Nekazaritza eta Abeltzaintza Espainian: Politika, Mota eta Ezaugarriak
Nekazaritza Politika Bateratua (NPB)
Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) Espainian Europako Erkidegoko merkatu bakarrean sartu zenetik aplikatzen den neurri multzoa da, estatu kideetako nekazaritza bultzatzeko eta erregulatzeko. Horren eraginez, prezioak igo ziren, Estatu Batuetan eta Latinoamerikan egiten ziren erosketak gutxitu zituen eta laguntza ugari jaso ziren. Gainera, ekoizpen-kuotak edota lurrak estentsibo egitea ezarri zitzaizkien soberakinei (zerealak, ardoa, esnea, behi-haragia). Hori dela eta, ohiko produkzioak mugatu dira Espainian.
Erabilitako Nekazaritza Azalera
EUSTAT-en arabera, erabilitako nekazaritza azalera landutako lurren eta bazkaleku iraunkorretako lurren multzoa da. Landutako lurren artean, honako hauek ditugu:
- Belarki-laboreetako lurrak
- Lugorriak
- Familia baratzeak
- Zurezko laboreetako lurrak
Nekazaritza Intentsiboa
Nekazaritza intentsiboa Espainian 1960tik aurrera garatutako sistema produktibista da. Lurra etengabe erabiltzen duen lantze sistema da, bai klima egokia delako edo lurra ureztatzen delako. Gainera, lan esku ugari erabiltzen du eta mekanizazio gutxi. Uzta bat baino gehiago jasotzen da urtean (polilaborantza) lursail txikietan. Lurraren produktibitatea altua da, lanarena, aldiz, ez.
Nekazaritza Estentsiboa
Nekazaritza estentsiboa tradizionala da Espainian, 1960 arte nagusi izan zen. Azalera handiak okupatzen dituen lantze sistema da, normalean produktu bati eskaintzen zaio (monolaborantza), eta lan esku gutxi erabiltzen du. Hektarea bakoitzeko etekin baxua eskuratzen da, baina lan-unitate bakoitzeko emaitza oparoa da.
Abeltzaintza Intentsiboa
Abeltzaintza intentsiboan, animaliak ukuiluetan edo haztegietan egoten dira argi, tenperatura eta hezetasun baldintza berezien menpe (artifizialki sortuak), ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta produkzio handiena lortu ahal izateko. Hori dela eta, inbertsio handiak eskatzen ditu, besteak beste, instalazioetan, teknologian, eskulanean eta elikagai aberastuetan. Produktibitate handiko jarduera da, baina kutsadura sortzen du.
Abeltzaintza Estentsiboa
Abeltzaintza estentsiboan, lurraldearen erabilera ziklo naturaletara egokitzen da. Horrela, larre naturalak edota lugorrian dauden sailetako sastrakak aprobetxatzen dituzte tokian tokiko animaliek. Trilogia mediterraneoarekin lotuta egon dira bai ardi-azienda, bai ahuntz-azienda. Espainia hezean, aldiz, haragitarako behia nagusitu da. Ustiapen mota tradizionala izan da eta gaur egun garapen jasangarriarekin bat egiten du.