Nietzsche: Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa

Filosofia eta etika2,89 KB

Nihilismoa: Mendebaldeko Kulturaren Dekadentzia

Mendebaldeko kultura dekadentea eta ezkorra da, gezur metafisikoa behar duelako etengabeko bilakabidean dagoen errealitateari aurre egiteko. Dekadentzia bizitzaz kexatu eta bizitza injustua eta krudela dela esaten duten izpiritu ahulen ezkortasuna da. Gizaki dekadentea metafisikan oinarritzen da eta, horren ondorioz, nihilismoa sortzen da.

Nihilismoaren Ezaugarriak eta Ondorioak

  • Nihilismoa, dekadentziaren ondorio edota gailurra da: Bizitzari berezkoa zaion guztia baztertzearen ondorio da.
  • Bizitzari berea kendu zaionez, gizakien bizitzak zentzua galdu du.
  • Mendebaldeko kulturak bizi duen nihilismoaren kontzientziarik ez du; gizakiak hainbeste behar ditu gezurrak, bere kontzeptu eta balioen ezereztasuna ikusteko gai ez dela. Askea den izpiritua bakarrik konturatzen da kulturaren ezerezaz.
  • Ez dagoenez ezer aldaezina eta iraunkorra, mendebaldeko kultura ezerezan sostengatzen da, gizakiek asmatutako kontzeptuetan. Inposatu egin den perspektiba hau, amnesia kolektiboaren bitartez legitimatu da.

Jainkoaren Heriotza eta Nihilismo Positiboa

Nihilismoa, Jainkoaren heriotzaren ondorio bat da. Jainkoa hil egin da, eta berak adierazten zituen balioak hil egin dira berarekin. Beraz, gizakiak ezin du balio horietan babesa aurkitu. Jainkoak utzitako hutsunean ez dago ezer eta, horregatik, "azken gizakia" noraezean dabil.

Nihilismoaren ezaugarri positiboa: Jainkoak utzitako hutsunean, balio berriak eraiki ahal direla.

Balioen Transmutazioa: Moral Berri Baten Bidean

Transmutazioa: Gauza bat beste bat bihurtzea da. Balioen transmutazioaren bidez, Nietzschek orain arteko egia, gezurra bihurtzen du; ongia gaizkia bihurtzen du. Balioei buelta ematen die.

Supergizakia eta Balio Bitalak

Balioen transmutazioa Nietzschek proposatzen duen formula da, Mendebaldean indarrean dauden balio dekadente eta antibitalak gainditzeko. Balio horiek zeuden lekuan, supergizakiak balio berriak sortu behar ditu.

Suntsitzea, sortzaile izateko baldintza da. Nietzschek balio moralak suntsitzen ditu (gaizki gorena egin). Lehen inmoralista da; lehenengoa, beraz, balio berrientzako lekua egiten (ongi gorena egin) duena.

Kristau Moralaren Ukapena eta Historiaren Aldaketa

Inmoralista hitzak gizaki mota bat (gizaki "ona") eta moral mota bat (kristau morala) ukatzea esan nahi du. Kristau moralak inposatutako balioak bizitzaren kontrakoak dira, antinaturalak, bizitzaren funtsezko instintuen mespretxua dira. Balio horien kontra, supergizakiak bizitzaren aldeko balio berriak eraikiko ditu.

Kristau moralaren balioen ez-balioa deskubritzen duena (kristau moralari mozorroa kentzen diona) patu bat da, gertakari bat, historia bitan banatzen duena: bera baino lehen eta bera ondoren.

Deskargatu

PDF Word HTML