Oroimena: Iraupen Laburra, Iraupen Handia eta Nahasteak

Psikologia eta soziologia5,27 KB

Iraupen Laburreko Oroimena

Kontzientziaren erdigunea da, bertan biltzen da denbora-tarte jakin batean gogameneko edozein pentsamendu, informazioa eta esperientzia. Iraupen Laburreko Oroimenak 15, 20 edo gehienez 30 segunduko iraupena du. Denbora tarte horren buruan informazioa Iraupen Handiko Oroimenean biltzen ez bada, galdu egiten da. Adibidez, telefono-zenbaki ezezagun batera dei egitean, markatu bezain laster, zenbakia ahazten dugu.

Oroimen horrek edukiera mugatua du. Psikologoek diotenez, Iraupen Laburreko Oroimenak 7 ± 2 informazio unitate gorde ditzake, hau da, 5etik 9ra bitartean. Muga hori gainditzeko, informazio zati esanguratsuetan biltzeko joera dago.

Iraupen Handikoaren lanari begira, oso garrantzitsua da Iraupen Laburrekoaren zeregina:

  • Bildutako informazioa ezin da Iraupen Handiko Oroimenera iritsi Iraupen Laburrekorik ez bada.
  • Iraupen Handiko Oroimenetik berreskuratzen dugun informazioak Iraupen Laburreko Oroimenetik pasa behar du erantzun gisa erabili ahal izateko.

Iraupen Handiko Oroimena

Bizitza osoan zehar gureganatzen ditugun informazio guztien biltegia da. Mugagabea da eduki eta iraupen aldetik, eta, ondorioz, oroimen-egitura aberatsena eta konplexuena da, baina ikertzen zailena.

Hor gordetakoek luzaroan irauten dute, ia betiko. Iraupen Laburreko eta Iraupen Handiko oroimenen arteko aldea, iraupenaz gain, prozesatzeko era da:

  • Iraupen Laburrekoa gauzen ezaugarri fisikoetan oinarritzen da.
  • Iraupen Handikoa gauzen esanahietan oinarritzen da.

Pelikula bat gogoratzean, ez gara hasten aktoreen ahotsak oroitzen, pelikularen argumentu edo esanahi orokorra baizik.

Tulvingen Azpisistemak

Iraupen Handiko Oroimenaren egiturari buruzko sailkapen bat baino gehiago proposatu dira. Ezagunena, 80ko hamarkadan E. Tulving-ek proposatutakoa da. Tulvingek hiru azpisistema bereizi zituen:

  1. Gertaeren oroimena: Iraganeko esperientziak gogoratzen ditugu (oroimen autobiografikoa).
  2. Oroimen semantikoa: Pertsona bakoitzaren munduaren ikuspegia gordetzen da (munduari buruz bakoitzak duen ezagutza).
  3. Prozeduren oroimena: Gauzak nola egiten diren gogoratzen dugu; hortxe gordetzen da trebetasun ezagutza.

Informazioaren Berreskuratzea

Informazioa esanguratsua bada eta ondo antolatuta badago, hobeto gogoratzen da. Beste faktore batzuek ere badute eragina informazioa berreskuratzean. Faktoreak hauek dira:

  1. Lehentasuna eta Berritasuna: Hobeto gogoratzen dira ikasitako lehenengo eta azken gauzak. Hitz-zerrenda batean, hobeto gogoratzen dira lehenengoak eta azkenak, eta erdikoak ahaztu. Gertakizun horiei lehentasun eta berritasun legeak deitzen zaie. Lehenengo gordetako hitz eta izenak Iraupen Handiko Oroimenean gordetzen dira, eta azkenik ikasi ditugunak, Iraupen Laburreko Oroimenean. Azken oroitzapen horiek aurrekoak gainditzen dituzte, eta ezin dira aurrekoak gogoratu.
  2. Gauza Arraroak: Hobeto gogoratzen dira gauza arraroak. Zerrenda batean hitz arraro eta bitxiak badaude, gehienak gogoratzen dira, zerrenda erdian egon arren. Efektu honi Von Restorff efektua deritzo.
  3. Esangura Emozionala: Hobeto gogoratzen dira emozionalki esanguratsuak diren egoerekin zerikusia duten gertaerak. Harridura handiz, beldurrez edo maitasunez bizitako gertaerak edo tokiak hobeto gogoratzen dira. Istripu larri bat betiko gogoratzen da, eta asko maite izan dugun pertsona baten heriotza ere betiko gogoratzen da.

Oroimen Nahaste Kuantitatiboak

Nahaste hauek oroimenaren edukieran edo aktibitatean eragiten dute:

A) Amnesia

Oroitzapenaren galera osoa nahiz partziala adierazten du. Amnesiaren jatorriak bi eratakoak izan daitezke: 1) Entzefaloaren lesioak edo garun-nahasteak, edo 2) Emozio-nahasketak.

Amnesiaren Multzoak

  1. Amnesia Globala: Oroitzapena osorik edo neurri handi batean galtzea. Hiru mota daude:
    • Aurreranzko Amnesia: Estimuluak finkatzeko ezintasuna (sarritan zaharrei gertatzen zaie).
    • Atzeranzko Amnesia: Aspaldi finkatu eta gordetako bizitzako gertakizunen oroitzapena gaurkotzeko ezintasuna.
  2. Amnesia Partziala: Oroitzapenaren atal edo une baten galera. Bi mota daude:
    • Hutsune-Amnesia: Kontzientzia galtzen den momentutik esnatu arte ezin da ezer gorde.
    • Amnesia Selektiboa: Afektiboki eragin handia duten egoerak gogora ekartzeko ezintasuna.

B) Hipermnesia

Oroimenaren hiperaktibitatea. Egoerak gogora ekartzeko erraztasuna edo trebetasuna adierazten du. Bi mota daude:

  1. Existentziaren Ikuspegi Panoramikoa: Bizitza argitasun eta zehaztasun osoz gogora ekartzea.
  2. Hipermnesia Harrigarria: Hainbat datu buruz ikasteko ahalmena.

Oroimen Nahaste Kualitatiboak

Lehenaldiaren eta orainaldiaren arteko oreka eta ordena kronologikoa, eta lehenaldi errealaren eta irudimenezkoaren arteko bereizketa oroimenaren bitartez zehazten ditugu. Horietariko batean huts egitean, paramnesia daukagu. Ezagunenak Déjà vu eta Jamais vu dira.

Deskargatu

PDF Word HTML