Nietzsche: Kristautasunaren Kritika, Jainkoaren Heriotza eta Supergizakia
1. Kristautasunaren Aurkako Kritika
Nietzscheren iritziz, erlijioa beldurretik sortzen da, bizitzaren aurrean gizakiak dituen larrimin eta ezintasun-sentimenduetatik. Erlijioak ez du inoiz egia esan, eta naturaz gaindiko izaki transzendentalei errealitatea ematean (Jainkoa, haraindia, etab.) metafisikak egindako errore berbera gauzatzen du.
Horrela agertzen da Nietzsche tradizio judu-kristauaren, budismoaren eta, oro har, edozein forma erlijiosoren aurka. Zehazki, Mendebaldeko gure historian, kristautasunak irauli zituen antzinatasun klasikoaren balio dionisiakoak, mundu ideal baten asmakuntzaren bidez eta mundu erreal bakarraren mespretxua dela medio. Hilezkortasunaren onarpenarekin, bizitza hau pasabide iragankor bihurtzen da.
1.1. Balio Dekadenteak
Nietzscheren aburuz, kristautasuna platonismo herrikoia da, ahulentzat eta esklaboentzat sortutako filosofia eta moral arrunta. Erlijioak balio dekadenteak soilik proposatzen ditu, artaldearen balioak edo esklaboenak:
- Umiltasuna
- Mendekotasuna
- Obedientzia
- Sakrifizioa
Balio horiek guztiak bizi-senaren aurkakoak dira. Besteak beste, bekatua, errua, damutasuna eta penitentzia izeneko kontzeptuekin egiten ditu erlijioak bizitzaren aurkako erasoak.
Oro har, erlijioak, batik bat kristautasuna eta budismoa, gaixoen eta ahulen erlijioak dira. Osotasunez mamitu beharreko bizierari kontrajartzen zaio bizitza ahula eta artaldearen morala. Horixe da erlijioak goraipatzen duen jardunbidea: indarra eta hobetzeko ausardiaren ordez, beldurrez jarduten duen morala.
2. Jainkoaren Heriotza eta Nihilismoa
Grinak, bulkadak eta senak, oro har, gorputzak gogoko duena da. Hori dela eta, garaiko gertaerarik garrantzitsuenak, Jainkoaren heriotzak hain zuzen, gizakiaren erabateko garapenaren ateak zabaltzen ditu, bere indar sortzaileak hedatzeko.
Kristau-Jainkoa, bere debeku eta aginduekin batera, alde batera geratzen da. Horrela, gizakion begiak ez dira haraindiko mundura zuzenduko; gezurrezko mundura jo beharrean, honako mundu honetara joko dute.
Nietzscheren iritziz, Jainkoa desagertutakoan, berari atxikitzen zaizkion balio kristauak ere desagertu egingo dira. Lehenago edo geroxeago, Jainkoaren balio absolutuaren eta lege moral objektiboaren hondamena ekarriko du horrek. Balio horiei dien arbuioa nihilismoaren ezaugarria da.