Osidoak: Lotura O-glukosidikoak, Holosidoak eta Heterosidoak
Osidoak
Monosakaridoek edo haien deribatuek lotura O-glukosidikoen bidez bat egitean eratzen dira.
Lotura O-glikosidikoak
Lehen monosakaridoko karbono anomerikoko hidroxilo taldeak eta bigarren monosakaridoko hidroxilo talde batek erreakzionatzen dutenean eratzen dira. Ur-molekula bat askatzen da, eta bi monosakaridoak oxigeno-zubi baten bitartez lotuta geratzen dira.
Lotura glukosidiko monokarbonilikoa
Bigarren monosakaridoko hidroxilo taldea karbono ez-anomeriko bati lotuta dagoenean gertatzen da. Lotura karbono anomeriko baten eta karbono ez-anomeriko baten hidroxilo taldeen artean finkatzen da; laktosan, adibidez. Karbono anomeriko bat libre geratzen denez, eratzen den disakaridoak ahalmen erreduzitzailea du, karbonilo talde bat aske duelako. Oxidatu egin daiteke, eta talde karboxiliko bilakatu.
Lotura glukosidiko dikarbonilikoa
Bigarren monosakaridoko hidroxilo taldea karbono anomeriko bati lotuta dagoenean gertatzen da. Lotura bi karbono anomerikoren hidroxilo taldeen artean gauzatzen da; adibidez, sakarosan. Karbono anomerikorik libre geratzen ez denez, eratzen den disakaridoak ez du ahalmen erreduzitzailerik, ez baitu oxida daitekeen karbonilo talderik aske.
Lotura O-glukosidikoen nomenklatura
Lotura O-glukosidikoak adierazteko, lehenik C anomerikoaren konformazioari dagokion letra idazten da (α edo ß). Ondoren, parentesi artean, monosakarido bakoitzean lotuta geratzen diren karbonoen zenbakiak zehazten dira. Adibidez: α(1→4).
Holosidoak: Oligosakaridoak
Monomero gutxi batzuekin osatzen dira, eta haien arteko loturak O-glukosidikoak dira. Ezaugarri nagusiak:
- Masa molekular txikia dute.
- Uretan disolbagarriak dira.
- Zapore gozoa dute.
- Batzuek ahalmen erreduzitzailea dute.
- Naturan aske ager daitezke, edo beste molekula batzuen zati gisa (glukolipidoetan edo glikoproteinetan).
Disakaridoak
Naturan aske dauden oligosakaridorik ugarienak dira; ez daude beste biomolekula batzuekin lotuta.
- Laktosa: Esnean agertzen da. ß-D-galaktosa eta α- edo ß-D-glukosa molekula banaz osatuta dago, ß(1→4) lotura baten bidez elkarturik. Ugaztunen digestio-hodian hidrolizatzen da laktasa entzimari esker; hesteetako guruinetan sortzen den entzima horrek laktosa eraldatzen du, hura osatzen duten monosakaridoak lortuz. Laktosak ahalmen erreduzitzailea du.
- Maltosa: Garagarrean agertzen da. Osagaiak bi glukosa molekula dira (α-D-glukosa edo ß-D-glukosa), α(1→4) lotura baten bidez elkarturik. ß forma ugariagoa da α forma baino. Maltosa ornodunen digestio-hodian agertzen da, amilasa entzimak almidoiaren hidrolisia eragiten duenean. Maltosak ahalmen erreduzitzailea du.
- Sakarosa: Kontsumitzen dugun ohiko azukrea da, erremolatxatik eta azukre-kanaberatik ateratzen dena. Osagaiak: α(1→2) loturarekin elkartutako α-D-glukosa molekula bat eta ß-D-fruktosa molekula bat. Sakarosa sakarasa entzimak hidrolizatzen du; heste meharrean ekoizten da entzima hori, eta sakarosa glukosa eta fruktosa bihurtzen du. Ez du ahalmen erreduzitzailerik.
- Zelobiosa: ß-D-glukosaren bi molekulaz osatuta dago, ß(1→4) lotura baten bidez. Ez da naturan libre agertzen; zelulosaren degradazioaren emaitza da, zelulasa esaten zaion entzimak eraginda. Ahalmen erreduzitzailea du.
β-D-glukopiranosil-(1→4)-β-D-glukopiranosa
α-D-glukopiranosil-(1→4)-α-D-glukopiranosa
α-D-glukopiranosil-(1→2)-β-D-fruktofuranosidoa
β-D-glukopiranosil-(1→4)-β-D-glukopiranosa
Disakaridoen nomenklatura
- Lehen monosakaridoaren izena: Haren konformazio enantiomerikoa eta anomerikoa aipatu behar dira, eta, amaitzeko, -osil atzizkia jarri.
- Lotura: Lotura glukosidikoz bat egindako karbonoen zenbakiak parentesi artean adierazten dira, gezi bat erdian jarrita.
- Bigarren monosakaridoaren izena: Konformazio enantiomerikoa eta anomerikoa aipatu behar dira, eta, amaitzeko, -osa atzizkia (lotura monokarbonilikoa bada) edo -osido atzizkia (lotura dikarbonilikoa bada).
Holosidoak: Polisakaridoak
Gluzido konplexuak dira, 10 monomero baino gehiagokoak (+10). Monosakaridoen edo haien deribatuen milaka molekula eduki ditzakete, lotura O-glukosidikoen bitartez batuak. Polisakaridoek eratzen dituzten kate luzeek adarkadurak izan ditzakete. Masa molekular handia dute, disolbagarritasun txikia uretan, eta ez dute ahalmen erreduzitzailerik. Energia-eduki handiko molekulak dira; hala ere, zelulek ezin dute energia hori beti erabili, organismo askok ezin baitituzte lotura O-glukosidikoetako batzuk hidrolizatu. Izaki bizidunek energia-erreserba moduan erabiltzen dituzte zenbait polisakarido; beste batzuek, berriz, egiturazko funtzioa dute.
Homopolisakaridoak
Monosakarido mota bakar batez edo haren deribatu bakar batez eginda daude.
Almidoia
Erreserbako polisakarido nagusia da landareetan. Landare-zeluletan sintetizatzen da fotosintesi-prozesuaren ondorioz, eta zitoplasman metatzen da pikor moduan, batez ere tuberkuluetan eta hazietan. Almidoian bi polimero daude:
- Amilosa: α-D-glukosaren unitateen kate lineal ez-adarkatuekin osatuta dago, α(1→4) loturen bidez. Kateetan mila glukosa molekula gutxi batzuetatik hasi eta 500.000 glukosa molekularaino egon daitezke. Amilosak egitura helikoidala du.
- Amilopektina: α-D-glukosaren kate adarkatuez osatuta dago, eta 100 milioi glukosa unitate ere izan ditzake. Kate linealeko lotura O-glukosidikoak α(1→4) motakoak dira; adarkadura-puntuetan, berriz, α(1→6) motakoak. Adarkadurak 24-30 glukosa unitatetik behin eratzen dira.
Almidoia erabat degrada daiteke glukosa bihurtzeko, eta horretarako hiru entzimaren eragina behar da:
- Amilasak α(1→4) loturak hausten ditu, glukosa eta maltosa unitateak eratuz.
- Glukosidasak α(1→6) loturak hidrolizatzen ditu, adarkadura-puntuak hautsiz.
- Azkenik, maltasak maltosaren α(1→4) lotura hausten du, bi glukosa molekula sortuz. Entzima horiek digestio-hodiko urin gisa agertzen dira.
Glukogenoa
Animalia-zeluletako erreserbako polisakaridoa da. Gibeleko zeluletan eta, neurri txikiagoan, muskulu eskeletikoko zeluletan biltzen da. Polimero hau α-D-glukosaren unitatez osatuta dago, eta haien arteko lotura nagusia α(1→4) da. Amilopektinak bezala, adarkadurak ditu α(1→6) loturen bidez elkarturik, baina glukogenoaren adarkadura-maila askoz handiagoa da: adarkadurak 8-12 glukosa unitatetik behin agertzen dira. Horren eraginez, glukogenoak egitura askoz trinkoagoa du.
Glukogenoaren hidrolisia bi entzima hauen eraginez gertatzen da:
- Glukogeno-fosforilasak α(1→4) loturak hausten ditu, eta glukosaren deribatu fosforilatu bat askatzen du.
- Glukosidasak adarkadura-puntuetan jarduten du, α(1→6) loturak hautsiz eta glukosa molekulak askatuz.
Zelulosa
Egiturazko funtzioa duen polisakaridoa da, eta landare-zelulen hormak eratzen ditu. Zelulosa kate linealez eginda dago (ez du adarkadurarik) eta 300-15.000 β-D-glukosa unitate ditu, β(1→4) loturen bidez elkartuta.
Zelulosa molekulak kate paraleloen sortetan antolatzen dira, eta eratzen diren zuntzexkek elkarri eragiten diote hidrogeno-zubien bitartez. Zuntzexkak zelulosa-zuntzetan multzokatzen dira. Zelulosa zuntzezko substantzia erresistentea eta uretan disolbaezina da.
Zelulasa entzimak zelulosaren β(1→4) loturak hidrolizatzen ditu, glukosa eta zelobiosa bihurtuz. Entzima hori ez da ekoizten ornodunen digestio-sisteman; horregatik, zelulosak ez du nutrizio-baliorik animalia gehienentzat. Hausnarkariek soilik xurga dezakete zelulosatik datorren glukosa, haien digestio-hodian zelulasa ekoizten duten bakterio jakin batzuk baitituzte.
Kitina
Egiturazko funtzioa duen polisakaridoa da: onddoen zelula-hormak zein artropodo askoren exoeskeletoa osatzen ditu. Osagaiak N-azetil-D-glukosaminaren unitateak dira (glukosaren deribatua); haien artean ß(1→4) lotura glukosidikoak eratzen dira. Kitinaren egiturak eta zelulosarenak elkarren antz handia dute, baina, N-azetil-D-glukosamina dagoenez, H-zubi gehiago eratzen dira. Kitinaren kate linealak elkarri lotzen zaizkio geruzak sortuz; geruza horiek multzokatu egiten dira egitura disolbaezin, trinko eta oso erresistentea osatuz.
Heteropolisakaridoak
Monosakarido edo haien deribatu mota batez baino gehiagoz osatutako polimeroak dira.
Hemizelulosak
Pentosen eta hexosen kate linealez osatuta daude. Zelulosarekin batera, landare-zelulen hormen zati dira.
Pektinak
Azido galakturonikoaren hondarren kate luzeekin eraturiko polimeroak dira. Kate nagusian erramnosa-hondar batzuk tartekatzen dira, galaktosa-, arabinosa- eta xilosa-adarkadurekin batera. Landare-zelulen hormetako erdiko lamela eratzen dute.
Heterosidoak
Bi zatiz osatutako biomolekulak dira: bata gluzidikoa da, eta bestea aglukoia (ez-gluzidikoa).
Glukolipidoak
Zati ez-gluzidikoa lipido bat da (zeramida, esaterako). Lipido horiek mintz plasmatikoaren parte dira eta funtzio garrantzitsua dute zelulen arteko ezagutza-prozesuan. Glukolipidoen artean garrantzitsuenak zerebrosidoak eta gangliosidoak dira.
Glukoproteidoak
Glikoproteinak: Zati gluzidiko bati lotutako proteina batez osatutako molekulak dira. Gluzidoen edukia % 1etik % 80ra bitartekoa izan daiteke; gluzido-eduki oso handia duten glikoproteinei proteoglukano deritze. Glikoproteinek askotariko funtzioak dituzte izaki bizidunetan:
- Fibrinogenoa: Odolaren koagulazioan parte hartzen du.
- Mintzeko glikoproteinak: Glikokaliza osatzen dute; horrek seinaleak jasotzeko eta zelulak ezagutzeko prozesuetan parte hartzen du (adibidez, eritrozitoen mintzeko glikoproteinek odol-taldea zehazten dute).
- Hormonak: Hormona gonadotropikoak egitura honetakoak dira (adibidez, hormona folikulu-estimulatzailea eta hormona luteinizatzailea).