpiristen iritziz, esperientzia da ezagutzaren iturria. Adimena esperientziaren edukien bitartez bete behar den “arbel huts” bat da, horregatik jaiotzezko ideiak ukatzen ditu. Esperientzia bera da ezagutzaren muga, eta ezagutza oro, ideien ezagutza da.
Arrazoia arrazoi kritikoa da. Metafisika, arrazoiaren mugetatik at gelditzen denez, ezagutezina da.
John Locke (1632–1704)
Enpirismoaren sortzailea da. Bere iritziz, ezagutza esperientziatik eratortzen da, ideia abstraktuak barne.
Lockerentzat hauteman edo ezagutzen dugun guztia da ideia, eta ezin daiteke ideietatik kanpo dagoena ezagutu. Era berean, gure ideiak kanpo-errealitate horren errepresentazioa dira. Lockek bi eratako ideiak bereizten ditu:
- Bakunak: sentipenetik iristen zaizkigunak.
- Konplexuak: ideia bakunak konbinatuz sortzen direnak.
George Berkeley (1685–1753)
Zalantzan jartzen du Lockeren teoria: ideiak kanpoko munduaren errepresentazioak direla esateko, ideiak eta kanpoko mundua ezagutu beharko genituzke. Ideiak hautematean ez ditugu gauza sentigarrien irudiak hautematen, baizik eta gauza sentigarriak berak.
Existitzea hautemana izatea da.
David Hume (1711–1776)
Bat dator Lockerekin: esperientziatik datorkigu ezagutza. Humerentzat bi pertzepzio mota daude:
- Inpresioak: zentzumenetik eratorriak.
- Ideiak: inpresioaren gogoratze, hausnartze edo irudikapenak dira. Inpresioak ideiak baino biziagoak dira.
Ideiak, beraz, inpresioetatik eratortzen dira. Ondorioz, gure ezagutza esperientziaren datuetatik dator, beste guztia irudimena da. Eta ez dugunez ideia metafisikoen esperientziarik, metafisika baztertu beharra dago. Zientzia “kausa” kontzeptuan oinarritzen denez, Humerentzat zientzian sinestea kristautasunean sinestea bezala da.
Tesi hauetan laburbildu daiteke haren eszeptizismoa: ez dakigu ezer, egitate batzuen segida etengabea baino ezin dugu egiaztatu eta judizioak probabilitate edo hipotesi hutsean oinarritzen dira.
Kanten Idealismo Transzendentala
Ilustrazioaren Ezaugarri Nagusiak
Ilustrazioaren aroa XVIII. mendean zehar garatu zen, Ingalaterrako “Glorious Revolution” (1688) izeneko iraultzarekin hasi eta Frantziako Iraultzarekin (1789) amaitu arte.
Ilustratuek konfiantza eta fedea dute zientzia berrietan, autoritatearekiko espiritu kritiko arrazionalista dute eta arrazoi autonomoaren eta askatasunaren alde egiten dute.
Argien Mendea deitzen diote egia, ezagutza, arrazoia, garbitasuna, gorentasuna, ordena, ontasuna eta kontrola kontzeptuei lotzen dietelako, lehenagoko fanatismo ilunaren, ezjakintasunaren eta nahaskeriaren aurka eginez.
Ilustratuen arabera, gizadiaren aurrerapena arrazoiaren bidez iritsiko da, horregatik ahalegintzen dira bereziki kultura hedatu eta pedagogia eta hezkuntza antolatzen. Historian lehen aldiz derrigorrezko hezkuntza publikorako eskubidea aldarrikatzen dute.
Erlijioari dagokionez, sosegua eta tolerantzia nagusitzen dira. Elizak boterea galtzen du erregeen mesederako, eta bere zenbait betebehar (hezkuntza) Estatuaren esku geratzen dira.
Balio berriak sortzen dira gizarte berria erlijiotik kanpo eraikitzeko: giza eskubideak, askatasuna, aurrerapena, deismoa…
Burgesiak balio eskema berria sortzen du jaiotzezko pribilegioen aurka eta zientzia eta teknika oinarrian dituela. Ahalegin eta meritu pertsonala herentziaz jasotakoaren gainetik baloratzen dira.
Pentsamendu Ilustratua gizadiaren aurrerapenaren aldekoa den arren, ez du uste emakumea gizonaren pare denik. Zenbait pentsalarik gizonen eta emakumeen berdintasuna aldeztu zuten.
Eremu Filosofikoan
Arrazoi-eredu Berria:
- Arrazoi enpirikoa: esperientziatik abiatzen da ezagutza zientifikoa.
- Arrazoi kritikoa: arrazoiaren kanpoko aginpideen aurka, autoritatearen eta tradizioaren aurka. Bestalde, arrazoiak bere burua kritikatu eta arrazoiaren beraren mugak ezartzen ditu.
- Arrazoi autonomoa: Tradizioa eta autoritateak gainditu behar dira eta arrazoiak izan behar du edozein arlotan, gizakiaren gidari bakar.
- Aurrerapena: baikortasunez ikusten dute ilustratuek mundua; perfekziorantz bideratzen du gizakia. Ilustratuek uste dute arrazoiaren bidez natura menderatu eta gizadiaren ongizate materiala eta zoriontasuna lor daitezkeela.
Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
“Sapere aude” latindar esamoldea “ausart zaitez pentsatzera” esaldiaz itzul daiteke.
Kantek eman zuen ezagutzera “Zer da Ilustrazioa? galderari erantzuna” idazlanean. Edonola ere, Horazio poetak erabili zuen lehenbizikoz, K.a. I. mendean: “Dimidium facti qui coepit habet: sapere aude” (ondo hasi denak erdia bakarrik egin du: ausart zaitez pentsatzera).
Kanten iritziz, adingabetasuna besteen gidaritzaren menpe bizitzea da, baina norberaren erruz: koldarkeriaren eta alferkeriaren ondorioz gure kabuz ez pentsatzea.
Horretaz gain, tutoreek (erregeek, jauntxoek, elizgizonek…) abere otzan eta pasibo bihurtu dute gizakia historian zehar, arrazoia libreki erabiltzea eragotzi dutelarik. Arrazoiak bakarrik gida dezake gizakia betetasunera eta nagusitasunera, adingabetasuna gaindituz, gizakia beste izakiengandik bereizten baita.
Ilustrazioak gizakia bultzatzen du bere arrazoimenaz baliaturik adingabetasuna gainditzera, gizakia beste izakiengandik bereizten duen autonomiaren erabilera gauzatuz. Era autonomoan jarduteak heteronomia atzean uzten dela esan nahi du, alegia, besteen iritziak kontuan hartuz jardutea, bai, baina iritzi horiek norberarenak ito ditzaten saihestuz. Hala, norbanakoa infantilismo psikologikoa atzean utzi eta erabakien ondorioak bere gain hartzera bultzatuko du Kantek, erantzukizunez.
Behin heldutasun maila horretara iritsita gizabanakoa bere buruaren jabe da, bere adimenaz baliatzeko gaitasuna du eta bere kabuz pentsatzera ausartzen da. Darabiltzan irizpideak pertsonalak dira eta besteen gidaritzarik gabe erabakitzeko ahalmena erabiltzen du.
“Sapere aude!” dio Kantek, eta horrela ere itzul liteke: “ausart zaitez zure adimenaz baliatzera!”
“Sapere aude” beraz, pentsamendu askea da, zentzu teorikoa eta praktikoa duena. Ondorioz, pentsamendua bizirik eta eraldatzen dagoen zerbait da, ez da memorizatu behar den zerbait itxia. Hala, pentsamendu independentea eta kritikoa garatu behar dugu, hots, filosofatzen ikasi behar dugu.
Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua
Kantek, Ilustrazioko pentsamendu orokorrarekin bat eginik, arrazoimena defendatzen du.
Zenbait idazlanetan arrazoiaren erabilera publikoa eta pribatua bereizten ditu, besteak beste iruzkintzen ari garen “Zer da Ilustrazioa? galderari erantzuna” izenekoan.
- Arrazoiaren erabilera publikoa: gizaki gisa gure iritziak eta kritikak eremu publikoan adierazteko dugun askatasunari eta erantzukizunari dagokio, betiere modu arrazionalean eta errespetuz egiten badira. Eskubide besterezina da, gizarte gisa aurrera egiteko eta hobetzeko aukera ematen digu.
- Arrazoiaren erabilera pribatua: Hiritar bakoitzari dagokion gizarte-rol edo eginkizun soziala betetzea da. Kasu honetan, beraz, obeditu egin behar da. Ezinbestekoa da ordena soziala, legearekiko errespetua eta interes publikoko helburuak lortzeko.
Hona hemen adibide batzuk:
- Armadako ofizialak bete egin behar du beti gainetik datorkion agindua (erabilera pribatua). Nolanahi ere, aditu den heinean, aginduak jendaurrean kritika ditzake eta hobekuntzak proposatu (erabilera publikoa).
- Apaizak mezan bete egin behar du Elizak agindutakoa eta sinesmen ofizialaren arabera eraiki sermoiak (erabilera pribatua). Ordea, eskubidea du sinesmen horren akatsak publikoki ezagutarazteko, edo erlijioa eta eliza hobetzeko bere proposamenen berri jendaurrean emateko (erabilera publikoa).
- Hiritarrak ezin diezaioke uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua). Hala ere, aditu gisa, zerga horiek antolatzeko bide desberdinak erakuts ditzake, bidezkoagoak (erabilera publikoa).
Legeak edo arauak bete nahi ezean, armada, apaizgoa edo gizartea uztea da aukera bakarra.
Kantek dioenez, arrazoiaren erabilera pribatuan ez baitago askatasunik. Dena den, horrek ez du Ilustrazioa eragozten. Izan ere, informazioa zabaltzeko, pentsatzeko eta adierazpen publikorako askatasuna bermatzen ditu Ilustrazioak.
Autonomia Morala eta "Caesar non est supra grammaticos"
Arrazoiak, ezagutza lortzeaz gain, portaera gidatzen du. Izan ere, kontzientzia morala da gainerako izakiengandik bereizten gaituen gauzetako bat.
Gizakiok aurrez finkatutako eredu idealen arabera bideratzen eta neurtzen ditugu ekintzak. Ohituraz ikasten ditugu jokaera zuzen eta okerrak. Ekintzarako eredu horiek gida batzuk dira, printzipio batzuen arabera finkatutako jarraibideak. Alegia, ez dira arrazoi teorikoaren edukien parekoak, hauek onartu beharrekoak direlako.
Agindu moralak bete beharra dago, baina litekeena da ez betetzea (ez dira nahitaezkoak). Kanten ustez, balio unibertsala duen lege moral batek izan beharko luke: a priorizkoa edo ez-enpirikoa (kasu orotan aplikatzeko), kategorikoa (bete beharrekoa edozeinentzat) eta autonomoa (norberak erabakitakoa).
Subjektuak bideratu behar du bere jokaera, arrazoia ezeren mende jarri gabe. Lege morala ezin daiteke gizabanakoaren gainetik dauden elementuetatik eratorri, arrazoiaren autonomiatik baizik.
Subjektu bakoitza da bere buruari agindu morala ezarri behar diona, inposiziorik gabe, konpromiso morala nork bere buruarekin duena baita.
Honela formulatzen du Kantek bere moral osoaren agindua: “Joka ezazu zeure jokabidea lege orokor unibertsala bihurtzea nahi bazenu bezala”. Horregatik esaten zaio Kanten moralari moral formala, ez digulako “zer” egin eta “zer ez” esaten, baizik eta “nola” jokatu.
Autonomia Morala eta “Caesar non est supra grammaticos”
Agindu morala autonomoa da: ezin zaio gizakiari inposatu, norbera baita bere lege moralaren sortzaile.
Erromako enperadoreak erabaki politiko edo ekonomikoak inposa ditzake, bere betebeharra baita. Aldiz, latindar hizkuntzaren erabilerari buruzko erabakirik ezin du inposatu, horretarako baitaude gramatikari adituak. Horixe da esamoldearen zentzua (“Zezar ez dago gramatikoen gainetik”).
Beraz, esamolde hori erantzungo lioke mendekoak erregeari, azken honek agindu moral edo erlijiosoak emango balizkio.
Razionalismoa eta Enpirismoa Kantengan
Kanten aurretik epistemologiak bi taldetan banatzen ditu filosofoak: razionalistak eta enpiristak, XVII-XVIII. mendeetan haien arteko ika-mikak suertatu ziren.
Razionalistentzat, ezagutza guztiak adimenetik eratortzen dira eta ideiak innatoak edo berezkoak dira.
Enpiristentzat, berriz, ezagutza esperientziatik eratortzen da; adimena, zentzumenen datuak jaso baino lehen, tabula rasa (arbel hutsa) da eta ezagutza guztiak a posteriori lortzen dira.
Kantek razionalismoa eta enpirismoa gainditzen ditu “kritizismo” deitzen den jarrera filosofikoarekin. Haren iritziz, egia bada ere gure ezagutza guztiek esperientzia dutela abiapuntu, denak ez dira esperientziatik eratortzen.
Ezagutza emateko bi baldintza eman behar dira ezinbestean:
- Baldintza enpirikoak: Objektuak emanak, esperientziak. Ezagutzaren elementu materiala.
- A priorizko baldintza transzendentalak: A prioriak subjektuak jartzen dituen ezagutzeko moldeak edo formak dira, esperientziaren aurretik jada gizakiaren adimenean existitzen direnak (espazioa, denbora eta kategoriak). Subjektu ezagutzailearen egitura formal hauek dira ezagutza zientifikoari unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna ematen dizkiotenak.
Haren lanetik hau ondorioztatu daiteke:
- Ezagutza subjektuaren ekintza aktiboa da. Ezagutza ez da ezagutu nahi den objektu edo gauzaren barneratze pasiboa. Subjektuak ematen dio izaera objektuari; subjektuak objektua barneratzen duenean hau eraldatu egiten da, subjektuak ez baitu objektuaren argazki hutsa egiten: datu sentigarriak antolatu, ordenatu eta ezagutzeko forma subjektiboetara moldatzen ditu. Gauzak ez ditugu diren bezala ezagutzen, objektuak eraiki egiten ditugu, a priorizko forma eta kategoriak ezartzen dizkiogun neurrian.
- Zentzumenetatik datorrena ezagutzaren materia da eta arrazoia, ezagutzaren forma; gizakiak forma ematen dio adimena erabiliz, zentzumenen bitartez jasotakoari. Bien uztarketari fenomenoa deitzen die Kantek, eta hori da guk gizakiok, ezagutu dezakegun mundua. Noumenoa edo gauza bere baitan, benetako errealitatea, gure arrazoitik independentea denez, ezin dugu ezagutu.
Kanten Kritizismoa: Hiru Galdera Nagusiak
Kanten filosofia, “Zer da gizakia?” galderari erantzuteko ahalegina da. Horri aurre egiteko Kantek galdera hori hirutan banatu eta zehaztu zuen: “Zer ezagutu dezaket?” (ezagutza), “Zer egin behar dut?” (etika) eta “Zer itxaron dezaket?” (metafisika).
“Zer ezagutu dezaket?”
Kantek ezagutza prozesua hartzen du aztergai, enpiristen eta arrazionalisten ikuspegiak bateratuz eta gaindituz. Ezagutza esperientziatik datorkigu, baina esperientziaren datuak “a priori” (aurrez) forma jakinekoa den “moldea” betetzera datoz. Marko horretan sartzen diren datu enpirikoek osatzen dute benetako ezagutza. Esperientziarik ezean (metafisika) ez dago ezagutzarik. Hartara, Kantek amaiera ematen dio Platonengandik zetorkigun ikuspegiari. Benetako ezagutza mundu sentigarriari buruzkoa da. Handik haratagokoaren inguruan dugunari, uste edo sineste esango diogu. Gizakiok ez dugu “noumenoa” ezagutzen. Errealitatea guregana heldu eta gure adimenak ezartzen dizkion baldintzak zeharkatzean, errealitatearen bertsio propioa eraikitzen dugu, objektua “a priorizko” forma eta moldeen arabera hautematen baitugu.
“Zer egin behar dut?”
Kantek arrazoiaren erabilera praktiko etiko-moralaren bidez erantzungo dio. Kantek esaldi bakarrean biltzen du bere proposamen morala (nola jokatu), bere agindu kategorikoan: “Joka ezazu beti zure ustez egin beharrekoa, pentsatuz egoera berean beste edonork berdin jokatzea nahiko zenukeela”. Moralaren judizioa intentzioari buruzkoa da, hortaz, ez da emaitzen ingurukoa. Gizaki autonomoak erabaki behar du zer dagoen ondo eta hura egin.
“Zer itxaron dezaket?”
Kantek erlijiora jotzen du. Erlijio naturalaren alde agertzen da. Hartan ikusten du bere garaiko erlijioen arteko gatazken irtenbidea. Kant sinestuna da baina badaki hori aukera pertsonal borondatezkoa dela (ez dago ezagutzarik). Erlijio pertsonal, natural, arrazoizkoaren alde azaltzen da, non Jesus jarraitu beharreko eredu etikoa den (Budismoa gogorarazten du).
Testuen Laburpenak
- Ilustrazioan garrantzitsuena da gizakiak adingabetasunetik irtetea, hau da, bakoitzak bere kabuz pentsatzeko gai izatea. Adingabeak gara gure erabakiak besteen erabakien araberakoak direnean, horregatik, “Sapere aude” Ilustrazioaren ideia nagusia da.
- Kantek garrantzi handia ematen die erlijio-arazoei eta gobernuek hori kontrolatu nahi dute, hau baita tutoretzarik kaltegarriena. Baina, bestalde, Ilustrazioak arrazoimenaren bidez egindako kritika publikoak egiteko aukera ematen duenez, Ilustrazioa defendatzen duten agintariek ezinbestekotzat jotzen dute hori.