Oligarkia eta Jauntxokeria: J. Costa eta Erregenerazionismoa

Historia5,64 KB

1. Sarrera eta Sailkapena

Aztertzen ari garen testu hau 1901. urtean Joaquín Costak, erregenerazionista denak, idatzia da. Testua Errestaurazio garaikoa da (1898ko hondamendiak sortutako krisi eta ezegonkortasun egoeran), eta “Oligarquía y caciquismo...” liburuaren pasarte bat da. Beraz, forma aldetik testu narratibo baten aurrean gaude.

Pasarte honek Errestaurazioko politikariak kritikatzen ditu eta espainiarrak lo zorrotik atera nahi ditu. Edukiari dagokionez, beraz, soziopolitikoa dela esan daiteke.

Jatorriari dagokionez, lehen mailakoa da, jatorrizko testua delako. Publikoa da, saiakera bat denez, Espainiar gizarteari zuzenduta dagoelako.

2. Analisi Kritikoa: Ideia Nagusiak

Testuaren ideia nagusia Errestaurazioari kritika zorrotza egitea da, boterearen oligarkizazioaren aurka agertuz. Ideia garrantzitsuenak paragrafo ezberdinetan antolatzen dira:

  • 2. paragrafoa: Sistemaren osagaiak aipatu eta egitura piramidala azaltzen du: oligarkia (primate deiturikoa), jauntxo ezberdinak (herri/eskualde mailako boterea) eta Gobernadore Zibila (bitartekaria).
  • 3. paragrafoa: Sistema “gorputz arrotza” dela kritikatzen da, ez duela gizartea ordezkatzen, oligarkiaren interesak baino ez dituela defendatzen.
  • 4. paragrafoa: Sistema mantentzeko hauteskunde iruzurrak baliatzea aurpegiratzen da (fikzio politikoa: hauteskundeak bai, baina manipulatuta).

3. Testuinguru Historikoa

3.1. Errestaurazioa eta Jauntxokeria (Caciquismoa)

Testuinguruari dagokionez, Oligarquía y Caciquismo María Cristinaren Erregeordetza garaikoa izanik (1885-1902), Errestaurazioan ezarritako alderdi dinastikoen txandakatze sistemak eragindako egoerari erantzuten dio. Sistema honen bidez bi alderdi nagusiak (Cánovasen kontserbadoreak eta Sagastaren liberalak) boterean txandakatzen ziren, 1876ko Konstituzioa oinarri gisa erabiliz.

Sistema honetan egindako hauteskundeetan iruzurra zen nagusi. Gobernuak barrutietan antolatu zuen Espainia, eta barruti horiek (nekazal guneetan gehienbat) tokian tokiko kazikeek kontrolatzen zituzten. Hauek modu ezberdinak erabiltzen zituzten gobernuak nahi zituen emaitzak lortzeko:

  • Botoak erosi.
  • Errolda faltsutu.
  • Mehatxuak erabili.

Horren ordez, kazikeek mota ezberdinetako mesedeak jasotzen zituzten: ekonomikoak, soldadutzarik ez, etab.

3.2. 1898ko Krisia eta Erregenerazionismoa

María Cristinaren erregeordetzan, alderdien txandakatzea zorrotz bete bazen ere, alderdi biek zailtasun handiak izan zituzten krisi politiko, ekonomiko eta sozial gogorrak zirela medio. Zentzu honetan, azken kolonien galerak (1898) berebiziko garrantzia izan zuen, Errestaurazioaren krisia piztu baitzuen.

Galera horiek ondorio ugari izan zituzten Espainiarentzat:

  • Ekonomia: Kolonietako merkataritza galdu zen, Ogasunaren krisia eta prezioen gorakada eraginez.
  • Politika eta Kultura: Gogo kritiko bat agertu zen, berrikuntza politiko, ekonomiko eta ideologiko sakonak eskatzen zituena.

Horren adierazpide nagusia Erregenerazionismoa izan zen, Joaquín Costak bultzatutako mugimendu ideologikoa. Erregenerazionismoa XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendearen hasiera bitartean intelektualek eta politikariek egindako kontzientzia azterketa eta balantzea izan zen, helburu hauekin:

  1. Politikari duintasuna ematea.
  2. Gizartea modernizatzea.
  3. Atzerapen kulturala gainditzea.

Horretarako, erreforma politikoak, sozialak eta ekonomikoak egitea proposatzen zen. Mugimendua sistemaren baitan eta sistematik kanpo ere hedatu zen.

3.3. Mugimendu Erregenerazionista

Sistematik kanpo antolatutako mugimendu hau intelektualek garatu zuten. Sustatzaileak, besteak beste, Macías Picavea eta Joaquín Costa izan ziren. Arlo kulturalean 98ko Belaunaldia ere nabarmendu zen (Unamuno, Machado...).

Intelektual erregenerazionisten iritziz, Espainia erabat ahul zegoen eta ikuspegi ezkorra zuten. Horregatik, egoeraren diagnosia egin eta irtenbideak aurkitzen saiatu ziren, “nazioaren erregenerazioa” helburu zutela. Costak “Oligarkia eta jauntxokeria” lanean zalantzan jarri zuen espainiar herriaren hobekuntzak egiteko gaitasuna, eta hezkuntzarik eza jo zuen herrialdearen atzerapenaren eragile nagusitzat. Gainera, Errestaurazioko sistema eta haren funtzionamendua kritikatu zituen.

Costak bere ideietako asko praktikan jartzen saiatu zen, erreformak sustatuz hainbat arlotan: nekazaritzan, udaletan, hezkuntzan eta administrazioan.

Politikari dagokionez, joera hau ekimenez defendatu zuten, besteak beste, Maura eta Silvelak. Haien helburua herrialdea berregitea zen, baina Errestaurazioko sistema bera eta ordura arte koroak eta alderdiek izandako funtzioa aldatu gabe. Beraz, saiakerak egin arren, ez zuen emaitza praktikorik izan.

4. Ondorioak

Testuaren garrantziari dagokionez, Erregenerazionismoaren isla da, Errestaurazioko sistemaren akatsak agerian utzi zituena:

  • Boterearen oligarkizazioa.
  • Espainiako gizartearen jauntxo egiturak.
  • Ustelkeria eta hauteskunde iruzurra.

Horrez gain, Joaquín Costak Espainiar gizartea lo zorrotik iratzarri nahi du, aldaketaren beharraz kontzientziatzeko. Hala ere, J. Costaren lanak ez zuen emaitza praktikorik izan, eta, beraz, hausnarketa hutsean geratu zen, nahiz eta etorkizuneko erreformetarako oinarri ideologikoa ezarri.

Deskargatu

PDF Word HTML