Neurketen doitasunik eza eta metodo zientifikoa
Neurketen doitasunik eza
Magnitude fisikoak neurtzean beti gertatzen da errore bat: ezusteko bat izan daiteke, neurgailua gaizki erabili delako, edo neurgailuak berak mugak dituelako.
Neurketaren errorea estimatzeko bi estrategia erabili daitezke: errore absolutua eta errore erlatiboa.
Errore esperimentalak
1 Errore absolutua
Errore absolutua: Neurketan lortutako emaitzaren eta neurriaren benetako balioaren (edo balio zehatzaren) arteko kenkadura da, balio absolutuan hartua. Neurtutako magnitudearen unitate berberetan adierazten da.
2 Errore erlatiboa
Errore erlatiboa: Errore absolutuaren eta neurriaren benetako balioaren (edo balio zehatzaren) arteko zatidura da. Ez du dimentsiorik, eta magnitudearen unitate bakoitzeko egin den errorea adierazten du.
Metodo zientifikoa
Zientzialariek beren lanbidean erabiltzen duten prozedurari metodo zientifiko deritzo. Metodo zientifikoa prozedura zurruna ez izanik ere, zenbait etapa edo fase ditu.
Behatzea
Behatzea naturan gertatzen diren eta sentsazioen bidez hauteman daitezkeen gertaerak eta fenomenoak arretaz aztertzea da.
Hipotesiak formulatzea
Behin behaketa eginda, zientzialariak bere buruari galdetzen dio nola eta zergatik gertatu den gertaera hori, eta horren azalpena eman lezakeen hipotesi bat formulatzen du.
Esperimentuak egitea
Esperimentuak egitea aztergai den gertaera edo fenomenoa hainbat aldiz errepikatzea eta behatzea da, kasu bakoitzean komeni diren baldintzak, faktoreak edo egoera aldatuta. Jasotako datuak taulen eta grafikoen bidez adierazten dira gero ondorioak atera ahal izateko.
Ondorioak ateratzea
Datu esperimentalen azterketak ahalbidetzen dio zientzialariari hasierako hipotesia zuzena zen ala ez egiaztatzea, eta behatutako gertaera edo fenomenoaren azalpen zientifikoa ematea. Ondorioak ateratzea behatutako gertaerak interpretatzea da, datu esperimentalak kontuan hartuta. Zati honetan esan behar da gure hipotesia betetzen den ala ez, eta horren arabera ondorioak atera behar dira.
Emaitzak jakinaraztea
Emaitzak txosten zientifiko baten bidez aurkezten dira. Txostenak lan zientifikoaren etapa guztiak bildu behar ditu: behaketak, hipotesiak, datu esperimentalak antolatuta eta emaitzen interpretazioa; azken hori lege zientifiko baten bidez eman daiteke, hala badagokio.