Nihilismoa, Balioen Transmutazioa eta Erlijio Alienazioa: Nietzsche eta Marx
Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa Nietzscheren Pentsamenduan
Nietzscheren ustez, nihilismoa kristautasunaren azken ondorioa da. Kristautasunak irakatsi du munduak ez duela berez izateko arrazoirik, zerura edo infernura joateko "casting" bat besterik ez dela. Mundu idealetara ihes egiteak dagoen errealitate bakarrari balioa kentzen dio. Ideal horien ilusioak galtzean, ordea, kristauari ez zaio ezer geratzen. Bizitzak zentzua galtzen du, noraezean geratzen da, balio guztiak galduta. Horrela sortzen du kristautasunak nihilismoa.
Nietzschek ezin du onartu nihilismo hori, erabat aurka dago, eta hori ekiditeko balioen transmutazioa beharrezkoa ikusten du. Greziarren garaitik irakatsi zaizkigun balore guztiak bizitzaren aurkakoak dira, eta horiek ez dira legitimoak, aldatu egin behar dira. Bizitzaren funtsezko balioak berreskuratu behar dira, eta orain artekoak transmutatu. Errealitatea etengabe eraldatzen da, eta, beraz, ez dago betiereko balorerik. Ahulek hori onartu ezinik, beren burua engainatzen dute segurtasun faltsuekin. Benetako baloreak segurtasunarekin lotzen dituzte.
Nietzschek dio dagoena baloratzen ikasi behar dugula; gauzak preziatu behar ditugu, ez betirako direlako, baizik eta ez direlako betirako izango. Beraz, gauzen benetako balioa segurtasun ezean dago, dena amaituko baita. Baloreak bizitzak sortu ditu bizitzeko, eta horretan datza haien zilegitasun guztia. Bizitza itotzen hasten direnean, zilegitasuna galdu eta aldatu beharrean gaude. Beraz, ez dago betiereko eta baldintzagabeko balorerik.
Baloreen transmutazio horrek gizaki mota berri bat sortaraziko du, gizaki ahul eta gaixoaren guztiz desberdina: "tipo erlatiboki gaingizatiarra".
Erlijio Alienazioa Marxen Pentsamenduan
Gizakiaren ezaugarririk garrantzitsuena gizatiarra izatea da. Gizatiarra izatea, Marxen arabera, natura eraldatzean datza. Alienatzea, oro har, gauza bat berez dena ez izatea da, beste gauza bat bilakatuz. Marxek alienazio mota ezberdinak aipatu zituen gizakiengan (ekonomikoa, soziala, politikoa eta erlijiosoa). Hegelen pentsamenduan, dialektika hegeliarrean du jatorria alienazio kontzeptuak.
Marxek filosofia kritikoa gizon erreal historikoari begira jarri zuenean, alienazio egoerak murriztea izango da haren egiteko berria: hau da, gizakien izatea aldatzea edo galtzea dakarten eredu historikoak murriztea. Horretarako, dialektika materialez pentsatutako gizaki naturaletik abiatu behar zen. Filosofia kritikoaren lehen egitekoa gizakiaren definizio berri bat argitzea izango da: naturarekin duen jatorrizko harremanaren ikuspegitik eta historiako subjektu gisa definitzea. Ezagutza hori soilik izango da praxia, errealitatea aldatzeko gai izango den jakintza.
Metodo dialektikoa gizaki sozial eta historikoari aplikatzea izan zen Marxek, filosofo gisa, erdietsi zuen lorpenik handiena. Horrek antropologia berri bat sortu zuen, bai eta humanismo berria ere. Idealismo oro baztertzean, ez dago giza izaeran edo esentzian pentsatzeko biderik, naturaren osotasunarekin harremanean ez bada. Ez da egia hasieran adimena, eta agian, arima hilezkorra duen gizaki adamiar bat dagoenik, natura bere onurarako erabiltzea erabaki duena. Pentsaera materialista praktikoak naturatik abiatu behar du: "materialismoaren ustez erreala den bakarra natura da (…), naturan oinarritu zen gizakien hazkundea eta garapena, haiek ere, harengandik, produktu naturalak baitira."
Erlijioaren Kritika Marxen Aurretik
Erlijioaren kritika ia filosofia bezain zaharra da. Epikurok, adibidez, beldur izateko kausatzat jo zuen eta, horregatik, jainkoak ahaztu behar zirela zioen. Hegelek berak ere erlijioan agertzen diren jarrerak irudikapenak besterik ez direla uste zuen eta, beraz, gainditu egin behar ziren kontzeptu arrazionalen bitartez. Feuerbachek, bere aldetik, Jainkoa gizakiaren irudipen, asmakizuna litzatekeela zioen. Hori egiteko, gizakiak bere izaera proiektatzen du ilusio horretan, eta hori egitean bere izena galtzen du.
Marxen Erlijioaren Kritika
Marxek, aurreko hiruren eragina jaso zuen eta, gainera, bere garaiko estatu kristauaren eraginpean egon zen, non alienazioa gertatzen zen. Erlijioa, bere ustez, gizakiak pairatu behar duen egoera penagarriari aurre egiteko baliabidea litzateke. Baina erlijioak eskaintzen duena ez da mundu honetan disfrutatzeko, baizik eta zeruan omen dagoen zoriona, hau da, hil eta geroko mundu ideala eskaintzen du erlijioak. Hori lortzeko bidea etsipena da, egoera latzaren onarpena. Horren ondorioa injustiziaren justifikazioa da. Marxen hitzetan, erlijioak "zitalkeria guztien konpentsazioa zerura darama eta, horrela jokatuz, lur gaineko zitalkeria horien betikotasuna justifikatzen du".
Erlijioa, beraz, askapen bidea izan ordez, lilurakeria da, hau da, gezurrezko askapena, zeinak benetakoaren atzerapena eragiten duen. Ospetsua den esaldiak dionez: "erlijioa, herriarentzako opioa da". Erlijiozko sentimenduak bere izaeratik bereizten du gizakia, izan ere, grinak eta haragia arrotz eta etsai bihurtzen dizkio. Halaber, mundutik eta naturatik banatzen du, aipatutako bi horiek "iristeko bidean igaro beharrekoak" besterik ez baitira harentzat. Erlijioa, laburbilduz, kontzientzia ideologiko konplexu baten ageriko eredua edo egitura dela susmatzen du Marxek, eta gizakien gizarte errealitate kontraesankor eta izugarria ezkutatzen duela.